Katalunia

"Erantzun politiko bat" eskatu dio Puigdemontek Europari

Presidente kargugabetuak salatu du epaile baten erabakiak bi milioi botok baino "garrantzi handiagoa" duela.

Puigdemonten agerraldia Junts per Catalunyaren kongresuan. BERRIA
2018ko martxoaren 10a
19:15
Entzun

Generalitateko presidente berria aukeratzeko inbestidura saioari data jarri eta egun gutxira atzeratu behar izan du parlamentuko presidente Roger Torrentek. Arrazoia, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak ez diola baimenik eman hautagai bakarrari, Jordi Sanchezi, espetxetik irteteko. Erabakiak atzera-aurrera gabeko egoeran utzi du beste behin Katalunia.

Junts per Catalunyaren batzarrean bideokonferentzia bidez egindako agerraldian erabakia kritikatu du Carles Puigdemontek: "Bi milioi katalan baino garrantzitsuagoa da epaile bat? Ez dut onartuko. Zenbat iraungo du honek, Europa? Zergatik ez dago erantzun politiko bat?".

Presidente kargugabetuak leporatu dio Llarenari alderdia iraintzea eta jazarriak izateko "mehatxupean" jartzea, "hark edo Espainiako Gobernuko bere lagunek" euren hauteskunde programa gustuko ez dutelako. "Giza eskubideak errespetatuko dituen errepublika bat nahi dugu. Itxaropena, errespetua, bakea eta askatasuna emango diguna eta menpeko eta esaneko gisa tratatuko ez gaituena".

Hian zuzen ere, Espainiako justiziatik ihes Belgikara erbesteratutako kontseilarietako bat, Clara Ponsati, Eskozian da egun. 2017an Generalitatean sartzeko utzitako irakasle lanetara itzuli da, St. Andrewsko Unibertsitatera.

 

100.000 bazkidetik gora

Ohiko batzarra egin du Omniumek Bartzelonan, bertan jakinarazi du dagoeneko gainditu duela 100.000 bazkideko langa, eta babes horrekin Errepublika eraikitzeko lanean jarraituko duela datozen hilabeteetan ere. "155. artikuluaren aurka egiteko balioko digun gehiengoa behar dugu", aldarrikatu du Marcel Mauri presidenteordeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.