ELENek kontseilari presoak, Sanchez eta Cuixart askatzea galdegin du

ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareak aho batez onartu du Kataluniako Gobernuko kontseilari, ANCko presidente eta Omniumeko presidente espetxeratuak aske uztearen aldeko adierazpena.

ELENek Europako Parlamentuan antolatutako hitzaldi bat, artxiboko irudian. EUROPAKO PARLMENTUA
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko azaroaren 15a
12:45
Entzun

Prozesu subiranistaren sustatzaileen espetxeratzea salatu zuen elkarteak, joan den asteburuan, Valentzian (Herrialde Katalanak) egin zuen batzar orokorrean.

ELEN hizkuntza gutxituen garapenerako gobernuz kanpoko erakundea da. 24 estatutako 150 kidek osatzen dute, eta 45 hizkuntzaren egoera hobetzea du helburu. Plataforma per la Llengua eta Accio Cultural del Pais Valencia elkarteak ere sareko kide dira, eta haiek bultzatu zuten Generlitateko kontseilari espetxeratuen, Jordi Sanchez ANCko presidentearen eta Jordi Cuixart Omniumekoaren aldeko adierazpena.

Davyth Hicks ELENeko idazkari nagusiak nabarmendu du Omnium elkartea sareko kideetako bat dela, eta ahal duten babes guztia eskaini die espetxeratuei. Preso dauden Generalitateko kideek hizkuntza gutxituen alde egin duten lana ere goraipatu du. "Oriolek [Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak] eta Raulek [Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilariak] nekagaitz egin dute lan hizkuntza gutxitu guztien alde Bruselan jardun direnean, eta pribilegioa izan da Oriolekin lan egitea bera gutxiengo nazional eta linguistikoen taldeko kide zenean". Hicksek espetxeratuei leporatzen zaizkien karguak bertan behera uzteko eskatu dio Espainiari. "Elkarrizketa da bide bakarra", adierazi du.

ELENeko presidente Ferran Suayk adierazi duenez, elkarteak "Europako balioekiko eta demokraziarekiko" konpromiso sendoa du, eta kezka adierazi du Katalunia "demokrazia atzeraldi egoeran" dela eta. Suayk dei egin die elkarteko ordezkariei haien herrialdeetan sarearen adierazpenaren berri ematera. Haren esanetan, hizkuntza gutxituetako hiztunek ongi dakite "elkarrizketa soilik posible dela balio demokratikoekiko errespetua dagoenean eta eskubide zibilak defendatzen direnean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.