Legegintzaldia ahalbidetuko duen "akordio sendoen" alde egin du ERCk, eta, horretarako, bi puntu zehaztu ditu: Carles Puigdemonten presidentetza zilegia dela berrestea, batetik; baina, aldi berean, Katalunian "eraginkorra" izango den Generalitatea bat eratzea. "Aintzatespena eta eraginkortasuna, biak batera. Generalitatea berreskuratzen ez badugu, ez dugu aurrera egingo", ohartarazi du Marta Rovirak, ERCko idazkari nagusiak.
ERCko burua, hala ere, baikor agertu da, eta aurreratu du akordioa "egunetako kontua" izan daitekeela. Dena den, zehaztu du horrek "orokorra" izan beharko duela, eta bere barnean hartu beharko dituela "alderdi independentistak", Generalitatea bermatu eta 155.a bertan behera utziko badute. "Leialtasunez, konfiantzaz eta zorroztasunez jokatzen badugu, hurrengo egunetan ere aurrera jarraitzen dugula erakutsi ahalko dugu".
Era horretan azaldu du ERCk atzo Junts per Catalunyak Presidentetza Legea erreformatzeko aurkeztutako proposamenarekin bat egin ez izana. Puigdemontek Bruselatik kargua hartu ahal izatea da egitasmoaren helburua. Ordea, ERCren iritziz, ez da bideragarria, Konstituzionalak berehala indargabetuko duelako.