Eskoziak estatu independente izan behar duen bozkatuko dute datorren ostegunean eskoziarrek. Inkestek ez diote garaipen argirik ematen ez independentismoari ezta unionismoari ere, eta kanpainako azken egun eta orduak baliatzen ari dira bi aldeak zalantzatiak erakartzeko.
Une historikoa da egungoa, besteak beste Eskoziako prozesu subiranistak nazioartean ireki ditzakeen jokalekuengatik. Hortaz, datozen egunetan Eskoziako erreferendumaren inguruko azterketa zehatza egingo du BERRIAk, Eskoziako bidegurutzea blogaren bidez. Albisteak, zalantzak, kronikak eta beste hainbat eduki bilduko dira blogean.
Horrez gain, Edinburgotik ari dira Samara Velte BERRIAko kazetaria eta Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria egunerokoaren berri ematen.
Bestalde, bozketaren biharamunean, irailak 19, telebista saio berezi bat eskainiko du Hamaika telebistak, Eskoziaren ordua izenburupean. Saio berezi hori Norabidea blogaren eta Hamaika telebistaren elkarlanari esker gauzatuko da, eta 11TBren kanalean eskaintzeaz gain (22:00), Interneten ere sareratuko da Berria.eus, Hamaika.eus eta Norabidea.info webguneetan.