AEB

Erasorako armak debekatu «beharra» dagoela esan du Bidenek

Kongresuko kideei armak kontrolatzeko neurriak hartzeko eskatu die AEBetako presidenteak. Errepublikanoek ez dituzte demokratek proposatutako neurri murriztaileenak onartuko. Beste bi tiroketa izan dira herrialdean, eta horietako batean bi pertsona hil dituzte.

Joe Biden, atzo, Etxe Zurian, diskurtsoa emateko pronto. EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 3a
16:53
Entzun

Azken egunetan AEBetan gertatutako tiroketek eragindako hildakoen ondoren, Joe Biden presidentea herrialdeari zuzendu zitzaion atzo. «Erasorako armak eta gaitasun handiko kargagailuak debekatu beharra dugu», nabarmendu zuen. Baina Etxe Zuriko maizterrak badaki errepublikanoak ez daudela ados lehen neurriarekin, behintzat; ez dutela onartuko, «eta, ezin baditugu debekatu, horiek erosi ahal izateko adina 18tik 21era igo beharko genuke». Diskurtsoan eskaera batzuk egin zizkien Kongresuko kideei: erosle posibleen aurrekarien egiaztapena indartzea; armak modu seguruan gorde ahal izateko legea aplikatzea; eta bertan behera geratzea «armagileak babesten dituen immunitatea».

«Nahikoa da», errepikatu zuen behin baino gehiagotan. Biden mintzatu eta gero, ordea, AEBetan gertatutako beste bi tiroketaren berri eman zuten: Amesen (Iowa) bi emakume hil zituen gizon batek —bere buruaz beste egin zuen erasotzaileak ondoren—; eta Racinen (Wisconsin) bi pertsona zauritu zituzten, tiroz. Eraso horiei gehitu behar zaizkie azken bi asteetan gertatutako tiroketa masiboak: 21 hildako Uvalden (Texas), hamar Buffalon (New York) eta lau Tulsan (Oklahoma).

Bidenen esanetan, tiroketetatik bizirik atera direnek mezu bat bidali nahi diete politikariei: «Zerbait egin ezazue, soilik zerbait egin ezazue, Jainkoarren». Hain zuzen, New Yorkeko estatuko Asanbleak atzo onartu zuen armen kontrolerako neurri sorta bat, eta horien artean dago errifle erdiautomatikoak erosi ahal izateko gutxieneko adina 18 urtekoa beharrean 21ekoa izatea.

AEBetako presidenteari iruditzen zaio neurrien helburua dela adingabeak, familiak, «komunitateak bere osotasunean» babestea, eta kontua ez dela inori eskubideak kentzea. AEBetako Konstituzioaren bigarren emendakinak armak edukitzeko eskubidea aitortzen du, baina, Bidenen hitzetan, «beste eskubide guztiak bezala», ez da «absolutua».

Neurriez hitz egiten

Alderdi Demokratako eta Alderdi Errepublikanoko bederatzina senatari joan den astetik ari dira hitz egiten neurri sorta bat adostu ahal izateko, eta, horrela, bozketa batean, bi aldeen babesa jaso dezan. Baina demokratek proposatutakoak baino apalagoak izango dira. Errepublikanoek planteatzen dute eskoletako segurtasuna indartzea, eta, besteak beste, buru osasuneko programak finantzatzea.

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako demokraten liderrak atzo esan zuenez, behe ganberan datorren astean eztabaidatuko dute neurri sorta bati buruz. Senatari eta diputatu errepublikano gehienek garbi utzi dute oztopatu egingo dutela estatubatuarrek armak erosi ahal izatea mugatzen duen edozein saiakera. Errepublikanoek errepikatu egin dute halakoetan erabili ohi duten mezua: «Morroi gaizto bat geldiarazten duen bakarra zera da, morroi zintzo bat arma batekin».

Kanadan, mugatu

Uvaldeko hilketa gertatu eta gero, suzko armen salerosketa eteteko lege proiektu bat aurkeztu zuen Kanadako Gobernuak, joan den astelehenean «Finean, suzko armen merkatua mugatu nahi dugu», azpimarratu zuen Justin Trudeau lehen ministroak. Proposamena parlamentura eramango dute,eta, liberalek gehiengorik ez duten arren, onartzeko moduan dira Alderdi Demokratiko Berria indarraren babesarekin.Proposamenak baditu salbuespen batzuk, baina, esate baterako, armak edukitzea de-bekatzen die indarkeria matxistarekin edo jazarpenarekin lo-tutako delituak egin dituztenei,eta herrialde osoan dagoen arma kopurua mugatu nahi du. Gobernuak jakinarazi du, gainera, norbanakoen erasorako armak erosiko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.