Herrialde Katalanak

Enric Duran, espetxera

Herenegun atzeman zuten, Bartzelonan, bankuei 492.000 euroko iruzurra egitea leporatuta. Dirua mugimendu sozialetan inbertitzeko asmoa zeukan.

2009ko martxoaren 19a
18:00
Entzun
Enric Duran katalana herenegun atxilotu zuen Mossos d'Esquadrak, Bartzelonan, gaurko sistema ekonomikoaren aurka bankuei 492.000 euroko iruzurra egitea leporatuta, gaur eraman dute epailearen aurrera eta honek kartzelara bidali du, bermerik jarri gabe. Epailearen ustez, karguekin libre utziko balu, Duranek ihes egiteko arriskua legoke. Iruzur egitea eta dokumentazioa faltsutzea egozten dio. Hainbat lagun bildu dira epaitegi aurrean, auzia salatzeko.

Duela urte erdi bat egin zen ezagun Duran, irailaren 17an. Egun hartan, bankuei 492.000 euroko iruzurra egin ziela argitaratu zuen hark Crisi aldizkarian. Dirua 39 finantza erakunderi 68 mailegu eskatuta lortu zuela zioen. Garbi utzi zuen ez zuela dirua itzultzeko inongo asmorik. Beste plan bat zuen: mugimendu sozialetan inbertitzea.

Egin zuenaren berri eman ostean, Hego Ameriketara egin zuen ihes, atxilotu ez zezaten, eta sei hilabete egin ditu han. Aste honetan bertan itzuli da Herrialde Katalanetara, inbertsio horren zati bat besapean zuela. Izan ere, bere balentrien berri aldizkari baten bidez eman bazuen, aurrerantzean ere bide hori erabili nahi du kapitalismoari nola aurre egin erakusteko. Crisi? Podem aldizkaria argitaratu du horretarako. Gaur bertan auzitegi aurrean bildutakoek hedabide hori banatu dute.

Herengun kaleratu zuten aldizkariaren 1. zenbakia, eta Katalunian eta handik kanpo -tartean Euskal Herrian- bi mila boluntario aritu ziren banatzen. Guztira, 350.000 ale inprimatu dituzte: 220.000 katalanez eta 130.000 gaztelaniaz. Duranek ez ezik, herritar askok eta askok eman dute dirua aldizkaria finantzatzeko eta webgune bat ere jarri dute martxan, www.17-sep.info izenekoa.

"Kapitalismorik gabe bizi gaitezke, izan gaitezen nahi dugun aldaketa", dio lehen zenbakiaren azalean. Barruan, besteak beste, kooperatiba ereduaren alde egiten da, bestelako hezkuntza eta osasun sistemak defendatzen dira eta kaleratutako langile batek dituen eskubideak aipatzen dira.

Aldizkarian bertan azaldu du Duranek zergatik itzuli den. "Badaezpadako erbesteratzetik itzuli naiz, gero eta jendetsuagoa den mugimendu sozial batean parte hartzeko". Iruzurra gizartean aldaketa bultzatzeko egin zuela dio, eta krisiak horretarako aukera ematen duela gaineratu. "Aldaketa horretan parte hartu nahi dut".

Espetxeratzeari buruz ere hitz egin du aldizkarian. "Ez naiz etorri epaiketa bati aurre egiteko edo saihesteko. Epaitu nahi nauten edo ez, hori ez da garrantzitsua. Gure etorkizuna dagoela jokoan, horixe da garrantzitsua, eta hemen nago uste dudalako ezagutzen dudan ingurunean baliagarriago naizela ekintza kolektiborako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.