MUNDUA

Elkarrizketak hasi eta urtebetera, bost puntuetatik bi adostu dituzte Kolonbiak eta FARCek

Gaur da urtebete gerrillak aldebakarreko su-etena eman zuela eta bi aldeak Habanan biltzen hasi zirela. Parte hartze politikoaz eta lurraren auziaz bat etorri dira.

jon olano
2013ko azaroaren 20a
11:01
Entzun

Bost puntu agendan, eta horietatik bi, adostuta. Hori da FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketen lehen urteurrenaren balantzea. Iazko azaroaren 19an eman zuen aldebakarreko su-etena gerrillak, eta hurrengo egunean sartu zen indarrean. Egun horretan bertan eseri ziren aurreneko aldiz bi aldeak negoziazio mahaian, Habanan.

Nekazaritzaren garapena, parte hartze politikoa, gatazka armatuaren amaiera, drogen negozioa eta biktimen auzia. Puntu horiek ezarri zituzten negoziazio agendan, eta, urtebetera, horietako bitan lortu dute akordioa; lurraren auzian lehena, eta parte hartze politikoari buruzkoan bigarrena.

Hitz egiten hasi eta sei hilabetera lortu zuten lurraren auziari buruzko akordioa. Kolonbiako landa politika erreformatu asmo duen agiriak "ekoizle txikiei" begiratzen die batik bat: "Nahikoa edo batere lurrik ez duten herritarrak hura eskuratzeko gai izatea bilatzen du". Bakerako Lurren Funts bat sortuta bermatu nahi dute hori.

Parte hartze politikoari buruzko adostasuna, berriz, hilabete honetan bertan heldu da. Gerrillari legezko bideetatik politika egiteko babesa bermatzea adostu dute, baina ez dute zehaztu trantsizioa nola egingo den. Abuztuaz geroztik ari ziren auzi horri buruz hizketan.

Herenegun heldu zioten agendako beste puntuetako batean ados jartzeko elkarrizketari: drogen auzia dute hizpide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.