«Elurra etengabe ari du, malkoen gisan. Nola ez du, bada, zeruak negar eginen gure jenerala, zeruko gizon handi hori, galdu dugunean? Heriotzak jeneralarengandik banandu gaituenez, herria, mendiak eta zerua odolezko malkoak isurtzen ari dira». Ipar Koreako soldadu batek estatuko telebistari egindako adierazpenak dira, Kim Jong-il Lider maitearen hiletan. Hamabi egun bete dira gaur Ipar Koreako buruzagia hil zenetik, eta malkoak izan dira nagusi aldi horretan Asia ekialdeko penintsularen iparraldetik munduratu diren irudietan. Herritar etsituak elkar hartuta karrikan Lider maiteari azken agurra ematen. Tristura eta etsia, baina ordena mantenduz eta kaosean erori gabe, Piongiang osoa gurutzatu duen hileta martxan ikusi den bezala.
Hiriburua zuri-zuri erakutsi dute telebistako irudiek. Lau ordu beranduago hasi da hileta eginkizuna, elurtearen ondorioz. Kim Jong-ilen irudi handi bat gainean daraman autoak zuzendu du konboia. Buruzagia irribarretsu eta gazteago ageri da argazkian, azken urteetako zimurrak eta itxura ahulagoa gabe. Ibilgailu batzuk gibelerago egin du bidea Lider maitearen hilkutxak, auto dotore beltz baten gainean jarrita, eta bandera gorriarekin bilduta, Kim Il-sung aitaren hiletan bezala, 1994an. Segizioak 40 kilometroko ibilbidea egin du hiriburuan barna. Bide bazterrean milaka herritar elkartu dira, soldaduekin batera, elurrari eta hotzari jaramon egin gabe.
Hedabideen sokatira
Telebistako esatariak ahots sakonez eta negar itoan egin du hiletaren kontakizuna. Haren ahotsaren eta soinu bandaren gibeletik, maiz aditu dira jendetzaren negar hotsak. Mendebaldeko eta Hego Koreako hedabideek, ordea, zalantzan paratu dute iparkorearren samin adierazpena, sokatira mediatikoa sortuz: alde batetik, Lider maitearen galeragatik soilik samin kolektibo eta masiboa agerrarazten duten estatuko hedabideak daude, eta, bertzetik, bertan egon gabe tiraniaren propaganda direla dioten atzerriko iturriak. Ipar Koreako hertsidura informatiboak hagitz zail egiten du erdibidea non dagoen jakitea.
John Simpson BBCko atzerriko gaien arduradunaren iritziz, hiletaren «koreografia landuak» eta «jendetzaren eszena hunkigarriek» helburu bat dute: «herrialdea saminean elkartu, eta botere aldaketa segurtatzea». Irudietan ikusitako gauza anitz ere susmagarriak dira Simpsonentzat; adibidez, bide bazterrean ageri den jende anitz «Ipar Koreako mailarako ongi jantzita» egotea, edo «ongi elikatutako itxura» izatea. «Jendetzan zegoen edonork samina agertuko ez balu, arazotan sartuko litzateke. Batzuetan garbi ikusi ahal izan da jendea bere txandaren esperoan zegoela negarrez hasteko».
Hego Koreako Dongseo unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako irakasle Brian Myersek ere Piongiangen propagandaren eskua ikusten du samin adierazpenen gibelean, baina, hala ere, ez die egiazkotasuna ukatzen. «Kim Jong-ili propaganda ofizialak eman dion irudia bere buruarentzat astirik ez duen gizonarena da. Eta liderrak bere gain hartu duen karga horren ondorioz, propagandaren zati handi bat bideratu da jendea errudun sentiaraztera. Horregatik uste dut erruduntasun sentimendu hori dolu zeremonia osoaren parte izan dela».
'Lider gorenaren' osaba
Ibilbidearen zati bat egin dute estatuko goi buruzagiek hilkutxaren ondoan. Haien buru, Kim Jong-un semea joan da, Ondorengo handia hasiera batean, eta azken egunetan herrialdeko hedabideek estatuko, alderdiko eta armadako Lider gorena izendatu dutena. Atzerriko analista oro adi egon da Kim Jong-il hil denez geroztik egin diren ekitaldietan zeintzuk agertu diren, nola kokatu diren, zer keinu egin dituzten... Ondorengotzagatiko ustezko borroka zertan den ondorioztatu nahi dute. Ipar Koreatik ailegatzen diren testu eta irudietan, baina, Kim Jong-un ageri da buruzagi.
Agintari gorena gaztea da, ordea, —1983an edo 1984an jaioa, iturria zein den—, eta atzerriko analistek Jang Song-taeken babespean dagoela diote. Lider berriaren osaba da Jang, eta zendutakoaren koinatua. 2010ean Defentsa Nazionalerako Batzordeko presidenteorde izendatu zuten. Lider maitearen arreba Kim Kyong-huirekin ezkondu zenetik, gero eta ardura handiagoak hartu zituen Koreako Langileen Alderdian. Arlo zibilean egin zuen karrera, baina ez da oharkabean pasatu joan den astean uniforme militarrarekin agertu izana. Hego Koreako analisten iritziz, Kim Jong-unenganako botere trantsizioan Jangek armadaren sostengua segurtatu duen seinale izan da hori. Hiletan zibilez jantzita agertu da, ilobaren gibeletik hilkutxa segitzen. Horrek ere zeresana emanen die atzerriko analistei. Gaur bukatuko da Kim Jong-ilen heriotzagatik ezarritako hamabi eguneko dolu ofiziala.
Elur arteko malkoak
Milaka herritarrek eman diote azken agurra Kim Jong-il Ipar Koreako buruzagiari Piongiang hiriburuko hileta martxanMendebaldeko hedabideek zalantzan jarri dute samin irudiak egiazko ote diren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu