Hego Sudanen, tribuen arteko liskarrak eta borrokak gaiztotu egin dira azken astean, pobreziak eraginda. Lou Nuer tribuko armatutako 6.000 gaztek Murle tribuko biztanleei eraso diete Pibor hirian. Erasoetan gutxienez 150 lagun hil dituzte, eta milaka hiritik ihes egin eta basoan ezkutatu dira, NBE Nazio Batuen Erakundearen laguntza iritsi zain. Hildako eta iheslari gehienak emakumeak eta haurrak dira. Orain arte, bi tribuen arteko liskarrek abereak lapurtzeko helburua izan dute beti, baina Save The Children eta South Sudan's Peace and Reconciliation Commission erakundeen arabera, azken erasoaren helburua mendekua izan da, eta ez lapurreta soilik.
South Sudan's Peace and Reconciliation Commissioneko kide John Bolchek agintarien jarrera kritikatu du: «Sarraskia egin dute Pibor inguruan. Emakume eta haur asko Kengen ibaian hil dira, itota, erasoetatik ihes egiten ari zirenean. Agintariek tribuen arteko borrokak bultzatzen dituzten artean, ez da bakerik izango Jongleiko estatuan». Horrekin batera, gutxienez 25.000 emakumek eta haurrek Piborretik ihes egin dutela salatu du Save The Children taldeko ekintzaile Melinda Youngek: «Egoera tribuen arteko ohiko borroketatik harago doa. Erasoak izugarrizko indarkeriarekin egin dira. Tribuko buruek arma kantitate handiak jarri dituzte gazteenen eskuetan». Youngen esanetan, erasoetan umeak bahitzen dituzte, ondoren borrokan parte har dezaten.
Hego Sudango biztanleak pobrezia larrian bizi dira, eta abereak dira haien ondasun iturri nagusia. Gainera, azienda kopuruak haien estatusa neurtzen du, eta, horregatik, ohikoak dira lapurretak tribuen artean. Horrez gain, Hego Sudanek iazko uztailaren 9an independentzia lortu zuen arren, Sudanen aurkako gerra luzeak arma kopuru handia utzi du herrialdean, eta gobernuak ezin du haien erabilera kontrolpean eduki, egoera are ezegonkorragoa bilakatuz.
NBEk 3.000 soldadu eta 800 polizia bidali ditu Pibor ingurura erasoei amaiera emateko helburuarekin, eta Hego Sudango armadak beste 2.000 soldadu bidaliko ditu. Lou Nuer tribuko buruen ustetan, gobernuak Murle etniakoen alde egin du, eta haien liskarretan ez sartzeko eskatu dio. Horrekin batera, Lou Nuerko kideek erasoak justifikatu dituzte «beren buruak defendatu dituztela» esanez, eta adierazi dute haien helburua dela abuztuan Murle tribukoek bahitutako 180 emakume eta haur aurkitzea.
Hilketa Sudango oposizioan
Sudanen, Jem Justizia eta Berdintasuna Mugimenduko oposizioko buru Khalil Ibrahim hil zuten Gabon gauean, Darfur hirian. Hilketak arriskuan jarri ditu gobernuaren eta oposizioaren arteko bake akordioak. Sudango presidente Omar al-Baxirren esanetan, Ibrahimen heriotza «justizia jainkotiarra» izan da.
Jemeko taldekide Ahmed Hussein Adamen arabera, Ibrahimen heriotzak ez ditu bertan behera utziko oposizioaren helburuak, eta salatu du Al-Baxirrek egon beharko lukeela justiziaren aurrean, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Darfurko genozidioarengatik epaitu nahi duelako.
Ehunka lagun hil dituzte Hego Sudanen, tribuen arteko borroketan
Lou Nuer tribukoek Murle etniakoei eraso egin diete Piborren, eta milaka lagunek ihes egin dute hiritik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu