Erredakzioa
Ukabila altxaturik, Diu vi salvi Regina Korsikako ereserkia abesteari ekin zioten atzo Parisko Krimen Auzitegi Bereziko aretoan ziren ikusle korsikarrek, epaileek Erignac auzian akusaturikoen artean bizi guztirako bi kartzelaldi eta urte askotarako sei espetxe zigor banatzen bukatu bezain pronto. Zigor gogorrok eta azken egunetako atxiloketek zein atxiloketa iragarpenek itzal iluna zabaldu dute Mediterraneoko uhartearen etorkizunaren gainean, independentziaren alde ari diren talde armatuen erantzuna espero baita.
«Viva la lotta!» (Gora borroka) oihukatu zuen korsikeraz Alain Ferrandi, jendarmeek 42 urteko kartzelaldia betetzera aretotik eramaten zuten bitartean. Zigorrik gogorrena jaso dute Ferrandik eta Pierre Alessandrik. Frantziak uhartean zuen ordezkari nagusi Claude Erignac prefeta 1998an hil zuen ekintzaileari hilketa izaniko lekuan lagundu izana leporatzen diete biei.
Erasoaren buruak izatea egotziriko Vincent Andriuzzi eta Jean Castela irakasleei 30 urteko kartzelaldia ezarri diete. Ekintzaileak egun hartan babestu izana leporaturiko Didier Maranelliri 25 urte, eta 20 Martin Ottaviani eta Marcel Istria, komandoko kideak garraiatu izana egotzita. Ustez erasoa prestatzeko bileretan parte hartu, baina ekintzan laguntzeari uko egin zion Joseph Versinik 15 urteko espetxe zigorra jaso du.
«Etena»
Sei aste iraun du Erinac auzia esaten dioten epaiketak. Aiacciuko kale batean hil zuten militante nazionalistek Parisko gobernuaren ordezkaria, 1998ko otsailaren 6an. Ekintzan parte hartu izana onartu duten akusatuek epaiketan esan zutenez, garai hartan talde armatuen artean ziren ika-mika eta hilketa giroari «etena» eman nahi izan zioten prefeta hilez. Zigor gogorrak espero baziren ere, Parisko Krimen Auzitegi Bereziak atzo emaniko ebazpenak haserre handia eragin zuen aretoa betetzen zuten akusaturikoen senide eta adiskideen artean.
«Lotsagarria da, ebazpen hau lotsarria da», zioen Eric Dupond-Morretti prokuradoreak, Castelaren ordezkariak. Dozenaka jendarmez inguratuta, protesta agertu zuten senideek Parisko Auzitegiko korridoreetan. Malkotan ziren poliziek egoitzatik indarrez kanporatu zituzten senide asko.
Erignac sendiaren abokatu Philippe Lemaire pozik zegoen, ordea. «Ebazpena normala da eginikoak kontuan hartuta. Justizia egin da», esan zuen.
Ezarritako zigorrak fiskalek eskaturikoak baino apur bat arinagoak dira soilik. Castela eta Andriuzzirentzat ere bizi guztiko kartzelaldia eskatu zuten Estatuaren prokuradoreek.
Haien abokatuek absoluzioa eskatu zuten, eta helegitea jarriko dutela iragarri zuten atzo. Hala eginez gero, beste epaiketa bat egin beharko da.
«Egozten dizkidaten ekintzetan ez dudala parte hartu berresten dut indar osoz», esan zuen Andriuzzik, epaileek ebazpena erabakitzeko bildu aurretik. Castelak ere errugabea dela aldarrikatu zuen berriz, Istriak bezala. Beste bostek onartu zuten parte hartu izana, eta ekintza «kolektiboa eta politikoa» izan zela nabarmendu zuten.
Erignac hil zuten tiroen egilea izatea egozten diotena, Yvan Colonna, aparte epaitzea erabaki dute Parisko jujeek. Duela astebete, Korsikako etxalde batean atxilotu zuten militante nazionalista, 1999. urtetik ihesean ibili ondoren. Tiratzailea Colonna izan zela esan zuten hainbat akusatuk atxilotu zituztenean eginiko adierazpenetan. Gero, halere, adierazpenok Poliziaren presiopean egin zituztela esan zuten, eta Colonna zuritu.
Hainbat iturriren arabera, udazkenean has daiteke Colonnaren kontrako epaiketa. Bi urteko epea aipatzen zuten beste batzuk, alabaina. Colonnaren anaia Stephane Parisko auzitegian zen atzo.
«Parisko auzitegiaren ebazpena gehiago da vendetta justiziaren erabakia baino», esan zuten atzo Corsika Nazione eta Indipendenza alderdi nazionalistek. «Korsikarrek ez dute onartzen ebazpen hau» adierazi zuen, bestalde, Jean Marie Poli Errepresioaren Aurkako Batzordeko eledunak.
Vincent Andriuzzi
47 urte, matematika irakaslea. Bere burua errugabetzat jo du. Erignacen hilketa planeatzeagatik, 30 urteko zigorra jarri diote.
Jean Castela
43 urte, historia eta geografia irakaslea. Bere burua errugabetzat jo du Erignac auzian, baina zerikusia aitortu du 1994an Parisen izandako eraso batean. Hilketa planeatzeagatik, 30 urteko zigorra ezarri diote.
Marcel Istria
38 urte, mekanikaria. Hilketa prestatzeko bileretan parte hartu eta hiltzaileak autoz jasotzea egozten zaio. 20 urteko zigorra.
Parte hartua aitortu dutenak:
Alain Ferrandi
42 urte, nekazaria. Militar baten semea, hilketa prozesu osoan parte hartzea aitortu du. Bizi osorako espetxe zigorra.
Pierre Alessandri
44 urte, lurrin egilea. Erignac hiltzeko erabili armak bere lurretan lurperatu zituen. Hilketa burutzeaz akusatuta, bizi osorako espetxe zigorra jarri diote.
Didier Maranelli
38 urte, kontularia. Frantziako Aire Armadan aritutakoa. «Hiltzaileak babesteagatik» 25 urteko zigorra.
Martin Ottaviani
35 urte, mekanikaria. Ferrandiren agindupean lan egin zuen Hertz konpainian. 20 urteko zigorra, hiltzaileak garraiatzeagatik.
Joseph Versini
45 urte, urdaitegi langilea. Bileretan parte hartu zuen, baina hilketan ez. 15 urteko zigorra.
Korsika
Erignac prefetaren hilketagatik, hil arte espetxera zigortuak
Korsikan vendetta gisa hartu dute Erignac prefetaren auzian hain zigor gogorrak ezartzea. Colonnaren abokatuak, berriz, Berriari esan dio Frantzian ez dagoela «epaile inpartzialik» bere bezeroa epaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu