Enric Millo: "Alderdi guztiek dute beren programak aurkezteko eskubidea"

Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen ordezkariak eman du Madrilgo Ministroen Kontseiluko bileraren berri. Generalitateko webgune batzuk ixteko, erakunde batzuk desegiteko eta kargudun batzuei beren postuak uzteko agindu diete.

Enric Millo, asteleheneko agerraldi baten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2017ko urriaren 31
23:37
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak Madrilen bilera egin, eta gobernuaren ordezkari Enric Millok azalpenak Bartzelonan eman. Horrela egin dute gaur. Ezohiko bilera antolatu du Rajoyk arratsaldean, eta Millok egin ditu bozeramaile lanak.

Abenduaren 21eko emaitzak errespetatuko ote dituen galdetu dio Puigdemontek eguerdian, Bruselatik, Espainiako Gobernuari. Millok erantzun dio, iluntzean, "sinestezina" dela horrelako adierazpenak egitea; Espainiako Gobernuak hauteskundeetako emaitzak beti errespetatzen dituela erantsi du. "Alderdi guztiek dute beren programak aurkezteko eskubidea; konstituzioa errespetatzea da muga bakarra".

Puigdemontek abenduaren 21eko deialdiari buruz esandakoek erakusten dute hauteskunde autonomikoak "aitortu" egin dituela, Milloren hitzetan, eta ziurtatu du bozetatik sortuko den parlamentu berria arduratuko dela Katalunia "ordena legalera" itzularazteaz. Edonola ere, 155. artikuluaren ezarpenarekin instituzioak normaltasunez ari direla adierazi du.

Hain justu, Espainiako Gobernuak zenbait erabaki hartu ditu gaurko bileran hauteskunde horiek egin ahal izateko. Generalitateko kargudun batzuk kaleratu ere egin ditu. Lurralde ordezkari batzuk eta Trantsizio Nazionalerako Batzordeari lotutako erakunde batzuk ere indargabetu ditu. Besteak beste, Autogobernurako Ikerketen Institutua itxi du, eta Carles Vives Pi i Sunyer kendu du haren gidaritzatik.

Webgune gehiago ere ixteko agindu du Ministroen Kontseiluak: President.cat eta Govern.cat, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.