Ernest Maragall Kataluniako parlamentari eta PSCko kideak esan du atzo alderdiko 145 militantek zabaldutako adierazpena ez dela PSC barrura zuzendutakoa, sinatzaile batzuek esan duten bezala, "baizik eta espazio politiko berriaz" hitz egiten duela, Kataluniako "ezker nazionala sortzeko". "Dokumentuan ez da behin ere aipatzen PSC".
Adierazpenak hartzaile asko izan ditzakeela uste du Maragallek, eta denen artean "gehiengoa eta indartsua den ezkerra" sor dezaketela.
Sinatzaileek "Espainiako Estatuaren edo estatu iberiarraren barruan Katalunia estatu" izatea aldarrikatu dute.
Lehengo astean PSC abstenitu egin zen Kataluniako Legebiltzarrean autoderminazioaren aldeko ebazpenean, salbuespen batekin: Maragallek alde bozkatu zuen, CiUko, ERCko eta ICVko diputatuek bezala. Diadako manifestazio historikoan ere parte hartu zuen, eta azken hilabeteetan 'Plaça 21' izeneko proiektu politiko berria lantzen ari da. "Kataluniako gizartea aurrera joan den bezala joan naiz neu eboluzionatzen", adierazi du gaur.
"Ez nuke arazorik erreferendumean baiezkoa bozkatzeko", zioen duela hiru aste BERRIAn.