Herrialde arabiarretako matxinadak

Ennahda alderdi islamistak irabazi ditu Tunisiako hauteskundeak

Islamista moderatuak lehen indar bihurtu dira probintzia guztietan, gehienetan alde nabarmenarekin

Ane Urrutikoetxea.
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Aro politiko berri bat hasi dute Tunisian. Ennahda alderdi islamista moderatuak arrakasta handia lortu du hauteskundeetan: Tunisiako 27 probintzietan nagusitu da. Lerro hauek idazterakoan zenbaketa ofiziala oraindik itxi gabe zegoen; hala ere, lehen emaitzen arabera, botoen %40 lortu dute probintzia gehienetan. Alderdi laikoek porrota onartu dute.

Alderdi islamistak segituan hasi ditu negoziazioak gainontzeko alderdiekin, eta FDTL Lanaren eta Askatasunaren Forum Demokratikoaren buru Mustafa Ben Jafaarri presidente postua eskaini dio. Ennahdako buru Rashid Gannutxik hauteskunde kanpaina aurretik esan bezala, islamismoa moderno bihurtu nahi du: «Alderdi islamista moderatua gara. Gure ustez, erlijioak zeresan handia dauka gizartea eraikitzeko orduan; ustelkeriari aurka egiteko ezinbesteko tresna da, izan ere, erlijioak zintzotasunez lan egiteko eskatzen digu».

Hauteskunde kanpainan azaldu dutenez, alderdiak apustu egin du emakumeek politikan parte hartze handiagoa izan dezaten. Gannutxik segituan jarri du praktikan, bere lau alabak kanpainan eredutzat ipiniz. Jusra Gannutxik adierazi du aitaren alderdia beti egon dela tunisiarren alde eta horregatik izan duela arrakasta: «Tunisiarrek etengabe demokraziaren alde egin duten alderdiak aukeratu dituzte».

Rashid Gannutxik gaineratu du xaria lege islamiarra erabiltzearen alde dagoela Tunisiako Konstituzioa idazteko: «Askok uste dute xaria zigorrak ezartzeko kodea dela, baina ez da egia. Delituak saihesteko modua da. Xariaren arabera, gaizkileak gizartearen biktimak dira, eta gizarteratzeko eskubidea dute».

Ezohiko proposamenak

Ennahdaren proposamenak ez dira alderdi islamistek orain arte egin izan dituztenen antzekoak. Dena den, Human Rights Watcheko behatzaile Ricky Goldsteinek errezeloz hartu ditu alderdiaren hitzak: «Hauteskundeetan oso diziplinatuak izan dira; giza eskubideak eta bereziki emakumeenak babestuko dituztela esan dute, baita bakea mantenduko dutela ere. Baina ez dago argi azken hau nola lortuko duten».

Bestalde, ehunka lagun botoak zenbatu diren egoitzara gerturatu dira, hauteskundeetan ustezko «iruzurrak» izan direla salatzeko. Besteak beste, Ennahadak botoak erosi dituela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.