ERCk zerrenda subiranista batuaren alde egin du, baina baldintza bat ezarri du zerrenda horretan parte hartzeko: Junts pel Si koalizioa baino zabalagoa izan beharko da; hala ez bada, bere kasa aurkeztuko da bozetara. Alderdiaren kontseilu nazionalak hartu du erabakia, gaur egin duen bileran.
ERCk zerrenda berean batu nahiko luke PDECat, ERC, CUP, MES, Democrates de Catalunya eta Catalunya en Comutik kanpo geratu litezkeen Albano Dante Fachinen hurbilekoekin.
Koalizioak aurkezteko epea azaroaren 7an amaitzen da, eta zerrenda hori osatzeko erlojuaren kontra jardun beharko dute lanean alderdi guztiek. CUPek dagoeneko iragarria du bere batzar nazionala hilaren 11an bilduko duela.
ANC elkarte subiranista eta PDECat alderdia zerrenda batuaren alde agertu dira azken egunotan, eta hala egin du Democrates de Catalunya alderdiak ere, gaurko batzarrean. CUPek oraindik jarrera zehaztu gabe duen arren, hari lotutako Poble Lliure alderdiak zerrenda bakarra osatzera deitu du.
Bestalde, ERCko idazkari Marta Rovirak "berme demokratikoak" galdegin dizkio Madrili, abenduaren 21eko hauteskundeetarako. Adierazi duenez, Espainiako Gobernuak "zilegitasunik gabe" bozetara deitu arren, ERC emaitzei zilegitasuna aitortzeko prest da "aukera politiko guztien arteko eztabaida baldintza berberetan" egitea posible bada. "Beharrezkoa da preso politiko guztiak kartzelatik ateratzea", nabarmendu du. Horrez gain, Espainiako Gobernuari dei egin dio bozen emaitza onartzera, alderdi independentistak nagusitzen badira.
Rovirak ERCren kontseilu nazionalean egin ditu adierazpen horiek. Bilkuran, gogoan izan dituzte Auzitegi Nazionalak espetxeratu dituen Generalitateko kideak.
Puigdemont ere zerrenda bakarraren alde
Erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak zerrenda bakarrean batzearen aldeko kanpaina abian da Interneten, llistaunitaria.cat webgunean. Helburua indar subiranistak elkartuko dituen zerrenda bakarra eta "zeharkakoa" osatzea da, "okupazioaren amaiera, preso politikoen askatasuna eta Errepublika" eskuratzeko.
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak babesa adierazi dio kanpainari sare sozialen bidez zabaldu duen mezuan.
És el moment que tots els demòcrates s'uneixin. Per Catalunya, per la llibertat dels #presospolitics i la República https://t.co/W4WDeUIB43pic.twitter.com/FwbnA2wMQE
— Carles Puigdemont ðŸÂÂÂÂÂÂŽ— (@KRLS) 4 de noviembre de 2017
Kanpaina sinatu dutenen artean dira ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidente Miquel Buch eta Bartzelonako alkate ohi Xavier Trias, besteren artean.