EKIALDE HURBILA. Altxortegia hutsik dagoela onartu du Hamasek

Erredakzioa
2006ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Estatuko diru kutxak hutsik daudela aitortu zuen atzo Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Ismail Haniak. Hamaseko gobernuak lehen bilera egin zuen, eta krisi ekonomikoa izan zen bileraren ardatza. PANeko 140.000 funtzionarioen soldatak ordaintzeko ahalegin guztiak egingo dituela agindu zuen Haniak. Besteak beste, haien soldata ordaintzeko modua izan arte bereari uko egingo diola iragarri du. Krisiaren eragile nagusia Israelek PANi zergetatik jasotzen duen dirua ez itzultzea da. Hamasek bozak irabazi eta biharamunean urtarrilaren 26anjarri zuen zigor neurria martxan Tel Avivek.

Bestalde, nazioartetik jasotzen dituen diru laguntzak galtzeko arriskuan dago PAN. Ameriketako Estatu Batuek, Europako Batasunak, Errusiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi dute Hamasek baldintza batzuk betetzen ez baditu iturria itxi egingo diotela. Israel onartzea, indarkeriari uko egitea, eta orain arte PANek Israelekin sinatutako bake akordioak aintzat hartzea dira baldintza horiek.

NBEri gutuna

Zenbait iturrik jakinarazi dutenez, Hamasek gutun bat bidali dio NBEri. Gutunean, Israelen ondoan estatu palestinar bat sortzea onartzen du gatazkaren konponbide gisa. Alabaina, PANeko Atzerri ministro Mahmud al Zaharrek atzo esan zuenez, gutunak ez du Hamasen jarrera islatzen.

Bileraren beste aztergaietako bat Israelgo Armada azkenaldian Gazan egiten ari den bonbardaketak izan ziren. Haniak erasoak gaitzetsi zituen. Tel Avivek, ordea, erresistentziaren aurka egiten jarraitzen du. Nabulusen (Zisjordania) Israelgo Armadak ustezko ekintzaile talde bat ezkutatzen zen etxe bat inguratu zuen atzo. Ekintzaile batek tiro egin eta soldadu bat zauritu zuen, arin. Armadak lau lagun atxilotu zituen.Bestetik, Israelgo lehen ministro izandako Ariel Sharoni beste ebakuntza bat egin zioten atzo. Urtarrilean kendu zioten garun zatia jarri zioten berriro. Ebakuntza ongi atera zen, ospitaleko iturrien arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.