Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohia hil eta hamabost urte geroago etorri da auziaren epaia. Hagan (Herbehereak) dagoen Libanorako Auzitegi Bereziak lau akusatuetatik bakarra zigortu du, eta beste hirurak absolbitu egin ditu. Auzitegiak «homizidioa» eta «lehergaiekin ekintza terrorista» egin izana egotzi dio Salim Ayyashi, Hariri erailtzeagatik. «Berak bakarrik parte hartu ez zuen arren, atentatua egiteko antolaketan rol garrantzitsua izan zuen. Horrenbestez, erruduna da». Hala adierazi du David Re Nazioarteko Auzitegiko presidenteak. «Lehergaiekin eraso terrorista bat egiteko taldearen erantzule» jo du Ayyashi. Irailaren 21ean emango da jakitera zigorra, eta defentsak auzitegiaren ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezteko hilabete bateko epea izango du.
Bi alditan izan zen lehen ministro Hariri, eta 2005eko otsailaren 14an hil zuten, auto bat zartaraziz, Beiruten. Lehen ministroaz gain, beste 21 pertsona hil ziren atentatuan, eta 220 zauritu. Bestalde, atentatuan parte hartzera akusatuta zeuden Asad Sabra, Husein Oneisi eta Hasan Merhi absolbitu egin ditu, ezin izan baitu frogatu Haririren erailketarekin lotura izan zutenik. Epaiketan inor ez da presente egon.
Horrez gain, Libanorako Auzitegi Bereziak bosgarren kide bat inputatu du, atentatuaren «buru» gisa: Mustafa Badreddine Hezbollah alderdi eta milizia xiitako komandantea. Dena den, 2016an hil zen Badreddine, Siriako gerran. Bashar al Asaden gobernuarekin batera aritu zen. Horrenbestez, auzitegiak karguak kendu dizkio zendu zela baieztatu eta gero.
Janet Nosworthy epaimahaiko kideetako batek adierazi duenez, Auzitegi Bereziak ezin izan du identifikatu atentatu suizidan parte hartu eta lehergaia aktibatu zuen egilea. Soilik, haren hortz bat aurkitu dute: hortik jakin ahal izan dute erasotzaileak 20 urte inguru zituela. «Ez dago beste frogarik», esan du.
Epaian adierazi dutenaren arabera, lehen ministro ohia gertutik kontrolatzen zuen Hezbollahko eskuadroi batek. Horretarako, sakelako telefonoen sarea eta koloreen kode bat erabiltzen zituzten. Ayyashen kasuan, auzitegiak ia ziurtzat jo du Haririren aurkako taldean parte hartu zuela, eta haren sakelakoa «funtsezkoa» izan zen atentatua burutzeko. Horrez gain, Al Arabiya egunkariak adierazi duenez, Auzitegi Bereziak baieztatu du Ayyashi eta beste hiru akusatuak Hezbollahren «jarraitzaileak» zirela, baina ezin izan dutela argitu alderdi eta milizia xiitarekin zuzeneko loturarik izan zutenik.
Epaiketa 2014. urtean hasi zen, eta Libanorako Auzitegi Bereziak, kasua epaitzeko ardura duenak, erabakia handik sei urtera jakinarazteko asmoa zuen, maiatzaren erdialdera, baina, koronabirusaren pandemiaren eraginez, abuztuaren 7ra arte atzeratzea behartu zuen. Baina abuztuaren 4an Beiruteko portuan jazo zen leherketak epaia gehiago atzeratzea ekarri zuen.