NAZIO BATUEN ERAKUNDEAREN ERREFORMA

«Eraso prebentiboak» bultzatzeko eskumena edukiko du NBEk

Segurtasun Kontseiluko kide kopurua 15etik 24ra igotzeko bi proposamen egin dituzte 95 orrialde dituen dokumentuan

Kristina Berasain Tristan.
2004ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek Iraken «gerra prebentiboa» abiatzeko bere kasa hartu zuten erabakiak agerian jarri zuen iazko martxoan NBE Nazio Batuen Erakundean jada errotuta zegoen krisia. Erasoa egin eta zazpi hilabete geroago Washingtonen okupazioa zilegitu zuen 1511 ebazpena onartu zuen Segurtasun Kontseiluak. Erabaki hori «erakundearen suizidioa» izan zela adierazi zuen enbaxadore batek: «AEBek herrialde bat indarrez hartzen ahal dute eta nazioarteko komunitatearen sostengua jaso». Irakek nazioarteko erakundearen «hutsaltasuna eta eraginkortasun eza» agerian jartzeko balio izan zuela iritzi zion Princeton Unibertsitateko Anne-Marie Slaugther adituak. Kofi Annan idazkari nagusiak erakundea «bidegurutzean» zegoela onartu zuen. Hausnarketa bideratu behar zela ere iritzi zion:«Norberak bere aldetik erabilitako legerik gabeko indarra ugaltzea saihesteko». 2003. urteko irailaren 23an erakundea erreformatzeko hamasei adituz osatutako taldea eratu zuen Annanek. Urte bateko lanaren ondoren, atzo, taldea zuzendu duen Thailandiako lehen ministro ohi Anand Panyarachunen eskutik jaso zuen idazkari nagusiak adituen txostena.

XXI. mendeko erronkak erakundea sortu zen garaiarekiko ezberdinak direla eta, hartara, aldaketa sakonak egin behar direla ohartarazi dute aholkulariek 95 orrialde dituen txostenean. Bertan «gerra prebentiboan» eraginkorragoa izatea proposatzen zaio erakundeari eta, zentzu horretan, erasotuak izan aurretik ekintzara pasatzeko aukera aitortzen zaie agintariei euren herrialdea babestu ahal izateko. Aukera hori, beti ere, «prebentzio baketsuak» porrot egiten duen kasuetan soilik baliatu behar dela zehazten da. Nazio Batuen Itunaren 51. artikuluak, alta, erasotua izan aurretik ekintzara pasatzea debekatzen die herrialdeei.NBEko estatu kideek erabakiak Segurtasun Kontseiluaren oniritziarekin hartu behar dituztela uste dute adituek: «Erasoak egiteko irrikatan dauden herrialde horiei erantzun behar zaie, mehatxu potentzialez beteta dagoen mundu batean, munduko ordenarentzako arrisku handiegia dela eraso prebentibo unilateralak onartzea».«Terrorismoa», krimen antolatua eta arma nuklear, kimiko eta bakteriologikoak dira, adituen ustez, mende honetako mehatxu berriak eta, ondorioz, arma nuklearrak ugaltzea eragotzi behar dela uste dute. Munduko segurtasuna handitzeko 101 proposamen egiten dituzte.Bestelako mehatxu ekonomiko eta sozial berriez ere mintzatzen da: pobrezia, infekziozko gaitzak tartean ihesa, ingurumen arazoak eta hondamendi naturalak. Mehatxu hauei guztiei aurre egiteko «garapena sustatzea» armarik onena dela uste dute.

Beto eskubidea eztabaida iturri

Nazioarteko erakundeko arima den Segurtasun Kontseiluan erreforma sakonak egin behar direla pentsatzerakoan bat datoz aholkulariak. Dena den, ez dute, denen gustukoa izan den formula magikoarekin eman. Erakundearen kide kopurua hamabostetik hogeita laura igotzeko bi proposamen egiten dituzte aholkulariek. Aurrenekoan beto eskubiderik izango ez zuketen sei kide iraunkor berri eta beste hamahiru ez-iraunkor egongo lirateke. Bigarren proposamenean, berriz, figura berri baten sorrera planteatzen da: kide erdi iraunkorrak sortzearena, alegia. Hauek ere ez zuten beto eskubiderik izango, baina lau urtetik behin aldatuko lirateke kide ez-iraunkorrak bi urtetik behin aldatzen dira. Ildo horretan, zortzi kide erdi iraunkor egongo lirateke eta hamaika ez-iraunkor.

