Joan Tarda. ERCren diputatua Espainiako Kongresuan

«Ergelkeria litzateke orain, azken etaparen atarian, CiU aske uztea»

Kataluniako hauteskundeak udazkenean egin arren, gehiengo independentista lortzeko modua topatu dutela uste du ERCk. Presidenteari emandako babesa ez da alferrik izango, Joan Tarda diputatuaren ustez.

Samara Velte.
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Artur Mas presidentearekin izandako liskarrak ez dio animorik galarazi Joan Tarda ERCko kongresistari (Cornella de Llobregat, 1953): haren ustez, bozetara deituta, hegemonia politikoa lortzeko aukera begien bistan du katalan independentismoak. «Chauvinismotan erori gabe, egiten ari garena hordago baten parekoa da».

Madrildik, nola ikusi dituzu azken asteotako negoziazioak? Pozik zaude lortutako akordioarekin?

Uste dut hemengoek desio zutela akordiorik egon ez zedin. Bistan da Espainiako sistema politikoarentzat oso errentagarria izango zela hori, guk iniziatiba galduko genuelako. Egia da kostatu zaigula akordioa lortzea, eta, idealena erdietsi ez dugun arren —hauteskundeak udaberrian egitea—, gutxienez lortu dugu gure bozak Espainiako hauteskunde orokorrak baino lehenago egitea. Espainiako Gobernuan edo ganberetan indar korrelazioak aldatuko badira, garrantzitsua da guk ordurako parlamentua osatuta edukitzea. Zorionez, CDCk uko egin dio zerrenda bakarrari, eta onartu du hauteskundeetara bereizita aurkeztea; horri esker, oraindik euts diezaiokegu iniziatibari.

Oriol Junqueras, Mas eta erakunde zibiletako buruak elkartu zirenean, espektatibak ez ziren batere onak. Bazirudien presidenteak erabakia hartuta zeukala, eta gutxi axolako zuela bilera hartan hitz egindakoak.

Ulertu behar da CiUrentzat independentziarako trantsizioa zailagoa dela ERCrentzat baino. Oligarkia katalanak —La Caixak, Sabadell bankuak, talde mediatiko handiek...— urteak daramatza oligarkia espainiarrarekin negozioak egiten, eta haiek nahiago zuketen legegintzaldia 2016an amaitu balitz, betiko jokaldia errepikatzeko esperantzaz: Kataluniako eta Espainiako eliteen arteko paktua gertatzea. Hori zen oligarkiaren helburu idealena; eta, ez balitz posible, gutxienez parlamentu berrian gehiengo independentistarik ez egotea. Horregatik inposatu nahi izan zuten zerrenda bakarra. Bagenekien zerrenda horrek hauteskundeak irabaziko zituela, baina ziurrenik ez zen gehiengo osora ailegatuko. Horretarako modu bakarra CDC, ERC eta CUP nor bere aldetik aurkeztea zen, transbertsala izan daitekeen atal bat adostuta, horrek emango baitio konnotazio plebiszitarioa deialdi honi.

Negoziazioak blokeatzearen arrazoia zerrendak zirela zioten CiUk eta ERCk. Kanpotik begiratuta, ordea, ez zirudien hori zenik erabaki beharreko auzi konplikatuena. Zergatik kostatu zaizue hainbeste ados jartzea?

Berebiziko garrantzia duelako deialdi honek. Hauteskundeotatik gehiengo subiranista daukan parlamentua sor daiteke, baina oraingoan mandatu independentista batekin. Aurreko hauteskundeetan, CiUren helburua ez zen independentzia, baizik eta erabakitzeko eskubidea. Eskubide hori ezin izan dugu gauzatu, debekatu egin digutelako; beraz, erreferenduma hauteskunde plebiszitarioengatik ordezkatu behar izan dugu ezinbestean. Eta hori soilik egin ahal izango dugu I-27rako deialdiari esker. Hortik aurrera, azken etapan sartuko gara; horregatik da zaila guztiek berdin ikustea.

