Erreakzioak masen proposamenari

ERC: "Gobernuari eskatzen diogu batasunaren bidera itzultzeko"

Artur Masek goizean egindako agerraldiak erreakzioak ekarri ditu. Oriol Junquerasek dioenez, ERCk prozesuan "laguntzeko borondatea" du. Masen proposamena babesteko prest agertu da CUP, alderdiak proposatutako bermeak betetzen badira.

Oriol Junqueras (ERC), arratsaldean egindako agerraldian. TONI ALBIR, EFE
2014ko urriaren 14a
07:32
Entzun

Oriol Junqueras ERCko kideak arratsaldean egin ditu adierazpenak, Kataluniako Parlamentuko aretoan. Gogora ekarri du Generalitateak azken proposamenarekin "agertoki berri bat" proposatu duela, "hitzartu gabea": "Ados geunden, eta ziur gaude batasuna berreskura daitekeela aurreko itunera itzulita". Hasierako proposamena "askoz ere hobea" zela uste du.

Junquerasen arabera, Kataluniako Gobernuaren proposamena ez da irtenbidea: "Irtenbidea independentzia da". Hala ere, eredua "gustukoa" ez den arren, "laguntzeko borondatea" du ERCk, Junquerasek dioenez. Independentzia hauteskundeen bidez hel daitekeela iritzi dio; horregatik, "ahalik eta lasterren" bozak egitearen alde agertu da. "Ez du zentzurik galdeketa egiteko Parlamentuan gehiengoa izatea, eta ez egitea; independentzia nahi duen gehiengo bat badago, independentzia aldarrikatu behar da".

Espainiako Gobernuaren jarrera ere hizpide izan du. "Demokraziaren arerio garrantzitsuena, etsai nagusiena, Espainiako Gobernua eta PP dira", adierazi du. Espainiaren "oztopoak" gainditzeko ahaleginak egingo dituztela dio.

Quim Arrufat (CUP): "Jarri ditugun berme guztiak baleude, proposamena babestuko genuke"

Arratsaldean egin du agerraldiaCUP alderdiak ere. Quim Arrufat ordezkariak adierazi duenez, "arduratuta" daude, atzoko bilerako emaitza ez zelako izan nahi eta espero zutena. "Beti esan dugu agintaldi honetan kontsultarik ez balego diktaduratik izandako iruzur demokratikorik handiena izango litzatekeela".

Arrufatek jakinarazi duenez, gobernuaren proposamenaren aurrean CUPek 11 berme jarri ditu mahai gainean. "Jarri ditugun berme guztiak baleude, proposamena babestuko genuke". Berme horien artean aipatu ditu ikuskaritzarako kontrol batzorde bat osatzea, bozketaren gainean informatzeko kanpaina bat martxan jartzea, galdeketarako kontrol batzordean Quim Bruguek utzitako hutsunea betetzea eta nazioarteko behatzaileei parte hartzeko deia egitea. Astebeteko epea jarri du galdeketa babesten duten alderdiekin "kontsulta bizi bat behartzeko", adostasunean.

Gaineratu du galdeketa ez dutela "hilik" nahi: "Atzerapausorik ez". Hala ere, espero du Masek egindako deialdia ez izatea ekitaldi "partidista" bat. "Engainatuta sentitzen gara, baina gure egin dugu aurrera begiratzeko erronka".

Hauteskunde plebiszitarioei dagokienez, ziurtatu du ez dela zerrenda bakarra egongo. "Herrialdearentzako kontrakoak diren proiektuak ditugu". Arrufatekin batera agerraldian izan dira David Fernandez eta Isabel Vallet. Aurretik, Fernandezek Twitter bidez erantzun dio hauteskunde plebiszitarioetan zerrenda bakarra osatzeko proposamenari. Adierazi duenez, CUPek ez du "zientzia fikzioko hipotesi gisa ere aurreikusten" CiUrekin zerrenda osatzea.

Joan Herrera (ICVko koordinatzailea) : “Masen plana bere burua salbatzeko plana da”

ICVk baztertu egin du Masek aurkeztutako alternatiba. Joan Herrera koordinatzaileak adierazi duenez, “egindako proposamena kontsultarena ez delako” ez dago batasunik. Are gehiago, Masek aurkeztutako plana “bere burua salbatzeko plana” dela esan du. Herrerak Espainiako Estatua egin du egoeraren erantzule, baina Masek aurkeztutakoa kontsultaren “ordezkoa” dela ere salatu du. Izan ere, Masek egindako agerraldia “hauteskunde plebiszitarioetarako lehen kanpainaurreko ekitaldia” izan dela adierazi du ICVko koordinatzaileak.  

Rafael Catala (Espainiako Gobernuko Justizia ministroa): “Galdeketak Kataluniako eskumenak gainditzen baditu, berriro egingo dugu haren aurka”

Espainiako Gobernuko Justizia ministroa Masek egindako kontsulta berrirako deialdiaz mintzatu da. Adierazi duenez, “gobernu autonomikoek haien eskumenen barruan kontsultak egin ditzakete, baina [galdeketa berriak] muga hori gaindituko balu, berriro egingo genuke haren aurka”. Gaineratu duenez, orain arteko galdera mantentzea eskumenen langa gainditzea litzateke, eta, beraz, nahikoa litzateke Espainiako Gobernuak berriro aurka jotzeko.

Carme Forcadell (ANC): “Kontsentsua arrakalatu egin da, baina arrakalak konpon daitezke”

Bruselako Europako Parlamentutik —bertan da ekitaldi batean— adierazpenak egin ditu Carme Forcadell ANCko presidenteak. “Desengainatuta” dagoela adierazi du, “alderdiek ez dutelako batasuna mantendu”. Edonola ere, itxaropenerako mezua ere bidali nahi izan du Forcadellek: “Kontsentsua arrakalatu egin da, baina arrakalak konpon daitezke”. Zeregin horretan ANCk duen ardura ere nabarmendu du: “Alderdien batasuna indartzeko gogor egingo dugu lan. Mobilizazioak aurrera jarraitu behar du, prozesuak aurrera jarraitzen duelako”.

Alfred Bosch (ERCko bozeramailea Espainiako Kongresuan): “Espainiako Gobernuak erantzun bat eman beharko lioke Kataluniako herriaren desira demokratikoari”

ERCk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea Espainiako Gobernuari mintzatu zaio, Kataluniako herriaren “desira demokratikoari erantzun bat eman beharko” liokeela esateko. Boschek ez du Masen proposamen berria iruzkindu, eta Espainiako Estatuaren oztopoetan jarri du arreta: “ [Galdeketa egitea] ez da zuzena eta erraza, Espainiako Gobernuak blokeatu egin duelako. Bestela erreferenduma egin ahalko genuke; horixe nahiko genuke”. Hemendik aurrera, ERCk Kataluniako Gobernuarekin eta galdeketaren aldeko alderdiekin hitz egiten jarraituko duela adierazi du, herritarrei “erantzun bat emateko”.

Alicia Sanchez Camacho (Kataluniako PPko presidentea): “Prozesu independentista bukatu da”

Kataluniako PPko presidenteak esan duenez, “Masek ezin du kontsulta bat egin. Prozesu independentista bukatu da”. Sanchez Camachok adierazi duenez, prozesua “airea galtzen” joango da, katalanek ezin baitute "bozketa simulakro batean parte hartu”. Azkenik, Masek katalanak “engainatu” nahi dituela adierazi du, proposatu duena “ez delako ez kontsulta bat ez erreferendum bat, eta ez duelako berme demokratikorik”.

Pedro Sanchez (PSOEko idazkari nagusia): "Elkarrizketaren aroa hasi behar da"

Generalitateko presidente Artur Masi eta Espainiako Gobernukoari, Mariano Rajoyri, mintzatu zaie Pedro Sachez PSOEko idazkari nagusia. Esan duenez, "Masek ezin du katalanak engainatzen jarraitu, frustrazioa eta haustura sortzen dituelako". Espainiako Gobernuko presidenteari, bestetik, "arazo politikoari irtenbide politikoa" eman diezaiola eskatu dio. "Elkarrizketaren aroa hasi behar da", laburbildu du.

Iceta (PSCko presidentea): “Gauzak gaizki egiten direnean, gaizki amaitzen dira”

PSCko presidente Miquel Icetak Masen agerraldiaren aurretik egin ditu adierazpenak. Icetak “balioa galdu duen kontsulta” egiteko ideia baztertu dezala eskatu dio Artur Masi, frustrazio gehiago ez eragiteko. “Nik esan nuen” nabarmendu ostean, “gauzak gaizki egiten direnean gaizki amaitzen" direla nabarmendu du.

Albert Rivera (Ciutadans): “Mas iragana da, eta dimititu beharko luke”

Ciutadans-eko buruzagi Albert Riverak prentsaurrekoa eskaini du Masen agerraldiaren ostean. Riverak salatu duenez, “Mas barregarri gelditu da”. Era berean, Kataluniako Gobernuko presidentea “bakarrik” dagoela esan du, “bloke subiranistaren babesik gabe”. Masena “erabateko porrota” izan dela iritzita, katalanak “engainatzeagatik barkamena” eskatu beharko lukeela esan du Riverak. Era berean, Mas "iragana” dela adierazi du, eta dimititzeko eta hauteskunde aurreratuetara deitzeko eskaera egin dio.

Xabier Mikel Errekondo (Amaiur): "Kataluniako herriak ez du inongo gobernuren babesik behar bere etorkizuna erabakitzeko"

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak ziurtzat jo du Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatuko duela. Errekondok adierazi duenez, Kataluniako herria “heldua da”, eta, beraz, “ez du inongo gobernuren babesik behar" bere etorkizuna erabaki ahal izateko, are gutxiago "bere herria bera kudeatzeko gaitasunik erakutsi ez duen gobernu batena".

Aitor Esteban (EAJ): “Legea moldatu behar da, adierazpen demokratikoa agerian gera dadin”

EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek adierazi du oker dagoela uste duena “Kataluniako Parlamentuko legea eteteak eta Kataluniako herriak bere iritzia adieraz dezan ekiditeak arazoa konponduko duela”. Are gehiago, arazoa “errotuagoa” dagoela uste du. Alde horretatik, Masek proposatutakoa irtenbide “irudimentsua” dela uste du Estebanek. Azkenik, “legea moldatzeko” eskaera egin du EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaileak, “adierazpen demokratikoa agerian gera dadin”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.