Quim Torra Kataluniako presidenteak Generalitatearen egoitzan bildu ditu Kataluniako eragile independentistak, Kataluniako Gobernuak Espainiako Gobernuarekin egitekoa duen bileran zer jarrera defendatu behar duen adosteko. Bileran elkartu dira JxC, ERC, CUP, ANC eta Errepublikaren Aldeko Kontseilua.
Torrak Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin adostu zuen otsaila amaitu aurretik martxan jartzea gobernu arteko elkarrizketa mahaia, eta ERCk epe hori betetzera deitu ditu bi gobernuburuak: negoziazio mahaiaren lehen bilera datorren astean egiteko eskatu die.
Dagoeneko atzerapena du mahaiak. ERCk eta PSOEk Sanchez presidente izendatzeko adostu zuten inbestidura akordioaren arabera, Espainiako Gobernua osatu eta hamabost eguneko epean behar zuen abian elkarrizketa mahaiak. Urtarrilaren 28an bete zen epe hori.
Torra mesfidati agertu da zenbateraino izango den eraginkorra ERCk eta PSOEk adostu zuten elkarrizketa mahaia. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du elkarrizketa eraginkorra sustatuko duen bitartekari batek parte hartzea. Nahitaezko baldintza dela adierazi du. Torraren jarrera babestu dute ANCk eta Errepublikaren Aldeko Kontseiluak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du aukera hori, elkarrizketa guztiz gardena izango dela argudiatuta.
ERCk, berriz, behin eta berriz nabarmendu du «bermeak» beharko direla ziurtatzeko elkarrizketa eraginkorra izango dela, baina «berme» horiek zehazteko ardura mahaiaren esku uztea erabaki zuten errepublikanoek eta PSOEk. ERCk ez du uste bitartekari baten parte hartzea ezinbestekoa denik mahaia abian jartzeko, eta «autoboikota» saihesteko eskatu dio Torrari.
Elkarrizketa mahaiaren auzia ere JxCren eta ERCren arteko desberdintasunak nabarmentzeko eremu bihurtu da, eta Katalunian dagoen hauteskunde giroak ez du errazten indar independentisten arteko elkarlana.