Giza eskubideen arloko ikerlaria

Aventina Matusse: «Emakumeak instrumentalizatu egin dituzte protesten prozesu osoan»

Mozambikeko herritarrak altxatu egin dira gobernuan mende erdia daraman alderdiaren aurka, eta protesta bortitzak izan dira azken hilabeteetan. Matusseren ustez, emakumeak protestetan agertu izan badira ere, «zer egin agindu diete».

Aventina Matusse. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aventina Matusse. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
Gernika-Lumo
2025eko maiatzaren 28a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

CEAP Bakerako Ikerketa eta Ekintza Zentroko ikerlaria da Aventina Matusse (Maputo, 1984). Gernika Gogoratuz elkarteak gonbidatuta, Kulturaren eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldietan parte hartu zuen apirilean, Gernika-Lumon (Bizkaia). Mozambikeko hauteskundeen osteko protesten genero dimentsioak ulertzen hitzaldia eman du bertan.

Ekainean beteko dira 50 urte Mozambikek Portugalgo kolonia izateari utzi zionetik. Bost hamarkada horietan gobernuan egon da Frelimo Mozambikeko Askapen Frontea, eta iazko urrian berriz nagusitu zen bozetan. Oraingoan, baina, hauteskundeen emaitzek protesta odoltsuak eragin zituzten. Venancio Mondlane oposizioko buruak iruzurra salatu zuen, eta Frelimoren aurkako protestak hauspotu zituen. Gobernuak indarra erabili zuen manifestariei aurre egiteko, eta, urritik urtarrilera, gutxienez 360 pertsona hil ziren manifestazioetan. Matusseren ustez, bai protestak hauspotu dituztenek bai gobernuak emakumeak baliatu dituzte beren interesetarako.

Frelimo alderdiak 50 urte daramatza Mozambikeko Gobernuan. Zergatik piztu dira protestak orain?

Zaila da esatea zergatik piztu ziren protestak. Ekainean izango da independentziaren 50. urteurrena; tarte horretan, Frelimo boterean betikotu da, baina prozesu guztian herritarren bizimoduak atzerantz egin du aurrerantz egin beharrean.

Armando Guebuzaren agintaldian [2005-2015], adibidez, esaten zuten ekonomia hazten ari zela, %7 baino gehiago egin zuela gora. Baina hori ez zen sumatzen gizartean, familien bizimoduan. Ekonomia hazten ari zen, baina pobreziak ere gora egin zuen, eta gizartea are gehiago estratifikatu zen: diru asko irabazten zutenen aberastasuna handitzen joan zen, eta gizarteko maila baxuenetan zeudenen egoerak okerrera egin zuen.

Herritarrek hori guztia pairatu dute, hurrengo agintaldian aldaketa iritsiko zen esperantzaz. Baina, agintariak aldatuz joan diren arren, inoiz ez dituzte kontuan hartu herritarrak; ez, behintzat, herritar zaurgarrienak. Azken hauteskundeen ostean horrek guztiak gainezka egin zuen. Jendea aspalditik ari zen zama horri eusten; beti zain, baina aldaketarik ez zen iristen. Beraz, alternatiba baten bila abiatu ziren.

Beraz, bozetako iruzurra salatzea baino zerbait gehiago izan ziren protesta horiek.

Botoen lapurretaren kontua dela-eta hasi baziren ere, protesten eragilea zera izan zen, herritarrak erabat gogaituta zeudela azken 50 urteetako egoeraren ondorioz. Aldaketa baten bila abiatu ziren, Frelimok inoiz aldaketarik egingo ez duela sinetsita.

Eta Venancio Mondlane oposizioko buruak hartu zuen ardura hori?

Venanciok [Mondlane] protagonismoa hartu zuen. Herritarrak etsita zeuden, aldaketa nahi zuten, eta Venanciok txinparta piztu zuen. Ez zuen berritasunik ekarri, bere diskurtsoetan herritarren eguneroko arazoak zerrendatu baino ez zuen egin. Herritarrei arrazoia eman zien, besterik ez.

Venanciok ahotsa eman zien, eta gero eta jarraitzaile gehiago lortu zituen. Salbatzaile moduan ikusten zuten, aldaketa ekarri zezakeen pertsona bakarra bera balitz bezala. Promesa asko egin zituen, baina egun batean diskurtso bat zuen, eta hurrengoan beste bat. Jendea gorrotoz beterik zegoen, eta ez zuten tarterik hartu jabetzeko haren diskurtsoen atzean populismoa zegoela.

