Epaileek Anaia Musulmanen liderraren aurkako auzia utzi egin dute

Badieren aurkako kasua Kairoko Helegiteen Auzitegiari igorri diote, «auzia aztertzeko zailtasunengatik»

Xabin Makazaga.
2013ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egipton Anaia Musulmanen buruzagiak epaitu behar zituzten hiru magistratuak inhibitu egin dira, «auzia aztertzeko zailtasunak» argudiatuta, eta Kairoko Zigor Auzitegiak hiriburuko Helegiteen Auzitegiaren esku utzi du kasua.

Mohamed Badie Anaia Musulmanen buruzagi gorenaz gain, mugimendu islamistako bi presidenteordeak —Khairat el-Xater eta Mohamed Raxad Bayumi— eta beste 32 kide daude auzipetuta manifestarien hilketagatik eta «gorrotoa sustatzeagatik». Mohamed Mursiren aurkako estatu kolpearen atariko istiluetan, ekainaren 30ean, bederatzi lagun hil ziren Kairoko Moqattam auzoan, eta Anaia Musulmanen egoitza nagusiari su eman zioten.

Mohamed Amin al-Qarmuti buru duen epaimahaiko hiru magistratuek kontzientzia arrazoiak argudiatu dituzte epaiketa uzteko, bigarren auzi saioaren hasieran, akusatuak ez zirelako presente. Epaiketa abuztuaren 25ean hasi zuten. Orduan «segurtasun arrazoiak» argudiatu zituen Egiptoko Gobernuak akusatuak epaitegira ez eramateko, eta auzibidea atzo arte atzeratu zuten. Bigarren saioa ere akusaturik gabe egin behar zutela ikusita, planto egin dute magistratuek. Are, Egiptoko Barne Ministerioak defentsari agindu egin baitzion Anaia Musulmanen buruzagiak epaitegian izango zirela.

Kairoko Helegiteen Auzitegiak beste epaimahai bat izendatu beharko du orain, Badie, el-Xater, Bayumi etaAnaia Musulmanetako beste 32 kideak epaitzeko. Epaimahai berria izendatu bitartean, behin-behinean preso jarraituko dute akusatu guztiek.

Mursik uko egin dio defentsari

Anaia Musulmanen kontrako epaiketa bat utzi dute bertan behera, baina datorren astelehenean Mohamed Mursi Egiptoko presidente kargugabetuaren kontrako epaiketa hastekoa da. Mursi eta Anaia Musulmanetako 14 kide epaituko dituzte, 2012ko abenduaren 5ean, konstituzioari buruzko dekretua argitaratu berritan, Itihadiyako egoitzaren aurrean izaniko istiluengatik.

Epaimahaiari zilegitasunik ez diolako aitortzen, Mursik defentsa abokatuei uko egin diela jakinarazi du Askatasunen Batzordea Abokatu Sindikatuko Mohamed el-Damatik. Zilegitasunaren Aldeko Batzorde Nazionalak mundu osoko epaileak deitu ditu auzi saiora, baina prozesuaren lekuko izateko, ez Mursi defenditzeko. Presidentetzan urtebete egin ostean atxilotu zuen Mursi armadak, uztailaren 3an, eta ordutik jakitera eman ez duten leku batean daukate preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.