AEB-Txina. Hu Jintaoren bidaia AEBetara

Elkar ulertu beharra

Elkarrekiko errespetua nabarmendu dute Barack Obamak eta Hu Jintaok, eta desadostasunak saihestu dituzteTxinako presidenteak onartu du asko dutela egiteko giza eskubideetan

Amagoia Mujika Jakes Goikoetxea
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ez dago munduan Hu Jintao beste presidenterik Etxe Zurira sartu den moduan egin duenik: hemendik aurrera munduko gai garrantzitsuenak berarekin negoziatu beharko direla esanez sartu da, agerian utziz erraldoiaren sentiberatasuna mindu gabe etekin handiagoa atera bide zaiola harekiko harremanari. AEBek bisita honen garrantzia kontuan hartzen dutela erakutsi nahian Joe Biden presidenteordea arduratu da harrera egiteaz hegazkina lurreratu denean, eta bi afari eskaini dizkio Barack Obama presidenteak bere etxean, bata euren artean, itxia, eta bestea mandatari garrantzitsuenei soilik eskaintzen zaien Estatu afariarekin. Elkarren artean dauzkaten antzekotasunak nabarmenduz, hauskorrak izan daitezkeen desadostasunak diskretuki gordeta eta hitzak ondo neurtuta bi handienek harremana egonkortzeko bidea eginda atera nahi izan dute bilera sortatik, Obamaren arabera, «datozen 30 urterako gutxienez».

Epe horretan Txinaren botere ekonomikoa gehiago nabarituko baita munduko harreman eta erabakigune politikoetan, eta Txinak AEBen lekua har baitezake urte batzuk barru. Momentuz, aurrez aurre egotetik parez pare egotera pasa dira. Baina Txinak argi utzi du ez duela utziko inork bere arazoetan muturra sartzerik.

Txinari AEBekin ongi moldatzea ere interesatzen zaio. Huk berak aitortu bezala, «harreman onekin asko irabazteko eta txarrekin asko galtzeko» dutelako. Bi herrien arteko harreman ekonomikoak aztertzea izan da agendako gairik garrantzitsuenetakoa. Baina horrekin batera, munduko estrategia politikoetan lehen mailan dauden hainbat gai ere aztertu dituzte: giza eskubideak, Ipar Koreako auzia eta Txinaren armagintza, besteak beste. Tibeten inguruan, ziberpirateriari eta Taiwani armak saltzeari buruzko borrokak beste baterako utzi dituzte, giroa gehiago ez berotzeko. Giza eskubideen alorrean esandakoarekin nahikoa iritzi dio Txinak.

Eta ez du lan erraza izan Obamak giza eskubideen alorrean. Etxeko presioei erantzun beharrez eta Bakearen Nobel saridun den neurrian, Txinari erantzukizuna eskatzea egokitu zaiolako, baina harekin duen harremana txartzeko adina mindu gabe.

1. Giza eskubideak

Tibeteko erbesteratuak Obamari joan zaizkio protesta egitera, eta esatera ez dela onartzekoa etxean hartzea giza eskubideak errespetatzen ez dituen herriaren ordezkaria, haren miserien aurrean ezer egin gabe. Txinari giza eskubideak errespetatzen has dadila esateko agerraldi publikoa egitea eskatu diote hainbat politikarik eta giza eskubideen aldeko erakundek, eta horri erantzunez solas laburra eta gehiegi zehaztu gabekoa egin du Hu Jintaori ongietorria egiterakoan, goizean: «Gizarteak harmoniatsuagoak dira, nazioek arrakasta handiagoa dute eta mundua justuagoa da giza eskubideak bermatzen direnean, gizabanakoaren eskubideak barne».

Arratsaldean, bi agintarien prentsaurrekoan, behartuago, giza eskubideen errespetua eskatu zuen «pertsona guztientzat», Txinaren aipamen zuzenik egin gabe. Txinak, ordea, horri buruz ez du asko esatekorik. «Aurrerapen handiak lortu ditugu, baina asko dugu egiteko», esan zuen Hu Jintaok, galdera bati erantzunez.

Txinak giza eskubideak onartzen dituela nabarmendu zuen, baina baieztapenari nabardurak gehitu zizkion, giza eskubideen urraketak zuritzeko asmoz aipatutako argudioekin: Txina hazten ari den herrialdea dela, populazio handia duela eta giza eskubideen arloan «herrialdeen eta kulturen ezberdintasunak» aintzat hartu beharko liratekeela.

Baina Obamak ere ez ditu aipatu Txinako preso politikoak, hainbat ahotsek eskatu eta Hillary Clinton Estatu idazkariak kritikatu bezala, horien artean Liu Xiaobo aurtengo Bakearen Nobel sariduna eta 08 Eskutitza idatzi zuten gainerako disidente eta ekintzaile politikoak. Eskutitz hartan Txinaren erreforma politikoa aldarrikatzen dute hainbat intelektualek, baina erantzun hauxe eman zuen Txinak Nobel saridunaren berri izandakoan: «Akats handia da Nobelaren bidez Txinako sistema politikoari galga jarri eta herritarren aurrerapausoak gelditu nahi izatea».

Xinjiangen gertatutakoaz ere ez dute hitz erdi bat ere egin, ez behintzat publikoan. Amnesty Internationalek egunotan eskatu dio Txinari erakuts dezala Urumqiko 2009ko borroka etnikoetako atxilotuek politikoki adierazteko askatasuna ez den beste zerbait egin izana. Txinak esan berri du 376 pertsona epaitu dituztela 2010ean ekintza haietan parte hartzeagatik.

2. Ipar Korea

Txinak eragina duen hainbat auzi politiko ere jarri nahi izan ditu Barack Obamaren taldeak mahai gainean, eta Ipar Korean gertatzen dena izan da horietako bat. Konpromiso handiagoa eskatu dio auzia bide onetik joan dadin eta Ipar Koreak Seuleko gobernuarekin hitz egin dezan. Krisi militarra konpontzeko bitartekaritza lan sendoagoa eskatu dio, azken batean, Txinari, eta Hego Koreari bidea errazteko eskaera egingo diola agindu dute estatubatuarrek.

AEBen iturrien arabera, Ipar Korea edota Iran bezalako herrien arma nuklearrak kontrolatzeko bidea errazteko eskatu diote Txinari, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan duen botoa helburu horietan denen interesen alde erabil dezala, «bakearen alde». Segurtasun Kontseiluko boto finkoaren bidez herri horien kontrako zigorrak atzera bota izan dituelako.

3. Armagintza

Bi herrien artean dagoen konfiantza gabezia armagintzaren inguruan dutenari zor zaio, besteak beste, Pekinek pentsatzen duelako AEBek euren hazkundea gelditu nahi dutela, eta Washingtonek, berriz, haren asmo militarrei susmoa hartzen dielako, batez ere Pazifikoan. AEBak kezkatuta daude Txinaren aurrerapauso militarrek euren gaitasuna mugatuko dutela, batez ere Japoniarekin duten aliantzari begira. Japonian 49.000 militar dituzte, eta alarma jarrita dute Pekinek armagintzan egin dituen berrikuntza azkarrean, arma berrien eta indartsuen garapenean, antisateliteetan eta distantzia oso luzeetan helburuak suntsitzeko gaitasuna duten misiletan batez ere.

4. Harreman komertzialak

Txina herrialde aberatsentzat susperraldiaren motorra izatea nahi dute AEBek. Superabit komertzial handiak dituzten herrialdeen idiek defizit komertzial handiak dituztenen gurditik tira egitea nahi du. Nola? Herrialde horietan kontsumoa bultzatuz, herrialde aberatsetako produktuak erosiz.

AEBek 458.655 milioi dolarreko defizit komertziala pilatu zuten iazko azarora arte; Txinak, aldiz, 181.300 milioi dolarreko superabit komertziala izan zuen iaz.

Biak elkar ulertu beharrean daude: AEBak dira Txinako produktuen erosle handiena; beste era batera esanda, Txina da AEBen hornitzaile nagusia.

AEBen mendekotasuna haratago doa, Txina baita AEBen mailegu-emaile nagusia, Txinaren eskuetan baitago AEBen zor publikoaren zati handiena. Iazko azaroan Txinak ia 900.000 milioi dolar zituen AEBen zorretan.

Krisian garaileren bat badago, Txina da. Bere ekonomiak hazten jarraitu du eta iaz ere bi zenbakiko hazkundea izan zuen, barne produktu gordina %10,3 handitu baitzen. 2018an biztanleko aberastasun gehien sortzen duen herrialdea izango da, PwCren azterketa baten arabera.

