Ehun milioitik gora desplazatu daude munduan aurrenekoz

Egoera «asaldagarria» dela iritzita, berehalako «ekiteko deia» egin du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak.

Afganistango emakume bat joan den urtarrilaren 18am Kabulen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 23a
13:19
Entzun

Dela gatazka armatuengatik, dela indarkeriagatik, dela giza eskubideen aurkako erasoengatik, dela edonolako jazarpenarengatik, munduan ehun milioitik gora desplazatu daude aurrenekoz. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eman du datua, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziaren buru Filippo Grandik nabarmendu du «asaldagarria» dela kopuru hori; horregatik, «ekiteko deia» egin du.

UNHCRek plazaratutako azken txostenaren arabera, 2021aren amaieran 90 milioi inguru ziren desplazatuak, Etiopia, Burkina Faso, Myanmar, Nigeria, Afganistan eta, besteak beste, Kongoko Errepublika Demokratikoko egoerek bultzatuta etxetik behartuta ihes egin behar izan zutenak. Horiei gehitu behar zaizkie Ukrainako gerrak eragindako desplazatuak. Duela hiru hilabete hasi zen, eta, orduz geroztik, zortzi milioi barne desplazatu eragin ditu, eta sei bat milioi pertsonak herrialdea utzi dute.

Grandik azpimarratu du, hain zuzen, nazioarteak erantzun «oso positiboa» eman diela Ukrainatik ihes egin behar izan dutenei. Iruditzen zaio «antzeko mobilizazio bat» egin beharko litzatekeela munduko krisi guztientzat, baina ohartarazpen bat egin du. «Laguntza humanitarioa aringarri bat da, ez sendabide bat». Hori dela eta, eskatu du «gatazka suntsitzaileak eragozteko», jazarpena bukatzeko, eta «pertsona errugabeak etxetik ihes egitera behartzen dituzten atzeko arrazoiei» heltzeko. «Erantzun bakarra bakea eta egonkortasuna da».

NBEren agentziak zehaztu du ehun milioi pasa horien barruan daudela errefuxiatuak eta asilo eskatzaileak, baita 59,1 milioi barne desplazatuak ere. Datu horren berri eman zuten joan den astean bi GKEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.