EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. LIBANOKO ETA ISRAELGO ERASOAK. EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

LIBANOKO ETA ISRAELGO ERASOAK. Libanoko mugatik haratago joan eta erasoa gogortzea onetsi du Israelek. Bide diplomatikoak lor dezakeenaren zain egongo dira Israelgo agintariak horri ekin aurretik

arantxa iraola
2006ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Israelgo Segurtasun Batzordeak Libanoren kontrako erasoaldian haratago egitea onartu zuen atzo; tropei Litani ibairainoko eremua hartzeko baimena eman diete, Libanoko hegoaldean barna 30 kilometro egitekoa. Operazio militar horretan Hezbolaren kontra egiteko ahalegin berezia egingo dutela jakinarazi dute Israelgo Gobernuko buruek, eta hilabeteren buruan-edo bukatzea espero dutela. 30.000 soldadu gehiagokjardun beharko dute borrokan. Gaur egun 10.000 ari dira, eta estu eta larri dabiltza askotan. Borroka latzak izan dituzte Hezbolako ekintzaileen kontra.

Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek du Segurtasun Batzordeko presidentetza, eta Gobernuko ministroek osatzen dute. Batzordeko bederatzi kidek eman zuten atzo erasoaldian haratago egitearen aldeko botoa, eta hiru abstenitu egin ziren. «Libanoko Gobernua da gertatzen ari denaren erantzulea, handik Israelen kontra egiten uzten diolako Hezbolari», azaldu zuen batzordearen bileraren ostean Eli Ishai ministroak. Maj-Gen Moshe Kaplinsky jeneralaren esku utziko dute operazioaren koordinazioa. Nolanahi ere, operazioa martxan jartzeko agindua Ehud Olmert lehen ministroak eta Amir Peretz Defentsa ministroak hartu beharko dute. Bizpahiru egunean, hala ere, inolako erabakirik ez dutela hartuko esan dute; bide diplomatikoak zer emaitza ematen duen ikusi nahi dute.

DIPLOMAZIA, NAHI ETA EZINEAN. Oraindik diplomaziaren bidez gatazka konpontzeko ahaleginek ez dute fruiturik eman, ordea. NBE Nazio Batuen Erakundean asteburuan AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Frantziak aurkeztutako proposamenaren inguruan ezdago akordiorik. Liga Arabiarreko kideek, Libanoren interesen eledun, ebazpenean Israelgo armadako kide oro Libanotik erretiratuko dela jartzea nahi dute, baina oraindik ez dute horrelakorik lortu. Ezkor mintzo zen atzo Libanoko lehen ministro Fuad Siniora: «Ez aurrera eta ez atzera gaude. Ez dago aurrerapausorik». Nolanahi ere, gaur aztertzen ari diren proposamena orraztu eta bozketa egitea espero da.

Frantzia akordioren bat lortzeko ahalegin berezia egiten ari da. «Akordiorik ez lortzeak oraingo egoera onartzen dela esan nahiko luke», esan zuen atzo Frantziako presidente Jacques Chiracek. «Irtenbiderik inmoralena litzateke hori». AEBek, ordea, Liga Arabiarra defendatzen ari den zenbait proposamen ez dituztela gogoko onartu zuen.

Libanoko lehen ministro Fuad Siniorak Libano hegoaldeko mugan 15.000 soldadu jartzea proposatu zuen astelehenean. Hortik etor daiteke akaso konponbidea; Israelek ideia «interesgarritzat» jo zuen hori asteartean, eta Hezbolaren oniritzia ere badu. Atzo, gainera, Hezbolako idazkari nagusi Hasan Nasralak berretsi egin zuen aukera hori ez dutela baztertzen. «Alde guztiek uste badute Libanoko armada herrialdearen hegoaldean zabaltzea irtenbide bat dela, guk onartu egiten dugu, baina Libanoko armadaren segurtasunak arduratu egiten gaitu», ohartarazi zuen. Kritiko mintzatu zen, oro har, NBEn aztertzen ari diren ebazpen proposamenare-kin.

GIZA LAGUNTZA EMAN EZINIK. Israelgo tropek Libano hegoalde osoan aurrera egiteko baimenik ez badute ere, hegazkin bidezko erasoek ez dute etenik. Astearte arratsaldean, Israelgo mugatik Litani ibairainoko biztanle guztiei etxetik ez ateratzeko agindua eman zien Israelgo armadak. Arriskutsua izan zitekeela zioten. Eta halaxe gertatzen ari da. Atzo, han gertatzen ari diren eraso bortitzen ondorioz, Nazio Batuen Erakundeak ere bertan behera laga behar izan zituen giza laguntza banatzeko egiten ari zen ahaleginak.

Zenbakia

1.020Hildakoak. Lau aste badira Israel eta Libanoren arteko erasoaldiak hasi zirela, eta Libanoko Gobernuaren arabera, ordutik erasoen ondorioz 1.020 lagun hil dira Libanon. 3.567 zaurituren berri dute, eta 915.762 lagunek etxea utzi behar izan dute. Israelen, 100 lagun hil dira erasoetan; 64 militar eta 36 zibil.

Familia bateko zazpi lagun hil ditu Israelgo armadak Beka haranean

A.i

Libanoko Beka haranean, Masgarad herrian, zazpi lagun hil ziren atzo, denak familia berekoak, Israelgo armadak egindako eraso batean. Hezbolako kide baten kontra egiteko ahalegina izan zela esan zuten Israelgo agintariek.

Aian Helun, berriz, palestinar errefuxiatuen gune baten kontra egin zuten, eta bi lagun hil zituzten. Libanon, denera, palestinarren hamabi errefuxiatu gune daude, eta erasoak hasi zirenetik Israelek gune horietako baten kontra egin duen lehen erasoa izan da atzokoa. Eraso horretan ere Hezbolako kide baten kontra egin nahi zutela esan zuten armadako ordezkariek.

BORROKA LATZAK DEBELEN.Debel eta Aita al Shaab inguruetan --Libano hegoaldean-- Israelgo armadaren eta Hezbolaren arteko borroka gogorrak izan ziren atzo. Biktimei buruzko datuak nahasiak eta kontrajarriak ziren.

Hezbolak, bestalde, soldadu israeldarren artean biktima ugari eragin zituztela jakinarazi zuen: «30 gorputz utzi genituen lurrean». Al Jazeera telebista kateak, berriz, borroka horietan Israelgo armadak 11 soldadu galdu zituela jakinarazi zuen, eta 40 zauritu zirela. Israelgo telebistaren arabera, berriz, borrokan 17 soldadu zauritu ziren eta horietako bost larri zeuden.

Koheteen jaurtiketaren bidez ere gogor jardun zuten atzo Hezbolako kideek, arratsaldean 160 bota zituzten eta hiru lagun zauritu ziren horien ondorioz. Kalte material handiak ere eragin zituzten. Misil batzuk ere bota zituzten Israel iparraldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.