Josiv Stalin diktadoreak behin honakoa adierazi zuen: «Pertsona baten heriotza tragedia bat da; milioiena, berriz, estatistika hutsa». Tom Marfo Christian Aids and Resources Foundation Herbehereetako elkarteko presidenteak Iruñean emandako hitzaldian argi utzi zuen hori; milaka lagun dira pertsonen trafikoaren biktima, eta askok eta askok bizia galtzen dute. «Heriotza horien atzean, izugarrizko drama dago, baina gizarteak ez duen horretaz konturatu nahi». Haren ustez, «esklabotza modernoa» saihesteko, ezinbestekoa da Europan politika bateratua abian jartzea.
Hain zuzen ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak aurreko abuztuaren 31n pertsonen trafikoaren aurkako plana onartu zuen. NBEren arabera, «pertsonen trafikoa mende honetako esklabotza da». Egitasmo horren bitartez, NBEko kide diren herrialdeei pertsonen trafikoaren aurkako neurriak hartzeko eta trafiko horretan dabiltzan mafiak auzipetzeko eskatzen zaie.
Marforen arabera, ezinbestekoak dira neurri zorrotzak: «Pertsonen trafikoak gutxienez urtean50.000 milioi dolarren irabaziak eragiten ditu, eta diru horrekin borondate asko eros daitezke».Datuak deigarriak dira. Munduko enpresarik garrantzitsuenek -esaterako, Coca Colak edo Microsoftek- mafiarenak baino mozkin murritzagoak dituzte.Alde horretatik, pertsonen trafikoan aritzen diren mafiek hainbat herrialdetako gobernuen lankidetza dutela uste du. Hala, horren aurkako neurriak hartzea ezinbestekoa deritzo. Eredugarritzat dauzka, besteak beste, behartuta eta mafien menpe prostituta gisa lanean aritzen diren emakumeei Eleas elkarteak eskaintzen dien babesa eta laguntza.
Mugarik gabeko trafikoa
Dani Banegasek urte asko daramatza egungo esklabotza moduak aztertzen eta horren aurka lanean, Kataluniako Esclavitud XXI elkarteko kide gisa. Bera ere Iruñean izan zen lehengo astean. Haren irudiko, Europan dagoen esklabotzak «hainbat adiera» ditu. Dena den, nabarmendu du pertsonen esplotazioaren adierazlerik argiena prostituzioa dela: «Aintzat hartu behar da egungo gizartean babes gutxiena duen kolektiboa emakume etorkinena dela».
Esplotatzen dituztenak Europara ekartzeko hamaika bide dago: hegazkinez pasaporte faltsuen bitartez, txalupetan edota barkuetako edukiontzietan. Banegasen arabera, trafikoak ez du etenik: «Batez beste egunero bost edukiontzi iristen dira Europara Afrikatik pertsonaz beteta». Horrek Afrikako herritarren bizitzak zer-nolako balio murritza duen erakusten duela irizten dio. «Ganadu edota inportatzeko produktu gisa tratatzen dituzte; zer da hori, esklabotza ez bada?».
Dena den, Marfok «esklaboak» Europara ekartzeko beste hamaika modu dagoela gaineratu du Dena den, ohikoena txalupena izaten dela argitu du. «Afrika erdialdean bizi direnek oinez igaro behar izaten dituzte Saharako basamortua, Libia, Aljeria eta Maroko, gero itsasoz Europara etortzeko». Bidaia horri ekiten dioten lagunen %80 bidean hiltzen direla jakinarazi du Marfok. Gaineratu du emakumeen kasuan trafikatzaileek sexu erasoak egiten dizkietela eta asko eta asko haurdun gelditzen direla. «Haurdun dauden emakumeak ezin dira oinez ibili, eta gehienak basamortuan hiltzen dira».
Pertsona trafikoaren biktimen %79 prostituzioan aritzen dira, %18 behartutako lanak egiten eta %3 droga trafikatzaile gisa. Dani Banegasen arabera, «prostituzioa da giza esplotazioan ugariena». Hala ere, argi utzi du giza trafikoa hor dagoela. Kalean. Gizarteko gehienek ez dute ikusi nahi.
Marfok giza trafikoa esklabotza hutsa dela deritzo. «Trafikoa edota esplotazioa egungo giza genozidioa da, eta horren biktima babes gutxien duten herritarrak dira». Orokortasunetik urrundu nahian, Marfok hamaika adibide jarri ditu mahai gainean, esklabotzaren kontzeptua azaltzeko. «Behin Nigeriako neska baten berri izan nuen, trafikatzaileek Herberehetara eraman zuten 12 urterekin prostituzioan aritzeko; 16 urterekin eta hiru aborturen ostean, bere buruaz beste egin zuen».