Herrialdea sutan zegoenean, berak ihes egin zuen, ez zuen bizi guk bizi izan genuena. Gainera, protestetan hildakoak heroiak direla esan izan du, baina berak bere bizitza arriskuan ikusi zuenean alde egin zuen. Ez du inoiz pausu bat atzera eman. Horregatik da, nire ustez, populista. Herritarrek entzun nahi dutena esaten du, baina ez da herriaz arduratzen.

«Agintariak aldatuz joan diren arren, inoiz ez dituzte kontuan hartu herritarrak; ez, behintzat, herritar zaurgarrienak»

Protestak amaitu dira jada. Egun, nolakoa da egoera?

Itxuraz, normala da, baina ez guztiz ona. Esaterako, iragan astean atentatu bat egin zuten Venancioren oso gertuko pertsona baten aurka. Horrez gain, jendea desagertzen ari da. Batzuk atzeman egin dituzte, eta beste batzuk ihes egin dute. Beldurra da nagusi. Batek ez daki noiz agertu daitezkeen bere etxean. Erregimenaren gustukoa ez den zerbait esanez gero, oposizioko kidetzat har zaitzakete.

Daniel Chapok presidente kargua hartu zuenean [urtarrilaren 15ean] egoera normaltzen hasi zela zirudien: egon ziren protesta txiki batzuk, baina aurrekoen parekorik ez. Halere, itxurazko lasaitasun horrek ere kezka eragiten du. Zer aldatu da, bada? Agian jendea jabetu da ez dagoela zer egiterik. Oraindik protestak zeuden garaian tomateak saltzen ari zen emakume batek galdetu zidan: «Egiten ari garen guztiaren ostean, Venancio boterera iritsiko al da?». Eta nik erantzun nion: «Hemen gertatzen ari den ezerk ez du egoera aldatuko». Batzuetan, sakrifizioak ez dakar emaitzarik. Eta baliteke jendea horretaz jabetu izana.

Eta errepresioak ez du eraginik izan?

Hori da beste aukera. Agian, desagerpenen ondorio da egungo bolada lasai antzerakoa.

Gobernuak nola justifikatu du errepresio hori?

Gai horretaz ez da hitz egiten. Gertatu ez balitz bezala da. Herritarren arteko elkarrizketetan entzuten dira halako kontuak: «Nire senarrak alde egin du. Harekin telefonoz hitz egiten dut, baina ez dakit non dagoen». Ahoz aho zabaltzen diren kontuak dira, baina, noski, ez dago informazio ofizialik. Gobernuari ez zaio interesatzen halakorik zabaltzea.

«Gobernua ere baliatu da emakumeez. Saiatu ziren emazteak konbentzitzen beren senarrei eta semeei protestetara ez joateko esan ziezaieten»

Senarrek ihes egin badute, inor arduratu al da emazteez? Nola bizi izan dituzte emakumeek protesta horiek?

Emakumeak ezkutuan egon dira protesten prozesu osoan, nahiz eta biktima nagusiak haiek izan diren; instrumentalizatu egin dituzte. Senarrak etxetik kanpo zeuden bitartean, emakumeek ezin zuten lasai egon. Horretaz ez da hitz egiten, baina emakumeek asko sufritu dute.

Gainera, erabili egin dituzte. Esaterako, protesta deialdi batean, gizonek, zer egin behar zen erabakitzen zutenek, proposatu zuten emakumeak kalera biluzik irtetea, bozetan botoak lapurtu zituztela salatzeko. Jainkoari eskerrak, ez zuten halakorik egin. Baina ideia hori ere ez zen emakumeen ekimena izan. Halakoetan ikusten da emakumeak protestetan agertu izan badira ere zer egin agindu dietela.

Manifestariak soilik ez, gobernua ere baliatu da emakumeez. Saiatu ziren emazteak konbentzitzen beren senarrei eta semeei protestetara ez joateko esan ziezaieten. Beraz, emakumeak arduratu ziren gizonak kaleetatik ateratzeaz, baina inor ez zen kezkatu emakume horien sentimenduez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.