Iragan urriaren 7tik dago Europa alertan: AEB Ameriketako Estatu Batuetako agintariek «mehatxu terrorista» handitu egin zela ohartarazi zutenetik, hain zuzen. Orduan, mehatxuari aurre egiteko, EBko estatuen arteko alerta mailak egokitzea eta Washingtonekiko koordinazioa eta lankidetza indartzea erabaki zuen Bruselak. Albisteak neurriz kanpoko beldurra eragin zuelako, baina, bi herrialdeen arteko komunikazio harremanak hobetzea ere hitzartu zuten bi aldeek handik egun gutxira: arriskuen berri emanagatik, herritarrak alferrik ez larritzea zen akordio horren helburua.
Iragan asteburutik, dena dela, alerta maila igo dute Europako hainbat herrialdetan. Larunbatean, Erresuma Batuan, lurreratuta zegoen hegazkin batean lehergaiz betetako fardel bat atzemanzuten merkantzien artean. Astelehenean, berriz, hainbat herrialdek Grezian dituzten enbaxadetarako ziren gutun-bonbak atzeman zituzten. Asteartean, Suitzaren eta Errusiaren enbaxadetan bi eztanda izan ziren -ez zen biktimarik izan-,eta zenbait diplomazia egoitzetara zuzendutako hamar gutun-bonba ere aurkitu zituzten. Herenegun, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa helburu zuten bi lehergai aurkitu zituztela jakinarazi zuten.
Eta beste hainbeste atzo ere. Frantziak Grezian duen enbaxadan susmagarritzat jotako fardel bat leherrarazi zuen Poliziak; gutxira jakinarazi zuten paketeak lehergaiak zeramatzala. Psikosiak eraginda, Eskozian, berriz, Glasgowko aireportua hutsarazi zuten; alarma faltsua izan zen, hala ere.
Erasoak ez ditu inork bere gain hartu, baina haiekin zerikusia dutelakoan, bi lagun atxilotu ditu Greziako Poliziak. Tokiko hedabideek jakinarazi dutenez, atxilotutakoak 22 eta 24 urtekoak dira. Suzko Nukleoaren Konspirazioa taldeko kide izatea egozten diete; talde horri, berriz, azken egunetako bonba fardel denak bidaltzea. Muturreko ezkertiarrek osatzen omen dute talde hori, gazteek gehienbat, eta euren helburua Greziako agintari eta enpresen interesei kalte egitea omen da. Besteak beste, asteburuan egitekoak dituzten tokiko hauteskundeetan eragitea. Boz horietan, izan ere,Giorgos Papandreuren gobernuak bere irautea du jokoan.
Segurtasun protokoloa
Aireko segurtasuneko adituek egingo duten bileran ez da espero Europako araudia aldatzea. Haatik, datorren astelehenetik asteartera bitarteanegingo duten ministroen kontseiluan aurkezteko ekimen legegilea adostea baliteke. Gaur egun, Europatik aireratzen diren edo bertan lurreratzen diren merkantzietako hegazkin guztientzat segurtasun protokolo bat dago indarrean. Eta Michele Cercone Europako Batzordeko bozeramailearen ustez, «segurtasun kontrol zorrotzenak» bermatzen ditu protokolo horrek.
Segurtasun neurriek funtzionatu dutelakoen dago ere bai Alemaniako Gobernua; haatik, Bruselari aireko kontrola areagotzeko proposamena egingo diola jakinarazi du. «Hegazkinez garraiatzen diren merkantzien Europako puntu nagusia Alemania dela kontuan hartu behar dugu », adierazi du Steffen Seibert gobernu federaleko bozeramaileak. «Mundu osoan kontrol zorrotzagoak jarriz, atentatu terroristak saihestu nahi ditugu. Indarrak batzen baditugu soilik lortuko dugu terrorismoari modu eraginkorrean aurre egitea», adierazi du, bestalde, Merkelek.
AEBetan ere erne
Europan ez ezik, AEBetan ere erne daude, «eraso terroristarik» gertatuko den. Atzo, New Yorkeko nazioarteko aireportua hustu zuten, Yemendik iritsitako hegazkin batek fardel susmagarri bat zeramalako. Joan den astean Yemendik AEBetara inprimagailuetan ezkutatuta bidalitako hainbat lehergai atzemanzituzten. Hori dela eta, herrialde arabiar hartatik iristen diren paketeak ohi baino tentu handiagoarekin kontrolatzen dituzte.
Hori dela-eta eskatu diete fardelak bidaltzeaz arduratzen diren enpresei segurtasun neurri zorrotzagoak hartzeko. «Mandatu enpresekin lankidetza indartzeko konpromisoa dugu, garraiatzen dituzten zamak seguruagoak egiteko», adierazi du Janet Napolitanok, AEBetako Segurtasun Nazionaleko idazkariak.
Ehunka norvegiar «susmagarri» ikertu ditu AEBen enbaxadak legez kanpo
Ameriketako Estatu Batuentzat susmagarri ziren ehunka herritar ikertu dituzte Norvegian, legez kanpo. Azken hamarkadan aritu dira horretan, AEBek Norvegian duten enbaxadak aginduta. Haatik, Osloko agintariek ez dituzte jakinaren gainean jarri, eta, beraz, ez dute egiten ari zirenaren berri izan, TV2 telebista kateak azaldu duenez.Hogei bat laguneko taldea arduratu da norvegiar «susmagarrien» atzetik ibiltzeaz; talde horretako kide ziren, besteak beste, Norvegiako Poliziako eta Defentsa Ministerioko kide izandakoak. Herrialdeko Atzerri Ministerioak adierazi duenez, AEBen enbaxadako zuzendaritzarekin bildu dira, gertatutakoaz informazioa eskatzeko. Ikerketa taldeak enbaxadaren aurka eraso egiteko moduan ikusten zituenen zerrenda osatu zuen.