Afrikako kasua
Marfok oso ondo ezagutzen ditu neskak Afrikatik Europara engainatuta ekartzeko mafiek erabiltzen dituzten teknikak. «Ezer ez duenak gutxi du galtzeko, eta edozein proposamen onartzeko prest egoten da». Hala, mafiek Afrikako neskak hautatzen dituztenean, vudua baliatzen dutela azaldu du. «Aldare batera eramaten dituzte, eta sasi sorgin batek errito bat egiten diete, Europan gertatutakoaren berri norbaiti ematez gero, senideren bat hilko dela edota biktima bera zoratu egingo dela esanez».
Dena den, Nigeriaren kasuan, mafiak ez daudela oso ondo antolatuta irizten dio Marfok: «Askotan lagun bakarra eta sarritan senitartekoa izaten da sexu esklabotzaren sustatzailea». Are gehiago, Europan hainbat urtez behartuta prostituzioan aritu direnetako asko proxeneta bilakatzen direla ohartarazi du. Marfok onartu duenez, giza eta sexu esplotazioaren auziaren ebazpena ez da erraza. Europa osoan, herrialde bakoitzak bide bat hartu du behartutako prostituzioaren aurka egiteko. Dena den, bai Marfok eta bai Banegasek argi dute administrazioek mafiak atzemateko baliabide gehiago bideratu behar dituztela. Horrez gain, biktima babestea ezinbestekoa dela dio Marfok, «mafiek beren mehatxuak bete ez ditzaten».
Sexu esplotazioaren biktimen alde
Espainiako Gobernuak sexu esplotazioaren biktima izan diren pertsonak babesteko plan bat jarri du abian. Hona gakoak:Informazio eskubidea. Sexu esplotazioaren biktimek dituzten eskubideen, zerbitzuen eta baliabideen gaineko informazio jasotzeko eskubidea dute.
Artapen lasterra. Biktimek, duten egoeraren berri eman ostean, doan lege aholkularitza jasotzeko aukera dute; hala behar izanez gero, itzultzaile baten bitartez.
Sekretupean. Poliziak sekretupean gordeko ditu biktimaren nortasun datuak.
Babesa. Esplotazioaren biktimei, babesteko, bizilekua aldatzea erraztuko zaie eta, era berean, jatorrian dituzten senitartekoak babestuko dira.
Hausnarketa epea. Biktimak gutxienez hilabeteko epea du bere egoeraz hausnartu eta mafia zigortzen laguntzeko.
Diru kopurua. Izan duen egoera latzaren ondorioz, biktimak eskubidea du bizirik iraun ahal izateko diru kopuru bat eskuratzeko.
Itzulera. Esplotatua izan den herrialdetik joan nahi izanez gero, biktimari jaioterrira itzultzeko aukera ematen zaio.
Harrera etxea. Laguntza eskaintzen duen harrera etxe batean ostatu hartu ahal izateko eskubidea du.
«Horrenbeste lagun badira esklabotzaren biktima, zergatik ez du gizarteak horren berri?»
TOM MARFO
Christian Aids and Resourceseko presidentea
UPNk prostituzio iragarkien aurkako ekimena abiatu du
Heldu den ostegunean, Nafarroako Parlamentuan, prostituzioa iragartzen duten komunikabideen aurkako neurriak hartzea sustatzen duen foru lege egitasmo bat eztabaidatuko dute. UPNk aurkeztutako ekimenaren arabera, «egunkarietako prostituzio iragarkiek pertsonen duintasuna urratzen dute».Atzeratu egin dute Giraldoren hiltzaileen aurkako epaiketa
Yamiled Giraldo 2009ko apirilean tiroz hil zuten, Cordovillan (Nafarroa), ustez hura sexualki esplotatzeagatik espetxean zegoen Jose Lareo Lopezek aginduta. Berez, Lopez eta beste hiru auzipeturen aurkako epaiketa pasa den maiatzean egitekoa zen, Nafarroako Auzitegi Nagusian. Instrukzio epaileak epaiketa epaimahai profesional batek egin behar zuela ebatzi zuen, eta horren aurka helegitea aurkeztu zuen Lopezek, zinpeko epaimahaia nahi zuelako. Lehen instantzian ez da aintzat hartu helegite hori, eta orain afera ebaztea Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio. Gorenaren erabakiaren ostean ezarriko du Nafarroako Auzitegi Nagusiak Giraldoren hilketaren epaiketa egiteko eguna.Elena Pueyo.Eleas elkarteko kidea
Iruñeko karriketan lanean aritzen diren prostitutak artatzen ditu, Eleas elkarteko beste hainbat kiderekin batera, Elena Pueyok. Emakume horien egoerarekin benetan kezkatuta dago.
