Ekoizle nagusiek ez dute sinatu luku bonben aurkako hitzarmena Oslon

Ehun herrialde baino gehiagok luku bonben ekoizpena, biltegiratzea eta erabilera debekatzea hitzeman dute Oslon

2008ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ehun herrialde baino gehiagok sinatu zuten atzo Oslon (Norvegia) luku bonben aurkako nazioarteko hitzarmena. Besteak beste, Japoniak eta Erresuma Batuak. Joan den maiatzean, Dublinen (Irlanda), lehergailu horien aurkako akordioa onartu zuten, baina hitzarmena berrestea falta zen. Luku bonbak erabiltzea, ekoiztea eta biltegiratzea debekatuko du itun horrek. «Babes handia izan du hitzarmenak, historikotzat jo daiteke», azaldu zuen Mabel Gonzalez Greenpeaceko armagabetzearen aldeko arduradunak, atzo.

Hala ere, lehergailua ekoizten duten herrialde garrantzitsuenek, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak, Txinak eta Israelek, esaterako, ez zuten akordioa sinatu. «Luku bonben debekuak gure soldaduen bizia arriskuan jarriko luke. Bonba zehatzagoak sortzen ari gara», esan zuen Washingtongo ordezkariak. Akordioa sinatu ez dutenherrialdeek lehergailu horien debekuak beren boterea mugatzen duela jakinarazi dute. «Baina hitzarmenak bonba horiek saltzeko merkatua txikituko du; beraz, sinatzen ez dutenen jarrera aldatuko da ezinbestean», jakinarazizuen Gonzalezek.

Antzerako zerbait gertatu zen 1997. urtean, pertsonen aurkako minak debekatzeko hitzarmena onartu zenean, Otawako bilkuran (Kanada); AEBek ez zuten ituna sinatu, baina lehergailua non saldurik ez zutelako ekoizteari utzi zioten.

Laguntzak biktimei

Atzoko biltzarrean estatu ordezkariez gain, 75 herrialdetako 250 ekintzailek eta luku bonben ondorioz elbarrituak dauden pertsonek parte hartu zuten. Jens Stoltenberg Norvegiako lehen ministroak hitzarmena sinatu ondoren, «mundua ez dela berdina izango» azaldu zuen. Luku bonben ekoiztea, biltegiratzea eta erabilpena debekatzeaz gain, hitzarmena sinatu duten herrialdeek luku bonbak dituztenzonaldeak garbituko dituztela onartu dute. Gainera, lehergailu horien ondorioz, elbarri gelditu diren pertsonek laguntza gehiago jasoko dituztela hitzeman dute.

AEBetako presidente aldaketarekin, herrialde horrek iritzia aldatu dezakeela uste dute; haren babesa bilatuko dute horregatik. Izan ere, Barack Obama AEBetako presidente berria izango dena luku bonben aurka agertu zen hauteskunde kanpainan.

Luku bonbak, besteak beste, Kanputxean, Kosovon, Afganistanen eta Libanon erabili dituzte. Hegazkinetatik edo artilleriaren bidez jaurtitzen dituzte, eta, lurrera iristean, tamaina txikiko ehunka lehergailu zabaltzen dira inguruko eskualdeetara. Askotan lehergailu horiek ez dute eztanda egiten, beraz, herritarrentzat arriskutsu bihurtzen dira.



Zenbakia

100.000

Biktima kopurua. Luku bonbek guztira 100.000 lagun elbarritu edo hil dituzte munduan; horietatik %98 zibilak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.