Gaur egun hamabost herrialdek osatzen dute Segurtasun Kontseilua eta horietatik bost kide iraunkorrak dira AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Txina. Aholkulariek beto eskubidea izateari «pribilegio arkaikoa» iritzi diote baina, inondik inora, ez dute proposatzen betoa duten herrialdeei eskubide hori kentzea edo eskubide hori beste herrialde batzuei ematea. Alemania, Japon, Brasil, India eta Nigeria dira, memento honetan, kide iraunkor izateko aukera gehien dituzten herrialdeak txostenak ez du herrialderik aipatzen. Pakistan, Mexiko, Argentina, Italia, Egipto eta Hegoafrika aukerak dituzte ere erabakia nagusienak hartzen diren erakunde horren parte izateko. Batzuk eta besteek euren interesen araberako argudioak baliatzen dituzte euren eserlekua lortu ahal izateko, hau da, populazioa batzuetan eta aurrekontuen finantzaketa bestetan.

Batzar Nagusia sendotzeko gomendioa

NBEko Batzar Nagusia, dena den, sendotu egin behar dela proposatzen dute aholkulariek erreformen artean eta krisi egoeretan erakundea «eraginkorragoa eta azkarragoa» izan behar duela. Orotara 191 herrialdek osatzen e daude.

Nazioarteko hainbat agintariek erreforma proposamen inguruko adierazpenak egin zituzten atzo. Indiako Atzerri ministro Natwar Singhek herrialdea beto eskubiderik ez izatea «onartezina» izango dela jakinarazi zuen atzo. Alemaniako Atzerri ministro Joschka Fischerrek, berriz, «memento honetan» kide iraunkor izatea edo ez «bigarren mailako» afera dela esan zuen: «Erakundean erreforma politikoak egitea da orain inportantea».Pakistango presidente Pervez Musharraf Buenos Airesera iritsi zen atzo bidai ofizialean. Argentinako presidente Nestor Kirchenerrekin bat etorri zen Musharraf nazioarteko erakunde «demokratikoagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa» eratu behar dela esaterakoan.Japoniako enbaxadore Koichi Haraguchik, berriz, munduko mehatxuei aurre egiteko «kide iraunkor eta ez-iraunkorren» kopurua handitu behar dela iritzi zion. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Zhang Qiyuek, alta, edozein erreforma kide iraunkorren artean «demokratikoki» eztabaidatu behar dela iritzi zion herrialdeen artean «interes oso ezberdinak» daudela argudiatuta. NBE betoa duten bost indarrek kontrolaturiko erakundea dela salatu dute behin baino gehiagotan nazioarteko hainbat adituk. Kofi Annanen arabera, berriz, «herrialde guztien plaza» da. Plazan sartzen diren kideak bere horretan utzi edo zabaltzeko aukera dute orain agintariek.

-

Datua





60

NBE Nazio Batuen Erakundea 1945. urtean sortu zen. Beraz, datorren urtean hirurogei urte beteko ditu. Kofi Annan idazkari nagusiak hori baliatuko du erakundearen barruan beste pauso bat emateko. Adituen txostenean oinarrituta, bere proposamenak aurkeztuko dizkie datorren martxoan herrialdeei idazkari nagusiak, eta irailean, berriz, azken dokumentu hori Batzar Nagusian eztabaidatzea eta onartzea espero da.

-

USTELKERIA



 

Kofi Annanen dimisioa eskatu du senatari batek





NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanen dimisioa eskatu zuen herenegun AEB Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko senatari errepublikano Norm Colemanek. Petrolioa Elikagaien Truke programan ustez izandako ustelkeria aztertzen ari den ikerketa taldeko burua da senataria eta «eskandalua» iritzi zion idazkari nagusiak «dagoeneko» dimisioa eman ez izanari. The Wall Street Journal egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan nazioarteko erakundeak «sinesgarritasuna» berreskuratu ahal izateko «benetako azterketa independentea» egin beharra dagoela adierazi zuen: «Erabat zabalduta dagoen ustelkeria hau munduko beste erakunderen batean gertatu izan balitz, bertako presidentea aspaldian kargugabetuko zuketen».

Nazioarteko erakundeko 2.700 langilek bere sostengua erakutsi zioten atzo idazkari nagusiari eskutitza baten bidez: «Inoiz baino lan orekatua, justua eta funtsezkoa egiten ari dela iritzi diogu». NBEko bozeramaile Fred Eckhardek ahots kritikoak «urriak» direla eta idazkaria bere agintaldia bukatu duela iragarri zuen atzo bi urte eta hilabete bat gelditzen dira agintaldia amaitzeko.Iraken 1996 eta 2003 urteen bitartean indarrean egon zen Petrolioa Elikagaien Truke programan 21.000 milioi dolar desbideratu zirela ondorioztatu du ikerketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.