Ehunka desagertu Yangzi ibaian

Turistaz beteriko itsasontzi bat irauli da Txinan, eta 436 lagun desagerturik daude.Baliteke ontzi barruan harrapatuta egotea asko

Erreskate zerbitzuetako kideak, atzo, iraulitako itsasontziaren gainean. EFE.
Adrian Garcia.
2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ekialdeko izarra ontziarena Yangzi ibaian aspaldi jazotako ezbeharrik handiena izateko bidean da.Irauli egin da, eta hankaz gora dago. Bidaiari gehienak desagerturik daude: 436, Txinako Garraio Ministerioak atzo esan zuenez. Denbora igaro ahala, tragediaren tamaina handitu egin daiteke. Atzo, ezbeharra jazo eta 24 ordutara, hamabost lagun atera zituzten onik. Bost gorpu topatu zituzten, horietako batzuk 50 kilometrora.Halere, larrialdi zerbitzuek hotsak entzun dituzte ontzian, eta bidaiari gehiago onik ateratzeko itxaropena piztu dute. Kapitaina eta motorren arduraduna ere onik daude, baina Poliziak atxilotu egin ditu. Haien arabera, zikloi batek harrapatu zuen ontzia. Ez zuten larrialdi deirik egin.

Ontziak 456 lagun zeramatzan: 405 bidaiari, tripulazioko 46 kide eta bost gidari. Bidaiari gehienak erretiroa hartutako turistak dira. Txinako hedabideek plazaratutako bidaiarien zerrendaren arabera, atzerritarrik ez zen itsasontzian.

Onik atera direnek azaldu dutenez, ontzia alde batera eta bestera bortizki balantzaka ibili ondoren, azkar batean irauli zen. Hiru lagun ontzi barrutik atera dituzte larrialdi zerbitzuek, kroskoan zuloa eginda. Beste lagun batek orduak eman ditu uretan, salbamendu jantziari lotuta, harik eta erreskatatu duten arte. Baina bidaiari gehienak lotan zeuden ezbeharraren unean, eta barruan harrapatuta geratu direla uste da.

Erreskate lanetan 150 itsasontzik eta 4.000 lagunek parte hartu dute. Haatik, eguraldi txarrak eta ontzia guztiz hondoratzeko arriskuak lanak oztopatu ditu.

Bestalde, bidaiarien senitarteko batzuk protesta egin dute Shangain, gobernuak ez dielako informaziorik eman, eta hedabideen bitartez jaso behar izan dutelako bidaiarien zerrenda.

Txinako hedabideen arabera,ontzia ondo zegoen,eta, antza denez, arau guztiak betetzen zituen. Hogei urte zeramatzan zerbitzuan, eta konpainiaren luxuzko ontzietako bat zen. Yagnzi ibaian bidaia turistikoak egin ohi zituen. Nanjing hiritik Chongquingerako 1.500 kilometroak bete behar zituen hamahiru egunean. Seigarrena zuen istripua jazotakoan.

Asiako ibairik luzeena da Yangzi, eta itsasontzien joan-etorria handia da. Azken istripua urtarrilean izan zen: 22 lagun hil ziren atoiontzi bat hondoratzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.