Quitok Julian Assange Wikileaksen sortzaileari babes politikoa eman izanak tentsioa eragin du Ekuadorren eta Erresuma Batuaren artean. Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago ekainaren 19tik, Suediara estradita ez dezaten. Ricardo Patiño Ekuadorko kantzilerrak adierazi du Assangeren nazioarteko eskubidean oinarritu dela Quito babes politikoa emateko eta AEBen esku geratzeak «haren bizitza arriskuan» jar dezakeela. Izan ere, «auzitegi berezi edo militar batek» epaituko duela uste du Ekuadorko ordezkariak. Erresuma Batuak Assangeri enbaxadatik irteteko baimena ematea espero duela ere esan du Patiñok.
Erresuma Batuak gaitzetsi egin du Ekuadorko Gobernuaren erabakia, eta adierazi du ez duela ezer aldatuko. Londresen arabera, bere «legezko betebeharra» Assange atxilotu eta Suediara estraditatzea da, eta hori betetzeko asmoa duela berretsi du. Sexu delituak leporatuta epaitu behar dute Assange Suedian. Horregatik, Erresuma Batuak ohartarazi du Assange Ekuadorren enbaxadatik irteten bada «berehala» atzemango duela, Ekuadorren bulego diplomatikora joanda etxeko atxiloaldiaren baldintzak «urratu» dituelako. Enbaxada horretan Wikileakseko sortzailearen aldeko manifestazioan zeuden hiru lagun atxilotu ditu Londresko Poliziak, ordena publikoa aztoratzea leporatuta.
Assange, pozik
Wikileakseko sortzaileak, berriz, adierazi du «garaipen historikoa» dela beretzat Quitok babesa eman izana. Rafael Correa Ekuadorko presidenteari zein bertako herritarrei eskerrak eman dizkie, eta Ekuador «nazio independente ausarta» dela esan. Penatua agertu da, bestalde, Erresuma Batuak eta Australiak —bere jaioterria— ez dutelako «ezer egin» bera babesteko.
Horretaz gain, adierazi du badakiela egoera «estresagarriagoa» bihurtuko dela orain, eta AEBetako Gobernuari eskatu dio bertan behera uzteko «aurrekaririk gabeko» Wikileaksen aurkako ikerketa .
Ekuadorrek Julian Assange babesteak Erresuma Batua haserrearazi du
Londresek Quitoren jarrera gaitzetsi du, eta adierazi du enbaxadatik irteten bada «berehala» atxilotuko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu