Israel

Erasotzaile izatera behartuak

Dor Sandakek palestinarren giza eskubideen alde borrokatzeari ekin dio, armadan derrigorrean hiru urte egin ostean

Jerusalem
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Dor Sandak elkarrizketarako hitzordura hamar minutu beranduago heldu da, baina larri ez delako puntual. Denborarena diziplina militarretik geratu zaion gauzetako bat da. Denbora baloratzea, minutu bakoitza. 29 urteko gazte horrek AIC Informazio Zentro Alternatiborako egiten du lan gaur egun, autisten zentro batean ere boluntarioa da, eta Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearrean historia ikasten du. Orain ekintzailea da; lehen, soldadu. Aldaketa hori ez da erraza izan, eta arazo psikologikoak eragin dizkio, baina nahiago du horretaz ez hitz egin. Eseri egin da, eta kafe bat hartuz soldadu egindako hiru urteak gogorarazi ditu, buruz bezala bizitakoa kontatu ere, ia indiferentziaz, aurrera jarraitzeko mekanismoa balu bezala, eta, besteak beste, kolonoen okupazioa salatzera Jerusalem ekialdera, Sheik Jarrara, nola heldu den ulertzera.

Galilean jaioa (Israel), kibbutz batean —nekazaritza etxalde kolektiboan— bizi izan zen 19 urte bete arte. Ama poloniarra du, eta haren aldeko amona Holokaustoaren biktima izan zen. Aita marokoarra du, eta berak eta bi anaiek ez dute sekula erlijio judua praktikatu. «Nire kibbutza ezkertiarra zen, bai; nire familia judua da, baina nik ez dut sekula sinagoga bat ikusi nire kibbutzean, ezta jendea kipparekin ere. Uste dut denok sinesten dugula zerbaitetan, baina ez du zertan izan jainko kristauean, juduan edo arabiarrean…». Bizimodua han «zoriontsua» zuen. Heziketa ona jaso zuela uste du. Oraindik etxaldean ez da urik ordaintzen, ezta argindarrik ere; garbitegiak denonak dira, eta eskolak denontzat. Denek lan egiten dute komunitatearentzat, eta soldataren parte bat gastu horiek ordaintzeko erabiltzen dute. Denen artean lau auto erabiltzen dituzte. «Jabego gutxi dago». Haurtzaroa gogoratzen duenean, keinu irribartsu bat jartzen du.

Beranduegi uko egiteko

Dor Sandakek ez zion uko egin garai hartan soldadutza egiteari—nahitaezkoa da Israelgo gazte ororentzat; bi urte emakumeentzat, eta hiru gizonentzat—, baina atzeratu nahi izan zuen, eta 19 urterekin egin. Horretarako, hamabi hilabete kibbutzeko haurtzaindegian egin zituen boluntario, armadan izena emateko unea heldu zen arte. «Zaila da armadara joateari uko egitea. Denak joaten dira armadara. Nire aitak txikia nintzenetik kontatu izan dizkit infanterian eginiko garaiak, Gazara igorrita. Umeak garenetik armak alde guztietan ikusten ditugu, berdez jantzitako gazteak bi egunetarako etxera iristen, hamabost egunetik behin. Konturatu nintzen ez nuela joan nahi izena eman baino egun batzuk lehenago, baina Israelen ezezkoa emateak beldurra ematen du».

Gogoratu du 16 urterekin, eskolan dauden bitartean, nerabe guztiek proba fisiko eta psikikoak egin behar izaten dituztela, euren nortasuna aztertzeko eta erabakitzeko armadaren zein unitateetan egongo diren hobeto: «Esan zidaten pilotu izatea zela niretzat egokiena, baina gero infanteriara bideratu ninduten».

Sandakek, israldar gehienek bezala, hiru urte egin zituen soldadu. «Hasieran sei hilabete bakarturik gauzkate, kideok denak batera, entrenamendu gogorra egiten. Basamortuaren erdian, muturreko hozberora egokitzeko. Dena da diziplina. Ezin da sikiera «eskerrik asko» edo «mesedez» esan, ez da-eta hizkuntza militarra, eta errieta egiten dute. Fisikoki oso gogorra da. Sei ordu lo egin, eta ordubeteko aisialdia izaten da soilik. Lagunei esker egiten da soilik eramangarri. Nire unitatean gehienok gentozen nire kibbutzetik, nekazari familietatik».

