AEB

El Pasoko tiroketak jopuntuan jarri du Trump, migratzaileen kontrako diskurtsoengatik

Tiroketaren egileak erasoaren aurretik utzi duen idatzi batean azaldu duenez, "ahalik eta hispano gehien hiltzea" izan du helburu, "inbasio hispanoa" eragozteko. Alderdi Demokratako hainbat ordezkarik Trumpen aurka jo dute, AEBetako presidenteak migratzaileen kontra egin dituen diskurtsoengatik, eta erasoa haren adierazpenekin lotu dute.

El Pasoko tiroketan hildakoei eskainitako omenaldia, larunbatean erasoa gertatu zen inguruan. LARRY W. SMITH, EFE
2019ko abuztuaren 5a
17:05
Entzun

AEBetako El Paso hirian izan den triskantzak kritika ugari eragin ditu Donald Trump AEBetako presidentearen aurka. Hogei hildako eta 26 zauritu utzi ditu Patrick Crusius 21 urteko gizonezkoak larunbatean egin zuen erasoak. Crusiusek berak tiroketa egin aurretik utzi duen idatzi batean jaso du "ahalik eta hispano gehien" hiltzeko egingo zuela eraso El Pason, "inbasio" hispanoari erantzuteko. Hain justu, Trumpek ohikoa izan du "inbasio" hitza migratzaile latinoamerikarren kontra egin dituen diskurtsoetan, Etxe Zurira heldu zenetik. Asko izan dira presidenteari migratzaileekiko izua eragitea leporatu dioten ahotsak eta migratzaileak gaizkileekin parekatzea egotzi diotenak. El Pasoko tiroketa gertatu eta ordu batzuetara, beste tiroketa bat izan da Ohion. Horren ondorioz, hamar pertsona hil dira, eta 27 zauritu.

Alderdi Demokrataren primarioetan lehian ari diren hautagaiek lotura argia egin dute El Pasoko erasoaren eta Trumpen diskurtsoen artean. Hain justu, mugako hirian jaiotakoa da Beto O'Rourke hautagaia. Haren esanetan, Trump "arrazista" da, eta "arrazismoa sustatzen" ari da herrialdean. "Horrek ez dio soilik gure sentsibilitateari kalte egiten. Herrialdearen izaera aldarazten du, eta indarkeriara darama". O'Rourkek salatu du Trumpek migratzaile mexikarrekiko beldurra zabaldu duela, "proportzionalki delitu gutxiago egiten dituzten arren, bertan jaiotako herritarrek baino".

Trumpek New Jerseyko bere golf klubean eman du asteburua, eta Washingtonera bidaiatzera zihoanean adierazpen laburrak egin ditu El Pasoko eta Ohioko tiroketei buruz. "Gorrotoak ez du lekurik gure herrialdean", esan du. Erasoak buruko gaixotasunekin lotu ditu.

Cory Booker New Jerseyko senatari eta Alderdi Demokrataren presidentegai izateko hautagaiak, berriz, erasoaren "arduraduntzat" jo du Trump. "Arduraduna da ez duelako neurririk hartu supremazismo zuriari aurre egiteko".

Ildo beretik, Pete Buttigieg hautagai demokratak adierazi du "nazionalismo zuria gaizkia" dela. "Jendea hilketak egitera bultzatzen ari da, eta AEBetako gobernu mailarik gorena hura baimentzen ari da. Horrek amaitu egin behar du".

Erasoaren ostean Trumpek jasoko zituen kritikak aurreikusi balitu bezala, erasotzaileak idatzian azaldu du migratzaileei buruzko bere iritziak "Trumpen eta haren presidentetzarako kanpainaren aurrekoak" direla.

Crusiusek mila kilometro inguruko bidea egin behar izan zuen autoz, El Pasora iristeko. Hiria AEB eta Mexikoren arteko mugaren sinbolo da, eta biztanleen %85 hispanoak dira bertan. Hesi batek banantzen ditu El Paso eta Ciudad Juarez (Mexiko) hiriak. Bien artean, bi milioi biztanle biltzen dituzte.

Larunbateko erasoa ekintza terrorista gisa ari da ikertzen AEBetako Fiskaltza, eta erasotzaileari gorroto delitua ere egoztea aztertzen ari da.

Beste tiroketa bat Ohion

Beste tiroketa batean, hamar lagun hil dira, eta 27 zauritu Ohio estatuko Dayton hirian. Hildako horietako bi dira erasotzailea bera eta haren arreba.

Poliziak oraindik ez du argitu zerk bultzatuta ekin dion tiroketari erasotzaileak. 24 urteko gizonezkoa Dayton hiriko aisiagune batera sartu zen, eta bederatzi pertsona hil eta beste 27 zauritu zituen minutu bakarrean. Poliziak bertan hil zuen erasotzailea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.