Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi eta astebete pasa ostean «larrialdiko bilera» antolatu du EB Europako Batasunak auziaz hitz egiteko. Josep Borrell Atzerri gaietarako goi ordezkariak egin du deialdia, «krisiaren atzean dauden enfrentamenduei erantzun iraunkor bat» aurkitzeko asmoz. Baina nazioartean bezala, EBn ere gehiago dira Israelen aldekoak, aurkariak baino. Alemaniak berak behin eta berriz berretsi du «bere burua defendatzeko eskubidea» duela Benjamin Netanyahu lehen ministroak gidatzen duen herrialdeak, eta berdin egin dute Austriak eta Txekiak ere. Gutxi batzuk izan dira, Irlanda kasurako, erasoaldiaren kontra mintzatu direnak.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan ere porrot egin dute hirugarrenez Israelen jarrera gaitzesteko Txinaren ahaleginek. Beste behin, AEBak izan dira akordioa blokeatu dutenak, argudiatuta halako testu bat ez litzatekeela «baliagarria» egoera baretzeko, eta Washingtonek «gatazka gelditzeko» ahaleginetan jarraitzen duela. Hain zuzen ere, Segurtasun Kontseiluaren bilera amaitu eta ordu gutxira hitz egin zuen AEBetako presidenteak Netanyahurekin, eta beste behin babesa helarazi zion, nahiz eta nabarmendu zuen Etxe Zuria su-etena sostengatzeko prest legokeela.
Presiorik gabe, eta nazioarteko potentzia nagusien babesarekin, bi milioi pertsonaren bizileku den lurraldea bonbardatzen jarraitu du bart gauean eta gaur goizean Israelek. Euro-Mediterranean Monitor gobernuz kanpoko erakundearen arabera, maiatzaren 10etik 17rako tartean 2.400 misil jaurti eta 1.400 artilleria eraso egin zituen Tel Avivek. Azken orduetan bonbardatutako guneen artean dira Ilargi Erdi Gorriaren egoitza bat, erietxeak, eskolak eta horietara doazen errepideak. Hildakoak dagoeneko 212 dira, eta zaurituak, 1.500dik gora.
Gertatzen ari dena salatzeko greba orokorrera deitu dute Al-Fatahk eta Hamasek lurralde okupatuetan. 1936tik lehen aldia da Palestina osoan egiten dela halako deialdi bat —ordu hartan greba 174 egunez luzatu zen—. Antolatzaileek ekintza ekonomiko oro eten eta eskola ixteko deia egin dute.
Bonbardaketak Jordaniako mugan
Gaza ez ezik, Jordaniako muga ere bonbardatu du azken orduetan Israelek. Tel Aviveko iturriek zabaldu dutenez, Israel aldera zihoan drone bat suntsitu dute segurtasun indarrek. Baina ez dute argitu aparatua nondik sartu den herrialdean.
Ordu batzuk lehenago, Jordaniako Parlamentuak mozio bat onartu zuen Israelgo enbaxadorea herrialdetik kanporatu eta Jordaniak Tel Aviven duenari azalpenak eskatzeko. Abdullah II.a erregeak berak bart hitz egin zuen NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresekin, nazioarteak «geldiarazi» egin beharko lukeela Israel.