Sei hilabete horien ostean iritsi zen egoerarik odoltsuena. 2000. urtea zen, eta Libanoko mugara bidali zuten; han nolabaiteko barealdian igaro zituen lau hilabete, eta gero Zisjordaniako Kalkilija hirira mugitu zuten —gaur egun erabat bakarturik dago, Israelgo banaketa hesiaren aldetik ez bada—. «Orduan hasi zen gogorrena. Zapia jarri nuen nik orduan begietan, jarraitu ahal izateko. Etxeetatik bota nituen familien aurpegiak gogoan ditudan galdetzen badidazu, edo nortasun agiria galdegiten nien mutikoena, esan diezazuket ez dudala bat bera ere buruan». Istorioa kontatzen duen moduagatik erraza da sinestea. Ez du begietara begiratzen gogoratzen duenean. «Inoiz ez jakitea nora gindoazen zen denetan zailena, edota zer egin behar genuen. Etxe bat hartzeko agintzen ziguten, eta pistolak zeudela esanez kanporatzeko denak, baina gero ez genuen batere armarik aurkitzen. Etxe handi bat hartu genuen, han bi egun besterik ez ginela egongo esan ziguten, hortzetako eskuila ere ez generaman eta bi hilabete egin genituen han», irribarre egiten du tristuraz.

Dor Sandakek orduak kontatzen zituela azaldu du, egoera amai zedin. «Nire sarjentua oso bortitza zen, jendearen aurpegietara zuzentzen zuen beti arma. Gauza bera egiten zuen egon ginen hiri guztietan… Eta horrela jarduten ikusi ondoren, esaten zigun Israelgo armada munduko gizakorrena zela eta gu denok herrialdearen enbaxadoreak ginela. Orduan ez zegoen nazioarteko jende askorik, eta baten bat ikusten genuenean esaten zigun: «Ez dira existitzen; ezikusia egin, ez kasurik egin…. Nik pentsatzen nuen zer demontre egiten zuten gazte europarrek hemen».

Soldadu izandako Sandak Zisjordaniako hiri guztietan egon zen. Denak erdizka gogoratzen ditu. Ramalaz irudi bakarra gordetzen du. 2002an suntsitutako hiriarena; Israelgo tankeak autoak eta aurrean zeukaten guztia zapaltzen. «Beldurtu egiten gintuzten. Esaten ziguten terroristek guri buruzko informazioa zutela, gertu zeudela eta tiro egingo zutela».

Beit Omarren izan zen garaietatik dauka oroitzapenik okerrena. 2003a zen, II. Intifada. Hiri palestinarretan etengabe sartzen ziren, eta ordurako Israelgo armadaren basakeriak munduko telebista guztietan agertzen ziren.

Haurren kontra borrokan

«Iheslarien guneen ondoko kontrol postu batean izena eman genuen armadan. Nire egunerokoa 24 ordutan harriak botatzen zizkiguten haurren kontra borrokatzea zen. Haurrak atxilotzen zituztenak saritzen zituen arduradun militarrak. Ume bat hartzen zuten, eta gau baterako, edo gehienez bitarako, zegokion base militarrera eramaten zuten. Elurpean uzten genuen han —gogoan dut negua zela—, estalkirik gabe, begietan zapia zuela. Haien ondotik igarotzen ziren soldadukideek ostikoak ematen zizkieten. Ezin genituen gizakiak bezala ikusi, bestela, ezingo genituen horrelako gauzak egin. Haxixa erretzen hasi nintzen gauero, loak errazago hartzeko», gogoratu du giroan tentsio une bat zabaltzen den bitartean.

Soldadutza amaitu zuen egunean bere bizitzako egunik onena izan zela onartu du. Ez zen agurrik egon, ez festarik, ezta emandako eskerrik ere. Poltsa hartu eta joatea besterik ez. Orain, bost urte geroago, giza eskubideen aldeko ekintzailea da, eta AICn lan egiten du. Jerusalemera aldatzea erabaki zuen, eta leiho bat irekitzea bezala izan zen berarentzat. «Hemen jende berria ezagutu nuen, hiri zaharrean pasieran ibili nintzen, palestinarrekin egon… eta hainbat gauza pentsatu nituen. Egun batean, Sheik Jarrako manifestazio batera joan nintzen, kolonoek etxeetatik botatzen dituzten palestinarrei elkartasuna adieraztera».

Aita ez dago ados ekintzokin, eta berak ere nabarmendu du ez duela politikaz hitz egiten. Estatu bati edo biri buruz galdegiten diotenean hauxe erantzuten du: «Oraindik ez daukat argi nor naizen. Gauza bat dakit soilik: Jerusalem Ekialdeak Palestinako hiriburua izan behar duela, koloniak legez kanpokoak direla, eta desagertu egin behar dutela». Bere etorkizunari begira esan du ez lukeela bere seme-alabak hemen jaiotzea nahi. «Armadan egon ostean, Indian urtebete egin nuenean; Israelera ez itzultzea pentsatunuen. Orain, hemen nago, uste dudalako parte har dezakedala gauzak aldatzen».

Bigarren kafea amaitu du, eta badoa. Atetik ateratzerakoan barre egin du, eta ostegunean «ezkerrekoen» taberna batean garagardo batzuk hartzeko gonbidapena egiten duen bitartean, sarkasmoz erantsi du: «Beno Israelen ezkertzat jotzen den batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.