Txina kontsumitzera behartu nahi dute. Merkatu erakargarria da. Baina AEBek behin eta berriro salatu dute Txinako ateak itxita daudela atzerriko enpresentzat, han saltzeko. Tim Geithner Altxorreko idazkariak bi oztopo aipatu zituen duela astebete: gobernuak Txinako enpresei ematen dizkien laguntzak (mailegu merkeak, lurra) eta atzerriko konpainien jabetza intelektuala lapurtzen dutela.

AEBetako Gobernuak salatu du Txinakoak herrialdeko konpainiak lehenesten dituela kontratuetan, I+G+(B) propioa bultzatzeko, eta baldintza zorrotzak ezartzen dizkiela atzerrikoei.

Geithnerri ahaztu egin zitzaion aipatzea AEBek bertako produktuen aldeko neurriak onartu dituztela (Buy american klausula) eta Txinakoen kontrako arau bat onartzear daudela.

5. Dibisen gerra

Dibisak gatazka iturri dira Txinarentzat eta AEBentzat. Dibisen gerrak elkarren kontrako salaketak eragin ditu, baina salaketa neurtuak izan dira, ez iraintzeko modukoak, elkarrekiko errespetuak eta mendekotasunak behartuta.

Yuana edo renminbia, txinako moneta, balio duena baino apalago mantentzen duela leporatu diote Txinari. Yuana merkea bada, Txinarentzat merkeagoa da esportatzea eta bertako produktuak erakargarriagoak dira atzerriko herrialdeentzat.

Horregatik, yuanak dagokion balioa, merkatuak ematen diona, izatea nahi dute Txinaren lehiakideek, AEBek batez ere. Horrela, Txinarentzat merkeagoa litzateke inportatzea eta gehiago kontsumituko luke.

Txinak esan du yuanari dagokion balioa emateko urratsak egingo dituela, baina pixkana-pixkana. Wen Jiabao Txinako lehen ministroak argi eta garbi esan zuen iazko irailean, New Yorken: yuanak AEBetako zenbait politikarik nahi duten balioa izango balu, langabezia izugarri handituko litzateke eta milaka enpresa itxiko lirateke.

Zenbat gehiago balio beharko luke yuanak merkatuko arauak jarraituz gero? %15 eta %20 arteko kopuruak aipatzen dituzte. Yuanak %3,6ko balioa irabazi du dolarrarekiko iazko ekainetik.

Baina dibisen gerran zozoak beleari ipurbeltz esan dio. AEBek ere neurriak hartu baitituzte dolarraren balioan eragiteko. Erreserba Federalak 900.000 milioi dolar jaulkiko ditu, altxor publikoko bonuak erosteko. Ekonomia suspertu nahi du horrela, baina erabakiak eragina du moneta politikan ere, dolarraren balioa jaistea ere eragiten baitu, AEBen esportazioak merkatuz.

Soka gehiegi ez tenkatzea komeni zaie, apurtu egin baitaiteke: alde batetik, Txinak bere dolarrak saltzeak dolarraren truke tasa hondamendira eramango luke; baina Txinari ez aio komeni dolarrak balioa galtzea, 2,2 bilioi atzerriko dibisetan, gehienak dolarretan.

Diplomazia harreman malkartsuak

Ping-pong partidak

•1971. Munduko Txapelketa jokatzen ari zen Japonian. AEBetako ordezkaritzak ezusteko gonbidapena jaso zuen Txinatik. Hong Kong kolonia zen artean, eta mugako zubia zeharkatuta, ping-pongean aritu ziren estatubatuarrak eta txinatarrak. Harreman diplomatikoak berreskuratzeko hitzordu sinbolikoa izan zen hura.

•1972. Richard Nixon AEBetako presidenteak bisita historikoa egin zuen Txinara. Mao Zedong buruzagiarekin elkartu zen Pekinen. Txina bakarra zela aitortzen zuen dokumentua sinatu zuen Nixonek, Taiwan Txinako parte zela onartuz.

Harremanen hasiera

•1979. Deng Xiaoping AEBetara joan zen. Txinako Alderdi Komunistako buruzagitza hartu eta hilabetera egin zuen bidaia. Jimmy Carterrek egin zion harrera. Urte hartan hasi ziren bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak.

•1989. Tiananmengo Plazako sarraskien harira zigorrak ezarri zizkion Washingtonek Pekini.

•1997. Jiang Zemin AEBetan.

•1998. Bil ClintonTxinan.

•2006. George W. Bushekin elkartu zen Hu Jintao; ez ziola harrera ona egin salatu zuen Huk.

•2011. Barack Obamak Estatu ohore guztiekin jaso du Hu Jintao Etxe Zurian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.