Egun argitan latzagoa

Eguna argitzearekin batera ohartu dira japoniarrak lurrikarak eragindako hondamendiaren benetako neurriaz; hildakoen kopuruak gora egin du, eta oraindik ere milaka lagun daude desagertuta itsasertzeko hirietan.

Kristina Berasain Tristan.
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Minamisanriku kostako hiriko biztanleen erdiak non diren jakin gabe oheratu ziren atzo Japonian; NHK telebista kateak zabaldutako irudietan ikusten da eraikin bakar bat ere ez dagoela zutik; edo puskatan erori dira etxeak edo urez inguratuta daude. Ipar-ekialdeko itsasertzeko hiri horretan 17.000 lagun bizi ziren, eta momentuz aterpe batean babestu zirenen berri baino ez dute. Rikuzentakatan, berriz, 300 eta 400 hilotz artean aurkitu zituzten eguna argitzearekin batera. Iwanuma eta Natorin 200 lagunen gorpuak eraman zituzten polikiroldegira. Sendai hirian oraindik ez dago argi zenbat lagun eraman dituen aurretik tsunamiak.

Tohoru eskualdean daude hiri guzti horiek. Iwate, Miyagi eta Fukhusima dira seismoak gehien kaltetutako prefekturak. Aurrenekoan hainbat herri mapatik ezabatuta dituzte hamar metroko olatuek. Rikuzen Taka 25.000 biztanleko hiriaren arrastorik ez dute. Futabako funtzionario batek dioenez kostako hiru herri eraman ditu itsasikarak; «Etxeen %10 baino ez daude zutik, udaleko laugarren solairutik begiratzen badut ez dut beste eraikinik zutik ikusten». Lurrikarak 3.400 eraikin suntsitu ditu.

Kisenuman muinoetara igo dira herritarrak hondamendiari erreparatzeko; etxeak, ontziak, zuhaitzak, autoak, errepide zatiak, hondakinak, eta tarteka sutan dauden guneak —200 sute piztu dira—. Irudia ikaragarria da.Tohoku iparraldeko eskualdeko lagun asko galdutako lagun eta senideen bila ari dira orain. Eiji eta Matsuko Kanno senar-emazteek 18 urteko alabaren autoa aurkitu zuten atzo Yamamoton. Zuhaitz baten azpian eta inguruan lokatza duela dago autoa; negar batean ari dira albiste agentziek igorritako irudietan.

Japoniak inoiz ezagutu duen lurrikara handienaren biharamunean balantzea egiteko ordua da. Datu ofizialen arabera, 703 lagun hil eta beste 784 desagertu dira, baina orduek aurrera egin ahala kopurua handituko dela ohartarazi dute agintariek; hildakoak 1.700 izatera iritsi daitezkeela zehaztuta. Tokian tokiko agintariek desagertutzat eman dituzten lagun asko ez dituzte desagertuen zerrenda ofizialetan aipatu, eta, hartara, balantzea ankerragoa izango dela pentsa daiteke. Ostiraletik larunbaterako gauera, gainera, milaka izan ziren euren etxeeratara itzuli ezin izan zuten lagunak —horietako batzuk desagertutzat jo zituzten lehen orduetan—. Tohoruko bost prefekturatan 300.000 lagun ebakuatu dituzte orotara.

Tokio hutsik

Tokioko kaleak, bien bitartean, erabat hutsik izan ziren larunbatean, dendetara janaria erostera hurbildutako lagunengatik ez balitz.Hiriburuko metroa martxan da honez gero, baina bala trena edo shinkansen-a oraindik ez dabil, eta hamahiru aireportutan bertan behera utzi dituzte hegaldiak. Iparralderako errepide guztiak moztuta daude. Sakeleko telefonoen sarea, berriz, konpondu dute, baina orain argindar sarea da kezka nagusia, izan ere, milioika lagunek ez dute hornikuntzarik, eta dutenei kontsumoa murrizteko eskatu diete. Itzaldiak etengabeak dira. Hidero Niioka abokatuak dio sekulan ez duela ikusi halakorik. Tokion bizi da, eta emaztea eta bi alabekin batera aritu da telebistai begira: «Ezin izan dugu lo askorik egin, hiru orduz edo, ateak eta leihoak kolpeka aritu dira orduerdiro, eta alaben gelara gerturatu gara uneoro korrika atera behar ote genuen».

Bilaketa, erreskate eta berreraikuntza lanei ekin diete orain, eta horretarako bitarteko guztiak agindu dituzte agintariek. Kyodo agentziaren arabera, 50.000 lagun ari dira lanean. Naoto Kan lehen ministroak helikopteroz behatu du lurrikarak astindutako eremua eta «kalteak ikaragarriak» direla esan du. 190 hegazkin eta 25 ontzi jarri ditu bilaketa lanetan. Aurretik ez duela horrelako ezer ezagutu esan du hunkituta. Hondamendiak eragindako zirrara luzaroan mantenduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.