«Egungo prostituzioa esklabotzaren adierazle modernoa da»
N. Elola. IruñeaSei urte daramatza Iruñeko Eleas elkarteak kalean dauden prostitutak artatzen. Elena Pueyo (1962, Donostia) elkarte horretako sustatzaileetako bat da. Ziur dago egungo prostituzioa «esklabotza modernoaren» adierazlerik argiena dela. Ohartarazi duenez, prostituzioan lanean aritzen diren lagunen ehuneko txiki bat besterik ez da bere gogoz lan horretan aritzen.
Nola sortu zen Eleas elkartea eta zergatik ?
2004. urtean etorkin andana etorri zen Nafarroara bizitzera. Gu Iruñeko Arrotxapea auzoko Eliza ebanjelikoko kideak gara. Ohartu ginen auzora bizitzera etorri ziren etorkin gehienak haurrak zituzten emakumezkoak zirela. Hala, apurka-apurka gure egoitzara etorkinak etortzen hasi ziren, gehienak janari bila. Handik urtebetera, gau batean, etxera nindoala, neska batzuk ikusi nituen biribilgune batean. Izugarrizko hotza egiten zuen; gutxienez 16 prostituta zeuden. Hori ikusita, lagun talde bat elkartu ginen, eta koloretako furgoneta batekin gauero kafe beroa eskainiz emakume horiei laguntzen hasi ginen.
Nolako harrera izan du zuen ekimenak?
Lehen gaua benetan ikaragarria izan zen. Kafe bat hartu nahi zuten galdetu genien, eta emakumezkoak pixkanaka guregana gerturatzen hasi ziren. Onartu behar da sarritan gurea bezalako elkarteekin ez dutela erlazionatu nahi izaten, batez ere mafiek egin dezaketenaren beldur direlako. Baina esan genezake euren konfiantza lortu dugula. Askotan, gure furgoneta gau hotzetatik babesteko baliatzen dute. Egia esan, hitz egiteko aukera handirik ez dugu izaten, ez dugulako ez ingelesa ez frantsesik hitz egiten, baina behintzat babesa dutela senti dezaten nahi dugu.
Nola iristen dira emakume horiek Nafarroara?
Kontuan hartu behar da emakume horiek oso lurralde txiroetakoak direla eta baliabide falta ikaragarria izaten dutela. Lagun bat joaten da emakumeen etxera, Europan haurrak zaintzen edota merkataritzan lanean ariko direla aginduz. Dena den, sarritan, nesken senitarteko batek negoziatzen du proxenetarekin. Bada Europara prostituta gisa lanera datorrela dakien emakumerik, baina ez dute imajinatu ere egiten hori zer den. Egungo prostituzioa esklabotzaren adierazle modernoa da. Nik argi dut prostituzioa genero indarkeria dela.
Iaz, Nafarroan pertsona bat auzipetu zuten proxeneta izateagatik. Nolakoa da errealitatea eremu horretan?
Benetan, prostituzioarena oso gai iluna da. Drogen trafikoan baino irabazi gehiago izaten dira etxebizitza bat alokatu eta bertan hiru emakumezko sexualki esplotatuta. Arlo horretan interes izugarriak daude eta mafiak nahiko lasai ibiltzen dira neskak mehatxatu eta egin nahi ez dituzten gauzak egitera behartuz. Nire ustez, Poliziak gehiago egin beharko luke sexu esplotazioa ekiditeko.
Zein litzateke arazo horren irtenbidea?
Emakumeen sexu esplotazioaren arloan kontzientziazio lan handia egin behar da. Ezinbestekoa da proxeneta bera zigortzea, baita bezeroa ere. Azken finean, prostituten bezeroek emakumeak gutxietsi egiten dituztelako ordaintzen dute zerbitzu hori. Badirudi gizonezkoak pentsatzen duela: «50 euroren truke nik nahi dudana egitera behartua zaude». Horrek ez luke horrela izan behar. Bestalde, prostitutek administrazioaren benetako babesa behar dute, proxeneten mehatxuei beldurrik ez izateko.