Ekonomia piztu ezean Italia «hil egingo da», Lettaren arabera

Aurrekontuak orekatzea ez dela nahikoa esan du lehen ministroak kongresuko inbestidura saioan

Samara Velte.
2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Aurreztuta soilik, Italia hil egingo da. Hazkunderako politikak behar ditugu berandu baino lehen». Enrico Letta Italiako lehen ministroak egoera ekonomikoaren larritasuna nabarmendu du kongresuan emandako lehen hitzaldian. Osatu berri duen gobernua justifikatu asmo du, parlamentuaren konfiantza botoa lortzeko, bestela ezin baitu gobernatu. Atzo arratsaldean behe ganberari zuzendu zitzaion, eta gaur goizean senatuari azalduko dio bere gobernu plana.

BPG Barne Produktu Gordina halako %127 da Italiaren zor publikoa. Hori murriztea da premia handiena, Lettaren arabera. Murrizketarik apenas aipatu duen,ordea, soilik «politikagintzaren kostuei» dagozkienak: besteak beste, alderdi politikoen finantzaketa publikoa erreformatuko duela hitzeman du, eta parlamentariak ere badiren gobernuko kideei ukatu egingo diela ministro soldata ere jasotzea.

Aurrekontuak orekatzea ez da nahikoa, ordea. «Familia eta herritar asko etsita eta hondoratuta daude», esan du Lettak. Bereziki langabezian dauden gazteak aipatu ditu, eta haientzako lanpostuak sortzeko beharraz aritu da: «Lanaren gaineko zergak jaitsi behar dira, pizgarri monetarioak ez baitira nahikoa». Inbertsioak sustatzeko legeak ere iragarri ditu. Gainera, bertan behera utziko du Mario Montiren gobernuak ezarritako ohiko etxebizitzen gaineko zerga.

Hazkunderako politika horiek Europatik datoz, lehen ministroaren ustez. Finantza batasun eta batasun politiko handiagoaren alde mintzatu da: «Europa gehiago behar dugu, kontinente osoaren etorkizuna bakarra delako. Hemen ez dago garailerik eta galtzailerik». Senatuaren onarpena jasotzen badu, gaur bertan bilduko da Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin.

Gobernu behartua

Lettak epea ere jarri die bere egitasmoei: «Hemezortzi hilabete barru baloratuko dut ea erreforma proiektua bide onetik doan. Ez baldin badut emaitzarik ikusten, ez dut zalantzarik egingo: ondorioak izango ditu». Azken hamar urteotan, lau lehen ministro izan ditu Italiak, eta ia batek ere ez du agintaldia osorik amaitu.

Osatu asmo duen gobernuak ere ez du luze irauteko itxurarik. Lettaren hitzek iradoki dute beharrak elkartu dituela PD Alderdi Demokrata, PDL Askatasunaren Herria eta Aukeraketa Zibikoa. Elkarrizketa guztiek porrot egin ostean, Giorgio Napolitano presidenteak ez die beste aukerarik eman, batasun nazionaleko gobernua eratzea baino: «Konstituzioak nazioaren ordezkaritza aitortzen digu. Azken aukera daukagu eginkizun hori merezi dugula erakusteko». Hiru alderdietako ordezkarien botoekin ziurra da gobernu inbestidura.

Lettaren diskurtsoak eskuinetik jaso ditu txaloak: Silvio Berlusconiren PDL alderdiak ere hitzemana zuen ohiko etxebizitzen gaineko zerga kentzea. Koaliziotik at gelditu da M5S 5 Izar Mugimendua, ez baitu inoren gobernua babestu nahi. Riccardo Nuti kongresuko bozeramaileak ahozabalkeria leporatu dio Lettari— «munduko bakea hitzematea baino ez zaio falta», esan du—, baina txalotu egin du ministroen soldaten inguruan esandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.