Ekialde Hurbilaren bidegurutzea

Hamas alderdi palestinarra Siriako erregimenetik urrundu da, eta Al-Assad bakartuago geratu da. Borroka bi daude jokoan Damaskon: suniten eta xiiten artekoa eta AEBen eta Israelen kontrakoa.

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Eten barik biztanleak izan dituen munduko hiririk zaharrenetakoa da Damasko. Kokapen geografikoak Afrika, Asia eta Europaren arteko zubi bilakatu izan du historian. Ez da alferrik esaten Damaskon gurutzatzen direla Ekialde Hurbileko bideak. Baxar al-Assaden kontrako matxinadak bidegurutze bilakatu du berriz ere Siriako hiriburua. Eskualdeko zein munduko orekan eragina duten bi gerra ezkutu gurutzatzen dira oraingoan bertan: musulman xiiten eta suniten artekoa, batetik, eta AEBek eta Mendebaldeko eta herrialde arabiarretako haren aliatuek Iran eta lagunen kontra hasitakoa, bestetik.

Hamasek joan den ostiralean irudikatutako jarrera aldaketak agerian laga du Ekialde Hurbileko orekak kolokan daudela. Siriako erregimenari urteetan emandako babesa kendu eta matxinoen alde agertu da Hamas. «Udaberri arabiarreko nazio guztiak babesten ditugu», esan du Ismail Haniyeh Gazako gobernuburuak.

Herrialde arabiarren artean sunitak dira gehienak. Xiitek, batez ere, Libanon eta Iraken dute boterea, eta Iran, arabiarra ez den errepublika, xiita da. Sirian gehienak sunitak izan arren, alauitek dute boterea, xiiten adar batek. Horrela, bi adar musulmanen arteko norgehiagokan pisu handia du Iran-Siria-Libano ardatzak. Sunita izan arren, Hamas ere ardatz horren parte izan da hamarkadatan, arerio bera zituztelako: Israel eta AEBak.

Damaskok eta Teheranek diruz babestu izan dituzte Hezbollah eta Hamas Israelen kontrako borrokan aritzeko. Areago, erbesteratutako Hamaseko buru Khaled Mexalek Damasko izan du oraintsu arte babesleku. Baina palestinarrek ere herrialde arabiarretako matxinaden olatua hartu nahi dute, eta Hamasek ezin izan dio gehiago eutsi zibilei erasotzen ari zaien agintariarenondoan, Al-Assaden ondoan. Iazko urte amaieran Mexalek zarata handirik egin barik alde egin zuen Damaskotik, baina Hamasek orain publikoki aldarrikatu behar izan du Siriarekiko haustura, bere jarraitzaileak lasaitzeko. Udaberri arabiarraren bits-aparretan nagusitu diren Anaia Musulman suniten ondoan lerratu da Hamas, horrek Teheranekin duen harreman ona kolokan jar badezake ere.

Hamasen babesa galtzeak sunitekin duen lotura bakarra haustea dakarkio Damaskori, nazioarteko bakartzeari eskualdeko bakartzea gehitzea.

Oreka berriak

Gaur egun Iran eta Libano dira Siriari eskualdean geratzen zaizkion aliatu bakarrak. Nazioartean, berriz, Txina eta, batez ere, Errusia —Moskuk base militar bat du Siriako kostaldean, Mediterraneoan—. Al-Assaden erregimena eroriz gero, Errusiak posizioa galduko luke Ekialde Hurbilean; Iranek, berriz, herrialde arabiarren artean.

Siria sunita batek, gainera, Israelen kontrako borroka estrategiaren aldaketa ekarriko luke, eta Iranek eskualdean duen eragina ere gutxituko luke, azkenaldian bere burua demokrazia islamikoaren eredutzat saltzen ari den Turkiaren mesedetan.

Damaskon gurutzatzen diren bideek eta ardatzek baldintzatuko dituzte oreka berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.