EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. Knessetek erretiratze plana gaur onartzea espero du Sharonek

Likuden sostengu nahikoa ez eta oposizioko diputatu laboristen bozekin plana aurrera ateratzea espero da

ERREDAKZIOA
2004ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Israelgo Legebiltzarrak Knesset erretiratze plana gaur iluntzean egingo den bozketan onartzea espero du Ariel Sharon lehen ministroak. «Erabakigarria da bozketa; ekintzaile, politikari, diputatu eta lehen ministro gisa nire bizi osoan ezagutu dudan erabaki zailena», adierazi zuen atzo agintariak. Knesseten erretiratze planaren eztabaida abiatu aurretik egin zituen adierazpenak lehen ministroak: «Israel sendotuko duen erabakia da eta bukaeraraino iristeko prest nago; bakea lortzeko nire esku dagoen guztia egingo dut». Sharonen hitzetan planak ez ditu negoziazioak «blokeatu edo ordezkatuko». Legebiltzarra osatzen duten 120 diputatuek bost minutuko agerraldia egiteari ekin zioten ondoren. Bozketa gaur iluntzean da egitekoa.

Gazan dauden hogeita bat kokagune eta Zisjordaniako beste lau bertan behera uzteko planak, dena den, kontrako ahots asko jaso ditu azkenaldian ororata 120 kokagune daude Zisjordanian. Likud alderdiko berrogei diputatuetatik hemetzortzik kontra bozkatuko zutela iragarri zuten. Hainbat informazio iturriren arabera, dena den, planak aldeko 65 eta 68 boz artean jasoko lituzke eta, hartara, aurrera egingo luke gaur. Oposizioko Alderdi Laboristaren hogeita bi diputaturen sostengua jasotzea espero du, ildo horretan, agintariak. Planak aurrera egitekotan litekeena da lehen ministroak aldaketak egitea gobernuan. Sostengua jasoko ez balu, berriz, bozak deituko lituzke. Alderdi Laboristako presidente Simon Peresek plana bertan behera gelditzen bada «hondamendia» izango dela esan zuen: «Gaur gertatuko dena erabakigarria izango da, planak porrot egiten badu hondamendi bat izango da». Peresen arabera, «gobernu koalizioa zabaldu edo bozak aurreratu beste aukerarik ez du izango» lehen ministroak. Kokaguneak sostengatzea ekonomikoki bideraezina dela iritzi zion: «Kolono bakoitzeko bi soldadu daudelako».Koalizioa osatzen duen Alderdi Erlijioso Nazionalak sei diputatu kontra bozkatuko duela adierazi zuen eta gaur bertan koalizioa utziko duela iragarri zuen. Shaas alderdi ultraortodoxoko hamaika diputatuek ere ez diote babesik emango planari. Gobernu koalizioko Shinui alderdiaren hamabost diputatuen bozak, beraz, erabakigarriak izango dira.Israelgo Gobernuak iragan ekainean onartu zuen erretiratze plana lehen ministroak eskuin muturreko bi ministro kanporatu ondoren.

Kolonoen oposizioa

Israelgo Ministroen Kontseiluak bertan behera utziko diren kokaguneetan bizi diren kolonoei kalte-ordainak ordaintzeko legea onartu zuen herenegun orotara zortzi mila kolono bizi dira kokaguneotan. Bozketak aldeko hamahiru boto eta kontrako sei jaso zituen, tartean Likud alderdiko bost ministroren botoa. Familia kolonoek 200.000 eta 300.000 dolar artean jasoko dituzte ordainetan.

Israelek 1967. urtean okupatu zituen kokaguneetatik joateari uko egitekotan, berriz, hiru urteko kartzela zigorra ezartzen ahal zaie kolonoei. «Planaren kontra daudenek ere ez dute nahiko kolonoen bizimodua zaila izatea», esan zuen Sharonek. Knessetek onartu beharko du orain legea.Kolonoen artean, ordea, ugari dira erretiratze planaren aurka daudenak. Ildo horretan, atzo dozenaka judu bildu ziren Knesset egoitzaren aurrean protestan gaur ere elkarretaratzea egingo dutela iragarri zuten. Shin Bet zerbitzu sekretuek segurtasun neurriak areagotu dituzte egunotan Jerusalemen.Knessetak datorren urteko aurrekontuak bozkatu behar ditu hurrengo astean eta proposamenak aurrera egin ezean krisi politikoa eragin daiteke. Kasu horretan erretiratze plana kolokan geldituko litzateke.Israelgo Gobernuko barne txosten baten arabera erretiratzeak ez du zertan boterea galtzea suposatuko. Justizia ministroak egindako txostena estatu juridiko berriaz ari da eta subiranotasuna ez dela eskuz aldatuko zehazten da bertan. Hartara, potentzia izaten jarraituko du Israelek.

Dozenaka tanke Khan Junisen

Israelgo Armadak, bien bitartean, hamasei palestinar hil zituen atzo Gaza hegoaldean dagoen Khan Junis errefuxiatu gunean, tartean zortzi urteko ume bat eta hainbat nerabe. Operazioa igande gauean abiatu zen. Armadak dozenaka tanke eta hondeamakina sartu zituen errefuxiatu gunean eta helikopteroz lagundu zuen operazioa. Erasoaldian beste 70 palestinar zauritu zituen. Halaber, dozenaka etxe suntsitu zituen tartean Hamas erakundeko Mohamed Sinuar buruzagiarena. Israelgo Armadako bi soldadu larri zauritu ziren erresistentziaren erasoan. Jabaliako errefuxiatu gunean Penitentzia Egunak operazioa amaitu ondoren egindako ekintza bortitzena izan zen atzokoa.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Ahmed Kureia lehen ministroak erasoak gaitzestea ez dela nahikoa argudiatu eta nazioarteari esku hartzeko eskatu zion: «Munduaren isiltasunak ere erantzukizuna du krimen hauetan: ekintzetara pasatzeko garaia da». Saeb Erakat Negoziazioetarako ministroak gogor gaitzetsi zuen erasoaldia: «Knesseten erretiratze planaren eztabaidak palestinarrengan odol gehiago isurtzea ekarri du». PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Jaser Arafatek , berriz, «gripe gogorra» duela jakinarazi zuten atzo medikuek. Agintaria baraua egiten ari da egunotan Ramadana dela eta. Horrek ez diola onik egiten zehaztu zuten medikuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.