Igor Susaeta.

Eremu terminologikoan ere, lehian

2023ko abenduaren 6a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Etenik ez duen kanpaina bat bihurtua dago, aspalditik, alderdi politikoen jendaurreko jarduna. Hala ere, horrek ez du esan nahi plazaratutako mezuek indar bera dutenik beti; hauteskundeetatik zenbat eta gertuago egon, orduan eta argiagoak izan ohi dira, edo horiek sinplifikatzera jotzen da, behintzat. Alderdi guztiei eragiten dien zirkunstantzia bat da hori. Beste kontu bat da, ordea, ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak Kataluniako independentismoaren hegemoniarengatik duten lehia betierekoa, zeina terminologiaren eremura bultzatu duten azken asteotan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko beharrezko botoen truke, PSOEk onartu du Kataluniako indar subiranista nagusiekin bi foro edukitzea: mahai bat ERCrekin, eta beste bat JxCrekin. Horien helburua da, aldeek adierazi dutenez, hango auziari irtenbide politiko eta negoziatu bat ematea.

Baina Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea buru duen alderdiak, batez ere, bereizketak egiten ditu bataren eta bestearen artean, nahiz eta finean helburu bera duten: batetik, PSOErekin autodeterminazio erreferendum bat adostea; eta, bestetik, itun fiskal bat egitea, Katalunian zergen bidez bildutako dirua han gera dadin. 

JxCkoek adierazi dutenez, dena den, PSOEkoekin biltzen direnean, haiek «negoziatu» egiten dute —«benetan», gainera—, eta, ERCkoak, aldiz, «hitz egin» besterik ez dute egiten Sanchezen ordezkariekin mahai baten bueltan esertzen direnean. Horra hor borroka bat kontzeptualizazioaren esparrura eramana, nahiz eta, finean, etekin bera lortu duten: amnistia legea bideratzea.

ERCrentzat, beraiek aurreko legegintzaldian Madrilen egindakoak ireki zion bidea amnistiari; Oriol Junqueras alderdiaren liderrak aurreko larunbatean errepublikanoen ekitaldi batean aldarrikatu zuenez, prozesu subiranistagatik kartzelan zeudenak aske uzteko ahaleginean, haiek izan dira estatuarekin «borrokatu» direnak; Moncloak haiengatik onartu zituen indultuak eta kendu zuen sedizio delitua Zigor Kodetik. Josep Rius JxCren bozeramailearen esanetan, Kataluniako Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko azken urteotako elkarrizketa mahaia «antzua» izan da. JxCk iazko urrian Generalitatetik ateratzea erabaki zuen arte, ERCkoek soilik parte hartu zuten horretan, Puigdemontenek salatu baitzuten betoa jarri zietela. 

2020 hasieratik gaur arte hiru bilera egin dituzte foro horretan. JxC horregatik ari da azpimarratzen PSOErekin adostu duela hilean behin biltzea. Ez dago argi Sanchezen ordezkariak zenbatero bilduko diren ERCrekin, ezta Generalitatearen eta Moncloaren arteko mahaian etengabe hautsa pilatuko ote den ere. Kontrakorik adierazten ez duten bitartean, hiru foro daude aktibatuta, nahiz eta PSOEri bakarra izatea gustatuko zitzaiokeen.    

Eta beste bitartekariaren izena jakitean ez litzateke harritzekoa izango, curriculumak eta ‘lorpenak’ konparatzearen ondorioz, estatusak lehiarako beste arrazoi bat ematea

Distantzia batetik begiratuta, absurdotzat ere jo daiteke aipatutako dema terminologiko hori. Katalunian, baina, bozak egingo dituzte 2025eko otsailean beranduenez, eta horietara heldu aurretik irabazi beharreko partida nagusia kontakizunarena da. Dirudienez, partida horretan berebiziko garrantzia edukiko dute mahaietako bitartekariek. JxC-PSOErenean Francisco Galindo Perez diplomazialaria izango da, Henri Dunant zentroak lagunduta. Ez dute jakinarazi nor izango den ERC-PSOE foroko, nolabait, notarioa, baina Sanchezek adierazi zuen, astelehenean, «printzipioz» ez dela beste mahaiko bera izango. Eta beste bitartekariaren izena jakitean ez litzateke harritzekoa izango, bataren zein bestearen curriculumak eta lorpenak konparatzearen ondorioz, estatusak lehiarako beste arrazoi bat ematea. Egin dituzten akordioen arabera, JxC-PSOE mahaiko bitartekariak izan behar du «nazioartekoa», eta ERC-PSOErenak «aitortutako prestigioa» eduki behar du.

Weberrekin hizketan

JxCk eta ERCk erakutsi beharra daukate bozkatzaile independentistaren aurrean, baietz, PSOErekin hitz egiten dutela, ez direla keinu sinbolikoetan galtzen, ez dituztela kale itsu batera eramango dituzten erabakiak hartuko, eta, aldi berean, eraginkorrak direla. Hori saldu nahian ari da JxC batik bat, alegia, legegintzaldiak ez duela biderik egingo PSOErekin lortutako itunak betetzen ez badira. Puigdemont areago joan zen lehengo astean. Político-k kaleratu zuenez, Generalitateko presidente erbesteratuak Manfred Weber Europako Alderdi Popularreko liderrarekin topo egin zuen hedabide horren festa batean, Bruselan, eta esan zion ez dutela PPrekin bat egitea baztertzen Sanchezen aurkako zentsura mozio posible batean, PSOEk adostutakoa betetzen ez badu. JxCk ez du elkarrizketa horren edukia gezurtatu, baina zehaztu du horretarako, aurrena, Voxengandik urrundu beharko lukeela PPk.

Paraleloki, prozesu subiranistak eragindako errezeloak alboratuta, Euskal Herriko eta Kataluniako indar subiranista kontserbadore nagusiak, EAJ eta JxC, elkar laguntzeko prest agertu dira Madrilen, neurri sozialak zein ekonomikoak bultzatzerakoan. Europako Parlamenturako hauteskundeen ondoren ikusiko da atzera Convergenciaren espiritura hurbiltzeak on egin dion ala ez JxCri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.