Iragan asteko eraso kimikoa Siriako armadak egin izanaren frogak aurkezteko eskatu dio herrialde horretako Atzerri ministro Walid al Mualemek nazioarteko komunitateari. Halaber, ohartarazi du Sirian esku hartze militar bati ekiteak soilik Israelen eta Al Quaedaren interesei egingo liekeela mesede. "Arma kimikoen erabileraren aitzakia gezurrezkoa da", esan du. Atzerriko indarrek eraso eginez gero, Siriako armadak erantzun egingo duela ohartarazi du.
Izan ere, Siriako Gobernuari egotzi diote AEBek iragan asteko eraso kimikoa egin izana. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari John Kerryk gaitzetsi egin du arma kimikoen erabilera, eta "lohikeria moraltzat" jo du erasoa. Siriako Gobernuari egotzi dio arma horien erabilera, argudiatuta erregimenak gordetzen dituela herrialdeko arma kimikoak. Hala ere, ez du zehaztu AEBek Siriako gatazkan esku hartuko duten.
Kerryren ondoren, Etxe Zuriko bozeramaile Jay Carneyk adierazi du "sinesgarritasun eskasa" duela Al-Assadek, eta eraso kimikoa ikertzeko saioei "oztopoak" jartzea leporatu dio Siriako Gobernuari. Carneyren esanetan, Barack Obama AEBetako presidenteak emango du jendaurrean Siriari buruzko erabaki baten berri, baina gaineratu du ez dagoela horretarako eperik.
Europako eta arabiar herrialdeetako aliatuekin hizketan izan dira Obama eta Kerry, balizko esku hartze baten inguruan hitz egiteko. Errusia esku hartze horren kontra azaldu da, eta beto eskubidea du Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Hori horrela, NBEren onespenik gabeko erasoa presta lezakete AEBek eta haren aliatuek.
Hain justu, bihar ziren elkartzekoak Errusiako eta AEBetako diplomazia taldeak, Siriako gatazkaz hitz egiteko. Bilkura hori bertan behera utzi dute, ordea, AEBek. Bilera aurrerago egiteko prest azaldu dira, irtenbide "politiko eta iraunkor" baten beharra nabarmenduta.
Errusiak kritikatu egin du bilera bertan behera utzi izana. "Tamalgarria da gure lagunek alde biko bilera bertan behera utzi izana Siriari buruzko nazioarteko konferentzia baten antolaketaz eztabaidatzeko", esan du Twitter bidez Errusiako Atzerri ministrorde Gennady Gatilovek.
Erresuma Batua, "neurriko erantzun" baten bila
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren iritziz, "gaitzesgarria" da iragan asteko eraso kimikoa, eta jakinarazi du "neurriko erantzun" bat emateko ari direla lanean. Gaurko egunean zehar jakinaraziko du ea parlamentuan bilkura batera deitzen duen, Siriako azken gertakariei nola erantzun eztabaidatzeko.
Tony Blair lehen ministro ohiak ere hitz egin du Siriako auziaren inguruan. The Times kazetan argitaratutako elkarrizketa batean, Sirian esku hartze militar bat abiatzearen alde agertu da. "Unea heldu da", esan du.
"Irak eta Afganistango kanpaina luze eta mingarrien ondoren, ulertzen dut agitazio politikotik urrun egon nahi izatea, begira egon baina esku ez hartzearena", erantsi du. 2003ko Irakeko gerran AEBen aliatu izan zen Blair.