Ehunka preso palestinarrek gose greba hasi dute, oinarrizko eskubide eske

1.600 bat presok ekin diote baraualdiari, eta sostengu politiko handia dute: Al-Fatahena, Hamasena, besteak beste. Israelgo Gobernuak segurtasuna indartu du, eta gogoz aurka elikatzeko prestatu da

Presoen senideak, protestan, atzo, Hebronen. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
Adrian Garcia.
2017ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aspaldian ez zen ikusi horrelako batasunik Palestinako erresistentzia osatzen duten fakzioetan. Ehunka presok gose greba hasi dute; Maan albiste agentziak 1.600 baino gehiago direla zabaldu du, baina litekeena da ekinaldia zabaltzea, eta preso gehiagok bat egitea. Palestinako Presoen Eguna baliatuta, azken urteetako protestarik zabalena egin dute. Marwan Barghuti Al-Fatah mugimenduko buruzagiak gidatu du protesta, baina Hamasek, Jihad Islamikoak eta Palestina Askatzeko Fronte Popularrak ere babestu dute. Presoen oinarrizko eskubideak errespetatzen diren arte eutsiko diote grebari. Israelen menpeko kartzeletan luzea da giza eskubideen urraketen zerrenda: atxiloketa administratiboak—epaiketarik gabekoak—, tortura, tratu txarrak, epaiketa bidegabeak, adingabeen kartzelatzeak, arduragabekeriak mediku arretan, bakartzeak, bisitak jasotzeko debekuak...

Presoen eskubideen aldeko manifestazioak izan dira Zisjordania okupatuan, eta liskarrak piztu dira gazteen eta Israelgo segurtasun indarren artean, Betleemen. Presoen aldeko erakundeen arabera, 7.000 palestinar daude atxikirik egun Israelgo kartzeletan.

Uste da 2.000 grebalari ere izan daitezkeela. Israelek ez baditu eskakizunak betetzen, litekeena da tentsioak gora egitea lurralde okupatuetan. Urte esanguratsua baita, hain justu, 2017a; Balfourreko Adierazpenaren mendeurrena eta 1967ko gerraren 50. urtemuga da. Gerra horretan okupatu zuen Israelek Zisjordania eta Jerusalem Ekialdea, besteak beste.

Senideen bisitak jaso ahal izatea da presoen eskari nagusia. Berez, Israelgo legeek jasotzen dute preso orok duela bi astetik behin bisita bat jasotzeko eskubidea. Baina errealitatea bestelakoa da: palestinarrek baimenak behar dituzte Israelen sartzeko, eta gehienetan ukatu egiten dizkiete. Amnesty Internationalek argitaratutako txosten baten arabera, familia batzuek urteak daramatzate espetxeratutako gertukoa ikusi gabe.

Palestinako erakunde guztiek babestu dute protesta. «Israelen okupaziotik, orain dela 50 urtetik, 800.000 palestinar bahitu eta espetxeratu ditu Israelek. Azken bi urteetan bakarrik, hamahiru lege arrazista aurrera atera ditu Israelgo Gobernuak, bereziki preso palestinarren aurka egiteko», esan du Palestina Askatzeko Erakundeko zuzendaritzako kide Hanan Axrawik.

Hamas mugimendu islamistako presoak ere batu dira grebara. Erakundeak Tel Avivi ohartarazi dio presoen aurka jotzeak ondorioak izango dituela: «Presoen bidezko eskakizunak betetzeko edozein atzerapenak egoera leherraraziko du kartzela guztietan». Haatik, salatu dute gose greba hasi duten presoak bakartzen hasi direla.

Elikatzera behartzeko

Gilad Erdan Israelgo Segurtasun ministroa espetxeko arduradunekin, armadarekin eta zerbitzu sekretuarekin bildu da neurriak hartzeko. Ministroak kaleratutako oharrean Barghutiri leporatu dio «arrazoirik gabeko eskariak» egitea «barne politikan» eragiteko. Ospitale militarrak prestatu dituzte grebalariak indarrez elikatzeko. Aurreko gose grebetan, mediku zibilek uko egin izan diote gogoz kontra elikatzeari, nahiz eta Auzitegi Gorenak horretara behartu.

Al-Fataheko buruzagia da Barghuti, eta Mahmood Abbasen ondorengotzat jotzen dute. Bizi osoko espetxe zigorra ari da betetzen. Epaiketan uko egin zion bere burua defendatzeari, argudiatuz Israelgo auzitegiek ez dutela palestinarrak epaitzeko zilegitasunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.