Enda Kenny Irlandako lehen ministroak alderdiko buruzagitza utzi du

Fine Gael alderdi kontserbadoreko buruzagi gisa dimisioa eman du Kennyk. Iazko bozetan iragarri zuen ez zela berriz ere hautagai izango

Kristina Berasain Tristan.
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurretik iragarritako kronika bazen ere, ezustean harrapatu ditu asko albisteak. Iazko bozetan doi-doi irabazi ostean, Enda Kennykaurreratu zuen ez zela hurrengo hauteskundeetan alderdi kontserbadoreko hautagaia izango. Otsailean, berriz, dimisioa emateko asmoa iragarri zuen. Eta hala egin du. Fine Gael alderdiko buruzagitza utzi duela jakinarazi zuen atzo Twitterren zabaldutako komunikatu baten bidez —bart sartu zen indarrean erabakia—. Lehen ministro gisa, ordea, ordezkoa izan arte eutsiko diola agindu du: «Taoiseach (lehen ministro) gisa nire funtzioak eta erantzukizunak beteko ditut barne prozesu honetan». Alderdiari ekainaren 2ra arteko epea eman dio bere ordezkoa aurkitzeko.

Berez hiru urte barru dira hauteskundeak, baina inork ez du baztertzen aurreratzeko aukera, gobernu koalizioaren ahultasuna ikusita.

Fine Gael gutxiengoan ari da gobernatzen iazko apiriletik, diputatu independente batzuen laguntzarekin. Fianna Failen aurkari historikoaren abstentzioarekin lortu zuen agintera iristea alderdi demokristauak. Errepublikan ezohiko irudia zen. Michael McGrath oposizioko buruak ederki asko laburbildu zuen ituna: «Bi alderdien ia ehun urteko historia aztertzen baduzu, ez da sekula gisa honetako akordiorik egin».

Irlandako bi alderdi nagusiek 63 egun behar izan zituzten gobernu ituna adosteko. Fianna Fail ez zen gobernuan sartu, eta oposiziotik babestu du kontserbadoreen jarduna, eta, dirudienez, estrategia baliagarri izan zaie, askoren iritzi baita koalizioaren barruan burrunba sortzeko indarra dutela egun zentristek.

Fine Gaelek eserlekuen heren bat galdu zuen iazko otsailaren 26ko bozetan; antza, azken legealdian martxan jarritako austeritate programen eraginez. Bozak irabazi bazituzten ere, kolpea latza izan zen kontserbadoreentzat, izan ere, 50 eserleku eskuratuta, gehiengo osotik urrun geratu ziren. Fianna Faelek, berriz, 44 ordezkari lortu zituen, eta bipartidismoa amaitzea lortu ez bazuen ere, errepublikan inoizko emaitza onenak izan zituen Sinn Feinek; hamalau ordezkari zituen lehen, eta 23 lortu zituen. Laboristek zazpi ordezkari lortu zituzten.

Kinielak

Azken hamarkadetako parlamentu zatituenarekin zailtasunez eta kezkaz betetako mandatua izaten ari da Kenny. Eta haren etorkizun politikoaren inguruko kezkak aspaldikoak badira ere, zurrumurruak urte hasieran zabaldu ziren bereziki. Irlandako hedabideek otsailean aurreratu zuten dimisioa emateko bere asmoa, polizia agente batek argitara ateratako ustezko ustelkeria kasu bat zela tarteko.

Kennyk ez dio auzi horri erreparatu, eta alderdiko burua izateaz harro dagoela nabarmendu du: «Ohore bat izan da 15 urtez alderdiko buru izatea, oposizioan eta gobernuan bi agintaldiz jarraian». Enda Kenny (Castlebar, Irlanda, 1951) hamabost urtez izan da alderdi demokristauko burua, azken seirak lehen ministroa ere izan delarik. 2008ko krisiaren ostean iritsi zen agintera, 2011n, eta iazko bozetan berriz aukeratua izan bazen ere, emaitza apalak lortu zituen.

Orain, bere ordezkoa nor izango den asmatu nahian ari dira hedabideak. Leo Varadkar Babes Sozialerako ministroa da faboritoa —jatorri indiarra du—, eta kinielek beste izen bat ere aipatzen dute: Simon Coveney Etxebizitza ministroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.