Iluntzen ari zen eta gaueko txandako langileak sartu berriak ziren lantokira. Galdara bat lehertu eta hiru solairuko eraikinak su hartu zuen. Orotara 500 langile zeuden barruan. Gehienak emakumeak. Sutearen eraginez, gutxienez, 51 pertsona hil eta beste 150 zauritu ziren. Chittagong hegoaldeko hiriko ehungintza lantegi batean izan zen istripua, ostegun gauean. KTS izena zuen enpresak.
Sua piztu zen unean lantokiko ate nagusiak itxita zeuden eta, ondorioz, langileek ezin izan zuten alde egin. Lekukoen arabera, askok hirugarren solairutik salto egin zuten. Langile batzuk banbu sokak hartu eta horrela jaitsi ahal izan ziren kalera. Suhiltzaileek hamalau ordu behar izan zuten sua itzaltzeko. Orotara hogeita lau kamioi behar izan zituzten. Sutea zerk eragin zuen ikertzen ari dira orain. Antza denez, zirkuitulabur batek eragin zuen sua.Bangladeshen oso inportantea da ehungintzaren sektorea. Esportazioen %80 da, eta urtean 4.200 milioi euro eskuratzen dira bertatik. Langileen lan baldintzak, baina, oso txarrak dira. Langile gehienak emakumeak dira, eta oso soldata txikien truke lan egiten dute. Lanaldi luzeak izaten dituzte. Orotara ehungintzan aritzen diren lau mila lantoki daude herrialdean. Segurtasun neurriak ere minimoak dira eta, ondorioz, oso maiz izaten dira istripuak. Bangladeshen 144 milioi pertsona bizi dira, eta horien heren bat pobreak dira.
Ehungintza lantegi batean sutea izan eta gutxienez 51 lagun hil dira
Emakumeak dira hildako gehienak, eta gaueko txandan ari ziren lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu