EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Ekintzaile suizida batek sei soldadu eta bi palestinar zauritu ditu Gazan

Abbas eskualdera iritsi eta gutxira ekin du Hamasek

AGENTZIAK
JERUSALEM
2005eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
20 urteko ekintzaile palestinar batek aldean zeramatzan lehergailuak zartarazi eta bere burua hiltzeaz gain, gutxienez sei soldadu israeldar eta inguruan egokitu ziren bi taxista palestinar zauritu zituen atzo Gazako eskualdeko postu militar baten ondoan. Hamasen adar armatu Izzeddin al Kassem Brigadek hartu zuten beren gain ekintza. Hain justu, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas Gazako eskualdera iritsi eta bi ordura gertatu zen erasoa. Erresistentziako taldeekin biltzeko asmoz joan zen Abbas hara.

Bart Al Fata bere alderdiko ordezkariekin eta PANeko segurtasun arduradunekin elkarrizketatu zen eta gaur hainbat talde politiko-militarretako ordezkariekin biltzekoa da. Abbasek talde armatu palestinarrek Israelen kontrako erasoak etetea eta su-etena hitzartzea nahi du, baita Al Fatari lotutako nahiz eta aski autonomoa den Al Aksako Martirien Brigadetako kideak (asko PANeko polizia ohiak) PANeko segurtasun indarretan sartzea ere. «Akordio bat lortzeko esperantzarekin noa Gazara», adierazi zuen Abbasek eskualderantz abiatu aurretik. Al Aksako Martirien Brigadetako Janingo buruzagi Zakaria Zubeidi prest azaldu zen Israelen kontrako erresistentzia armatua gelditzeko, «baldin eta Israelgo Armadak gure kontra ekiteari uzten» badio. Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Defentsa ministroak herenegun esandakoa berretsi zuen, hots, Abbasi Tel Avivek ez diola hilabeteko tarterik emango erresistentziaren erasoak eteten saiatzeko. Soldadu israeldarrek 15 urteko palestinar bat zauritu zuten Deir al Balan (Gaza). Erresistentziak, aldiz, koheteak jaurti zituen kokaguneen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.