Baina herenegungo agerraldietan, Masek eta Junquerasek ez zuten independentziarako urratsik zehaztu, bi alderdiak bozetara aurkezteko formulaz harago. Nola doa bide orria?

Bide orria hemendik aurrera adostu beharko da. CUP, ERC eta CDCren artean gehiengo subiranista zabal bat eraikitzeko gai bagara, hauteskundeetatik aurrera prozesu konstituziogile batean sartuko gara. Horregatik, bozetara bitartean, estatu egituren eraikuntzan aurreratu behar dugu: gure Ogasuna, Gizarte Segurantza, nazioarteko hedapenaren auzia... Eta hurrengo legegintzaldian idatziko dugu konstituzioa. Hura prest dagoenean berriz eraman beharko dugu bozkalekuetara, erreferendum bidez onartzeko edo ukatzeko; eta, onartzen dugunean, errepublika aldarrikatzeko moduan geundeke.

Irudipena ematen du azken urteotan egoera bera errepikatzen dela behin eta berriz: erabaki garrantzitsu bat hartu behar denean, prozesua ez aurrera eta ez atzera geratzen da, eta azkenean presidentea da gutxi-asko erabakitzen duena nola jarraitu. Oraingoan ere leporatu dizuete hari dohainik larrua salbatzea.

Hauteskundeak irabazi zituen alderdiaren ordezkaria da presidentea, eta, kontrakorik frogatzen ez den bitartean, CiUk du babes gehien gizartean eta parlamentuan. Gu jabetzen gara ezin dugula independentzia Convergencia eta Unio gabe eraiki, eta hortik datoz ERCren estrategia eta taktikak. CiU babestu dugu, eta horren ondorio praktikoa argia da: lehenbiziko aldiz katalanismoaren historian, zentro-eskuinak erabakitzeko eskubidea eta independentzia defendatu ditu, eta aurre egin dio sistema politiko espainiarrari. Nire ustez, taktika inteligentea da: Junquerasen hatsa Masen garondoan iltzatuta, hari arnasa ematen diogu eta bultzatu egiten dugu, baina garai zailetan ere laguntzen diogu. Jakina, ohartzen gara gobernuan bageunde askoz hobeto egingo genukeela; azken batean, gure gizarte ideala desberdina da, eta beste era batera eutsiko genioke herrialdeari. Baina badakigu gure gaitzen zati handi bat Espainiatik datorrela; azkenean, Kataluniaren diru sarrerak kontrolatzen dituena Montoro jauna da. Azken bi urteotan CiU babestu dugu, orain gauden lekura heltzeko. Ergelkeria hutsa litzateke orain, azken etaparen atarian gaudela, aske utziko bagenu: Kataluniako burgesia txiki eta ertainaren kontraesanak direla medio, malguki efektua gerta liteke, eta iraganeko jokalekuetara itzultzera bultza dezake CiU.

Ez zaitu kezkatzen zesio horiek guztiak akaso ez direla hala ulertuko, eta herritarrek bozetan CiU babesteagatik zigor zaitzaketela?

Hori gertatuko balitz, gustu handiz ordainduko nukeen zigorra litzateke; horrek Kataluniako Errepublika aldarrikatzea badakar, ongi ordaindutako prezioa izango da. Are gehiago diot: ez lidake inolako minik emango errepublikako trantsizioko gobernuko presidentea Artur Mas izango balitz. Gure helburua da errepublika horretako lehenbiziko gobernu naturaleko burua gizon edo emakume ezkertiar bat izatea. Errepublika daukagunean, saiatuko gara ezkerreko hegemonia lortzen, jakina; horregatik da hain garrantzitsua prozesu konstituziogilean gizarte zibilak eta sindikatuek parte hartzea. Ezin badugu konstituzioa tinta gorriz idatzi —errepublikanoa izateko—, gutxienez ez diezagutela tinta urdinez idatz.

