Iragan abuztuko gerran,galtzaile bakarra ez zen Georgia izan. Moskuren eta Tbilisiren arteko gudan Hego Osetiako eta Abkhaziako independentzia baino zerbait gehiago zegoen jokoan, baziren Georgiaren lurralde osotasunaz bestelako interesak arriskuan. Hala, bi herrialdeen arteko harremanak gehiago gaiztotu ez zitezen, Europako Batasunak egindako ahaleginak ez ziren altruismo hutsean oinarritutakoak izan; izan ere, energia alorrean Europak dituen asmoak modu agerikoan mehatxatu zituen Moskuk. Hori hala, Bruselak, beste behin, Errusiarekiko menpekotasuna gutxitu eta energia segurtasuna bermatzeko proiektuaren aldeko asmo irmoa agertu du.
Errusia-Europa energia binomioa hausteak Europari baino ez dio mesede egingo; horregatik, Mosku ahaleginak egiten ari da gauzak dauden-daudenean gera daitezen. Georgiako gerraren ondotik, badirudi, gainera, Errusiaren baimen aipatugabea beharko duela EBk, haren gasbideak erabili beharrik izan gabe, Asia erdialdetik eskuratutako energia Georgian barna garraiatzeko; Nabucco gasbidearen proiektuak ibilbide hori aurreikusten du. Iragan abuztuko erakustaldi militarrak agerian utzi zuen, utzi ere, Mosku ez dagoela kontzesioak egiteko prest: Georgiaren aurkako erasoek iraun zuten artean SCP Kaukasoko Hegoaldeko oliobidea itxi behar izan zuten.
Energiaren Nazioarteko Agentziako zuzendari exekutibo Nabuo Tanakak emandako datuen arabera, EBk bere energia beharraren %30 inguru Errusiako gas eta petrolio inportazioei esker betetzen du, baina badira Europako ekialdeko hainbat herrialde erabateko menpekotasuna dutenak. Menpekotasun hori, baina, ez da alde batekoa bakarrik; Moskuk bere maila ekonomikoari eusten badio, Europara egindako esportazioei esker baita -esportazioen %70 Europara garraiatutako energiak osatzen du-. Energia Errusiako Barne Produktu Gordinaren (BPG) %25 da.
Nabucco gasbidea
Errusiarekiko menpekotasuna gutxitzeko, Nabucco gasbidea eraikitzea du buruan Bruselak. Egitasmo horrek Kaspiar Itsasotik eta Ekialde Hurbiletik -Iran, Irak, Egipto eta Libiatik- gasa Austriaraino eramatea nahi du, Errusiaren energia egiturak erabili gabe. 2002an aurkeztu zuen proiektua Bruselak, baina oraindik ez dago martxan jartzeko baldintza teknikorik.
Alabaina, Europako Batasunak bere energia iturriak lortzen ez baditu, kontsumoa handitu ahala beste herrialdeen are menpekoago bihurtuko da. Dependentzia Errusiarekiko izango du batez ere, horrek baititu munduko energia erretserben laurdenak. Kremlin da erretserba horien jabe nagusi, Gazprom enpresa estatalaren bitartez. Herrialdeko energia erretserbaren %60 enpresa horren eskuetan dago egun; Estatua, berriz, Gazpromeko akzioen erdien jabe da.
Horregatik, energia politika bateratua eratu eta energia iturri alternatiboak bilatzeko Bruselaren urratsak gertutik ari da zaintzen Gazprom. Ez du gora begira egoteko asmorik hark Europako merkatutik kanporatzen duen artean. Hartara, Ukrainako pasabide polemikoa alboratuta, eta Nabuccoren kontraproiektu gisa, Hegoaldeko Erreka gasbidea eraikitzeko plana aurkeztu du. Gainera, Sobiet Batasuneko kide izandako eta estatu subirano bihurtutako estatuetatik bere gasbideak igarotzeak eragiten dizkion buruhausteak ekidite aldera, badu dagoeneko beste proiektu bat martxan: Iparraldeko Erreka, Baltikoko Itsasotik Alemaniarainokoa.
Aditu gehienek dioteNabuccoren kalterako izango dela Hegoaldeko Erreka; izan ere, oso antzerako ibilbidea egingo dute biek-Turkiatik barna eraikiko dituzte gasbideak biek-. Halaber, Europak urrats txikiak egin ditu azken urteetan, eta Nabuccoren bideragarritasuna bera ere zalantzan jarri dute zenbaitzuek; Errusiak Turkiarekin lankidetza sendotu du, eta Bruselaren eta Ankaren artean, ordea, negoziazioak poliki doaz.
Errusiaren energia gerra
Sobiet Batasuneko kide izandako herrialdeek haren oinordekoarekin lankidetzan aritzeko arbuioa agertu dute bloke komunista desegin zenetik. Errusiatik Europara energia eramaten duten gasbide nagusiak, baina, haien lurretatik igarotzen dira. Energia egiturek ados jartzera behartzen dituzte; baina ezin eramanak ezinezko egiten du askotan. Energiaren prezioak sortu du tirabira gehien, eta halakoetan azken hitza Errusiak duela ikusi da. 2005ean, Ukrainaren eta Errusiaren arteko negoziazioek porrot egin zutenean, besteak beste, energia hornidura etetea erabaki zuen Moskuk. Neurri hark, ordea, Ukrainari ez ezik, Europako ekialdeko beste hainbat herrialderi ere eragin zien. Hori dela eta, Mendebaldeak maiz leporatu dio Errusiari energia gerra arma gisa erabiltzea.
Hala, ez da kasualitate hutsa Errusiak Georgiari eraso egin zioenean AEBek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Tbilisiko gobernuari sostengua iman izana; ez zen kasualitate hutsa Washingtonek Kosovoko alde bakarreko independentzia aitortu izana. Errusiaren energia monopolioari mugak jartzeko ahaleginak daude horien guztien atzean. EBri ere komeni zaio Kaukaso Errusiaren atzaparretatik libre uztea, eta Georgiako gerran su-etena lortzeko egindako ahaleginen helburua horixe zen .
Energia morrontzatik libratzeko gerra
Europako Batasunak energia menpekotasun handia du Errusiarekiko. Haren morrontzatik libratzeko neurriak hartu behar dituela argi du: horietako bat da Nabucco gasbidea eraikitzeko proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu