ERCk ohartarazi du gobernutik irtengo dela Puigdemontek bozetara deituz gero

Hauteskundeetara deitzeko aukerak kontrako jarrerak eragin ditu alderdi independentistetan. Junts pel Si-ko hiru diputatuk aktari uko egingo diotela iragarri dute bozetara deituz gero, eta CUPek adierazi du hala egitea "herriaren agindua" ez betetzea litzatekeela.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea eta Carles Puigdmont Kataluniako presidentea, Sanchez eta Cuixart aske uztearen aldeko manifestazioan, joan den larunbatean. QUIQUE GARCIA, EFE
2017ko urriaren 26a
18:59
Entzun

Carles Puigdemontek azkenean ez du bozetara deituko, baina aukera airean egon den artean haren kontrako jarrerak azaleratu dira alderdi independentistetan. ERCk ohartarazi du Kataluniako presidenteak bozetara deituz gero, Generalitatea utziko duela. Erabaki horrek amaiera emango lioke PDECat eta ERCren arteko azken urteotako elkarlanari. Junts pel Si koalizioko kide den Democrates de Catalunyak ere hateskundeak antolatzearen kontrako jarrera adierazi du, eta aukera horren gainean berriz hausnartzeko eskatu dio Puigdemonti.

Bozetara deitzearen kontrako jarrerak ez dira ERCn eta Democrates-en bakarrik azaleratu. PDECaten barruan ere hateskundeetara deitzearen aurka agertu dira Jordi Cumila eta Albert Batalla Junts pel Si-ko parlamentariak. Biek adierazi dute uko egingo diotela diputatu aktari, eta PDECat-eko kide izateari utziko diotela. Germa Bel Junts pel Si-ko parlamentariak ere diputatu karguari uko egingo diola jakinarazi du, Puigdemontek bozen alde eginez gero.

Anna Simo ERCko bozeramaileak atsekabea agertu du hauteskundeetara deitzeko aukera zabaldu denean. ERCren zuzendaritza bileraren ondoren gizarteari azalpenak emango zizkiotela iragarri du; "egin behar dugulako".

Junts pel Siko parlamentari eta ERCko kide Jordi Orobitg i Solek "tristura, lotsa eta haserrea" adierazi ditu Puigdemontek bozetara deituko zuela ziurtzat eman denean.

CUPek ere kontrako jarrera adierazi du. Alderdiaren esanetan, hauteskundeetara deitzea "atzera egitea" litzateke eta "herriaren agindua" betetzeari uko egitea. CUPek ziurtatu du independentzia lortzeko lanean jarraituko duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.