Eri zegoen preso palestinar batek gose greba utzi du, 102 egunen ondoren

Israelgo Espetxe Zerbitzuak hitzeman dio aske utziko dutela zigorra bete baino sei hilabete lehenago

Erredakzioa
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Akram al-Rekhawi 39 urteko preso palestinarrak gose greba uztea erabaki du, 102 egunen ondoren. Israelgo Espetxe Zerbitzuak heldu den urtarrilean aske utziko duela hitzeman diolako hartu du erabakia, ezarria zioten zigorra bete baino sei hilabete lehenago. Apirilean hasi zuen gose greba, bertze ehunka preso palestinarrekin batera, Israelgo espetxeetan pairatzen dituzten baldintzak salatzeko. Bere kasu zehatzean, ordea, aske utz zezatela exijitu zuen, eritasun larriak zituelako. Maan agentziak jakitera eman duenez, Al-Rekhawik diabetesa, osteoporosia eta asma ditu, eta gose grebaren ondoren egoera are larriagoan dago. Al-Rekhawi Gazan atxilotu zuen Israelgo armadak, 2004an, errepideko kontrol batean, etxera bidean zihoala. Ordutik eduki dute preso.

Gazan, hain zuzen, Egiptok palestinarrei muga gurutzatzeko jarritako neurriak are gehiago leundu dituela jakinarazi dute, Israelek ezarritako blokeoa arintzeko. Hala ere, horren inguruan ailegatu den informazioa nahasia da. AP Associated Press agentziaren arabera, palestinar orok libreki gurutzatu ahal izanen duRafaheko muga, eta Kairoko aireportutik Gazara doazen palestinarrei jada ez diete bidean zaintza ezarriko. Egiptoko eta Gazako iturriak aipatu ditu APk. Geroago, ordea, bertze agentzia batzuek berrihori gezurtatu dute, Egiptoko segurtasun zerbitzuak aipatuz iturri gisa. APk, ordea, islamisten eta estatuko aparatuen arteko lehiatzat aurkeztu ditu gezurtapenak, hau da, Anaia Musulmanen presidentetzak erabakia hartu duela, baina estatuko hainbat ofizial horren aurka daudela.

Arafaten heriotza ikergai

Qatarren, berriz, Arabiar Ligak Palestinako Aginte Nazionalaren eskaera onartu du: hortaz, Yasser Arafat palestinarren buruzagi historikoaren heriotza ikertzeko batzorde bat sortuko du. Hil honen hasieran Al-Jazeera kateak Arafaten heriotzari buruzko ikerketa baten berri eman zuen, eta, horren arabera, gai erradioaktibo batekin pozoituta hil zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.