Azken egunotan asko espekulatu da ERC gobernuan sartzeko aukeraren inguruan. Ez al litzateke bitxi samarra, zerrenda bereiziei buruz liskartu ostean, orain bat egitea?

Batak ez du bestea kentzen. Esku artean daukagun objektuaren eta helburuaren dimentsioa kontuan hartuta, bistan da gero kontzentrazioko gobernu baterantz joan beharko dugula. Ona litzateke gobernu horretan prozesu konstituziogilearen alde dauden alderdi guztiak elkartuko balira, baita independentistak izan gabe aldaketa nahi dutenak ere. Errepublikaren oinarriak eraikitzeaz ari gara; beraz, gobernua zenbat eta indartsuago, hobe. Guk beti esan izan dugu prest gaudela bertan sartzeko, estatu berriaren eraikuntzan laguntzeko; beste kontu bat da han nahi ote gaituzten.

CUPek eta ICVk esana dute aste honetakoa zuen arteko akordio bat dela, eta ez dakarrela beraientzako proposamen zehatzik. Nola eskuratu asmo duzue beste indar subiranisten babesa?

Ziur nago gizarte zibilak —Biltzar Nazional Katalanak ordezkatuta— eskatuko diela formazio politikoei hauteskunde programa transbertsal bat osatzeko. CUP ezinbestekoa da, ERC eta CiU bezainbeste. Hiru lidergo desberdin dira, eta elkar osatzen dute: zentro-eskuinari dagozkion gai guztietan, Mas da erreferentea; ezkerrean, Junqueras; eta ERC baino ezkerrerago gelditzen den guztian, CUP.

Hauteskunde plebiszitarioei buruzko eztabaida ezinbestean nahastuko da maiatzeko udal hauteskundeekin, eta akaso baita Espainiako orokorrekin ere. Nola eragingo diote etapa honi Madrilen egon litezkeen aldaketek?

PSOE itxita dago buruz: kontua nondik doan ere ez du ulertzen. Pedro Sanchezen mezuak geroz eta murriztaileagoak dira, geroz eta sinpleagoak; [Jose Luis Rodriguez] Zapatero ere hura baino ulerkorragoa zen estatuaren nazioaniztasunari zegokionez, erabakitzeko eskubidea sekula onartu ez bazuen ere. Haren aldean, askoz urrunago dago Sanchez.

PP, berriz, arrokatuta dago erabat. Taktikoki ere ez zaio interesatzen ezertxo ere mugitzea, ez Euskal Herriari dagokionez, ez eta Kataluniari dagokionez ere. Alde batetik, interes elektoralistengatik; eta, bestetik, bere ikuspegi nazionalista espainiarrean tematuta dagoelako. Horrek izugarrikeriak egitera bultzatzen du; esate baterako, Mas presidentea akusatzea.

Neurri batean, Madrilen boikot jarrera horrek balio izan du jende asko independentismora gerturatzeko. Orain Podemos agertu da, alternatiba unionista gisa. Ez zaitu kezkatzen horrek jendea independentismotik urrunaraz dezakeela?

Oraindik ikusteko dago Podemosek erabakitzeko eskubidea babestuko duen edo ez. Guretzat garrantzitsuena da Kataluniatik egin beharrekoa ondo egitea. Ez dezagun geure burua engaina: independentzia aldarrikatu eta errepublika eraikitzeko gai den gehiengoa lortu behar dugu. Baina hori soilik posible izango da katalanek nahi badute; estatu federal bat aukeratzen badute, bada, gora demokrazia!

Dena den, ez ditut hainbeste arrisku ikusten. Ikusten dudana da independentistok gehiengoa lortzeko aukera handia daukagula hauteskundeak irabazita; horregatik zen garrantzitsua bozetarako deialdia egitea, eta ez zerrenda bakarrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.