Barne desplazatuen kopurua inoizko handiena izan zen 2021ean

Bi GKEren arabera, barne desplazatuak 59,1 milioi izan ziren iaz; horietatik 53,2 gatazkek eraginda

Andre bat bere bi haurrekin, Kongoko Errepublika Demokratikoan. P.MORAGA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Inoiz baino barne desplazatu gehiago izan ziren iaz: 59,1 milioi. Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseilua (NRC) eta Barne Desplazamenduen Behatokia (IDMC) GKE gobernuz kanpoko erakundeek kaleratutako azken txostenaren arabera, mugimendu horietako gehienak gatazkek eragin zituzten, baita klima larrialdiaren ondorio diren hondamendiek ere. Ohartarazpen bat ere egin dute: Ukrainako gerra dela eta, kopuru hori txiki gera daiteke aurten. Izan ere, zortzi milioi barne desplazatu eragin ditu oraingoz.

Barne desplazatuak duela hamar urte erregistratutakoak halako bi dira, txostenean nabarmendu dutenez. «Mugimenduak ugaritzen ari dira, eta areagotzen ari dira tamaina, konplexutasun, larritasun eta iraupenari dagokienez», azaldu zuen IDMCko zuzendari Alexandra Bilakek atzo, ikerketaren aurkezpenean. «Estatistikak dauzkagunetik, iazkoa da urterik okerrena», erantsi zuen NRCko buru Jan Egelandek.

Zehaztu zuten 59,1 milioi horietatik 53,5ek gatazkek eragindako indarkeriarengatik utzi behar izan zutela bere etxea—2020an baino %10 gehiagok—, eta hondamendi naturalek 5,9 milioi barne desplazatu eragin zituztela; iaz baino %15 gutxiago.

Herrialdeei dagokienez, gatazkek 6,7 milioi barne desplazatu eragin zituzten Sirian, 5,3 Kongoko Errepublika Demokratikoan, 5,2 Kolonbian, eta 4,4 Afganistanen. Txostenak dioenez, molde horretako barne desplazamenduen %80 Afrikan gertatzen dira; hondamendi naturalek eragindakoen %57, berriz, Asia-Pazifikoan; hain zuzen, 1,4 milioi Afganistanen —azken hilabeteetako lehorteek gogor jo dute herrialdea—, 943.000 Txinan, eta 700.000 Filipinetan.

«Gauzak okertzen ari dira ez soilik Ukrainan, baita Afrikako Adarrean, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Latinoamerikan ere», gogoratu zuen NRCkoak. Era berean, txostenean azpimarratu dute toki batzuetan bai gatazkengatik, bai klima larrialdiak eragindako hondamendiengatik gertatzen direla barne desplazamenduak; esaterako, Hego Sudanen, Afganistanen, Somalian, Mozambiken eta Myanmarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.