«Lotsagarria eta arbuiagarria». Hitz horiekin salatu zuen atzo David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak News of the World egunkariak hainbat urtez egindako telefono entzuketen auzia. Hitzok, ordea, ez dute ezkutatzen aferak Cameron bera hunkitu egin dutela. Izan ere, 4.000 lagunen entzuketak ustez agindu zituenetako bat, Andy Coulson News of the World-eko erredaktoreburu ohia (2003-2007), Cameronen komunikazio arduraduna izan zen urtarrilera arte. Lehen ministroak adiskidetzat zuela esan eta ordubetera Poliziak Coulson atxilotu zuen. Iluntzean askatu zuten, bermepean.
Cameronek justifikatu du «beste aukera bat» eman nahi izan ziola Coulsoni, 2007an auzi horrengatik egunkariko buruzagitza utzi behar izan zuenean. Orduan, entzuketek politikariei, futbolariei eta pertsonaia ospetsuei eragiten ziela zabaldu zen, eta orain arte ez da jakin atentatu islamisten biktimak, Afganistanen edo Iraken hildakoen senideak edo bahitutako nesken familiak ere zelatatu zituztela.
Coulsonek berarentzat edo alderdi kontserbadorearentzat egindako lanari buruzko kexurik jaso ez duela esan ondoren, Cameronek nabarmendu du aferak «esnatzeko» balio behar duela. «Hainbat hamarkadetan zehar, laboristekin edo kontserbadoreekin, politikariek eta prentsak denbora asko igaro dute elkarren sostengua bilatzen, arazoei aurre egin gabe. Bada, nire agintaldian musika amaitu egin da, eta argi eta garbi esango dut: gauzek aldatu behar dute». Lehen ministroak hedabideak arautzeko sistema berria eta «independentea» agindu du, gobernuarekiko menpekotasunik gabekoa.
'News of the World' azkena
Coulson ez ezik, Poliziak Clive Goodman Daily Star on Sunday-eko kazetaria ere atxilotu zuen atzo, Poliziari «legez kanpoko ordainketak» egiteaz akusatuta. Poliziak egunkari sentsazionalista horretako erredakzioa arakatu zuen bi orduz. Goodmanek erret familiaren jarraipena egin zuen News of the World-en, entzuketei esker lortutako informazioa baliatzen zuela jakin zen arte. Eskandalu horrek eragin zuen, hain zuzen ere, Coulsonek egunkaria uztea. Hainbat iturrik diote Coulsonek ere parte hartu zuela polizien erosketan.
News of the World-en 168 urteko historia bihar bukatuko da, egunkariaren jabe Rupert Murdochekixtea erabaki baitu, bere beste hedabideen izenari eta publizitate bidezko sarrerei kalte ez egiteko. Baliteke haren ordez The Sun-ek igandeko bertsioa ateratzea.
Entzuketen auziak Cameron ukitu du, haren laguntzaile ohi baten atxiloketarekin
Aferak prentsaren egoeraz «esnatzeko» balio behar duela ziurtatu du Erresuma Batuko gobernuburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu