«Eraso terrorista bat» izan da Bagdaden, Yahia Rasul Irakeko armadaren bozeramailearen esanetan. Azaldu duenez, bi erasotzailek beren buruaz beste egin dute, eskura zituzten lehergailuak aktibatuta, Poliziarengandik ihes egiten ari zirenean. Datu ofizialen arabera, gutxienez 28 dira hildakoak, eta zaurituak, 70etik gora.
Leherketak Bagdad erdigunean gertatu dira, Al-Tayaran plazan egin ohi den bigarren eskuko arropa merkatu batean. Irakeko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, biktimak inguruko zortzi ospitaletara eraman dituzte anbulantzian.
AEBen inbasioaren ondorengo urteetan, ugariak izan dira lehergailuen bidezko eraso suizidak Bagdaden, baina kopuruak nabarmen egin du behera hiriburuan azken urteetan. Gisa horretako azken erasoa 2019ko ekainean izan zen.
Estatu Islamikoaren aldekoek aldarrikatu dituzte orain arte eraso suizida gehienak. Aldiz, Iranek babestutako miliziek gehiago erabili dituzte misilen eta morteroen bidezko erasoak, AEBetako indarren nahiz enbaxadaren aurka egiteko. Oraingoz, inork ez du gaurko erasoa bere egin.