Eritreatik Etiopiara, etsipenaren bidean

Bizi-baldintza gogorrek eraginda, Eritreako ehunka herritar errefuxiatu bihurtu dira Etiopian; jazarpena jasan dute jaioterrian, eta itxaropen bila doaz mugaz bestaldera.

2010eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Eritreak 1993an lortu zuen Etiopiako Estatutik independente bihurtzea. Geroztik, Etiopia helmuga duten errefuxiatuen karabanak bihurtu dira eguneroko paisaiaren lekuko. Afrikako adarrean dago Eritrea. Bizimodu gogorra da han: egunez, 40 gradu izaten dira; gauez, izugarri jaisten da tenperatura. Basamortuko klimak nabarmen eragiten du hango herritarren bizimoduan, askorik gabe bizi behar dutenen bizi-baldintzak are gogorragoak bihurtuz. Hirietan ere gogorra da bizimodua. Etiopiarekin urte luzez iraun duen gerrak azpiegitura asko hondatu ditu. Pertsona ugarik ez dute etxerik, urik, duintasunez bizitzeko lekurik. Orduan hasten dira karabanak, Etiopiara doazen errefuxiatuen karabanak.

Joan den astean Eritreako 500 errefuxiatu baino gehiago heldu ziren Etiopiara, eta ARRA Errefuxiatuen eta Itzulitakoen Gaietarako Administrazioak Adi Harush izeneko kanpaleku bat ireki zuen Tigray eskualdean, Eritreatik hilabetero ailegatzen diren herritarrak hartzeko. Bi talde iritsi ziren. Lehena, 365 lagunek osatu zuten; bigarrenean, 200 pertsona inguru zenbatu zituzten.

Etiopiara iristen diren pertsona guztiak aztertzen dituzte.Galderak egiten dizkiete, legez errefuxiatu diren erabakitzeko. Suleiman Ali Errefuxiatuen Administrazioko arduradunak ohartarazi duenez, Etiopiako beste kanpaleku batzuetan milaka errefuxiatu daude jada, eta haien edukiera gainditzen dute. Alik adierazi du 2.000 errefuxiatu inguru heltzen direla hilabetero Etiopiara. Bere administrazioak uste du, egun, 50.000 inguru daudela Etiopian. Gehienek 21 eta 34 urte artean dituzte.

Emigratzera bultzatzen dituen arrazoi anitz nabarmendu ditu Aliek. Besteren artean, gehiegizko errepresioa eta giza eskubideen urratze larriak.

Bizimodu latza

Afrikako ipar-ekialdean dago Eritrea. Bere izenak gorria esan nahi du, etagrezierako eritros hitzetik eratorria da. Estatu horren kostaldeak Itsaso Gorriarekin egiten du muga, eta itsaso horri izena ematen dion koloreak ondo baino hobeto definitzen du hango biztanleen bizitza gogorra.

1.993an, herrialde independente bihurtu zenean, Eritreako ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen. Baina Etiopiarekin izandako liskar etengabeek kalte handia egin diote hango ekonomiari. 2000. urtetik, Etiopiarekin gerra amaitu zenetik, eta nazioarteko laguntzari esker, hobekuntzak izan dituzte. Hala ere, ez dute lortu egonkortasunik. Gainera, klima gogorrak ez die mesede egiten Eritreako biztanleei. Nozitzen ari diren lehorteak elikagaien urritasuna eta haurra gaizki elikatzea eragin du. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak hemezortzi milioi euro eskatu zituen martxoan, Eritreako egoerari aurre egiteko. Erakunde horren arabera, kopuru horrekin milioi bat laguni, populazioaren laurdenari, lagundu ahal diote.

Idorteak larriagotu egin du egoera. Euri eskasiak uzta txarrak ekarri ditu. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Eritrean hirutik bi gaizki elikatuta daude; honakoa munduko kopururik handienetan bigarrena da, Kongoko Errepublika Demokratikoaren atzetik.

Bizi-baldintza horiek eraginda,Etiopiara joatea erabaki dute herritar askok. Baina han, euren jaioterrian galdu duten itxaropena aurkitu beharrean, errefuxiatuz betetako kanpalekuekin egiten dute topo. Eta maiz ez da haien patua askorik aldatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.